Autokarabanistak

Autokarabanistak –

Turismo ereduei buruzko eztabaida piztu da uda honetan eta, abagunea baliatuz, autokarabanen turismo ereduari buruzko gogoeta bat plazaratu nahiko nuke. Ondo ezagutzen dudan turismo eredua da. Ondo ezagutzen dudan jardun ekonomikoa.

Autokarabanistak

Bi gertakizunek piztu didate hausnarketa hau argitaratzeko gogoa: batetik, Orioko autokarabanen parkina lekuz aldatzeko egin den eskariak; bestetik, Lekeitioko autokarabanen parkinean nagoela, udaltzainak isun bidez autokabaranak uxatzen ikusteak.

Europan, autokarabanen turismoa ondo ikusita, ondo araututa  eta ondo antolatuta dago, dirua uzten duen jarduna baita. Euskal Herrian gaizki ikusita, arautu gabe, eta antolatu gabe daukagu. Eta zergatik? Espainiaren eraginez, behar bada?

Espainian ez dituzte autokarabanak maite. “Ijitoak eta autokarabanak hobe herrietatik kanpo” esaten dute batzuek. Jendeak -eta agintariek- pentsatzen dute dirurik ez dakarren turismoa dela, edo are okerragoa, turismoa ere ez dela, bazterrak zikintzen dituen jendaila baino ez. Espainian bereziki errotuta dagoen uste oker bat da. Beste uste oker asko bezala, aurreritzietan oinarriturikoa.

Aurreritzi horiek esperientzia askotatik sortu dira: esate baterako, Europako Iparreko gazteek badute ohitura bat bizitzan behin, berebiziko abentura bat egiteko. Holandan, Alemanian eta Ingalaterran, adibidez, ikasketak amaitutakoan ibilgailu zahar eta merke bat erosi, erdi-konpondu eta bidaia luze bat egiteko ohitura izaten dute batzuek. Horietako asko iberiar penintsulako kostaldera etorri izan dira. Eta diru gutxirekin eta baliabide gutxiagorekin bizi izan dira hondartza idiliko (eta prestatu gabe) horietan, komunik eta dutxarik gabe. Jokabide horrek eztabaidak eragiten ditu eta gehien hedatu den tokietan, Almerian, esate baterako, kontrako jarrerak ere bai. Hortik ondorioztatu dute, batzuek, autokarabanen turismo ereduak ez duela dirurik uzten, kaltea besterik ez dakarrela.

AutokarabanistakAurreritzi hori sendotzeko interesak ere badaude: eskumako politiko batzuek uste dute jardun ekonomiko bat garatzeko, enpresari bat behar dela tartean, ahal bada beraien laguna. Bestela ez da negozio bat. Ez da errentagarria. Horixe pentsatzea komeni zaie politiko eta enpresari batzuei. Beraiek daukate dirua, beraiek inbertitzen dute enpresetan eta beraiek jasotzen dituzte etekin guztiak, izerdi askorik atera gabe. Euren lagun-politikoen baimena jaso, hotela egin, miseria bat ordainduta langileak kontratatu eta gora turismoa!

Kontua da autokarabanazaleak ez direla gazte abentureroak (bakarrik) izaten. Hasteko, autokaranaba batek 50.000 euro inguru balio ditu, beraz, ez da edozein gaztek eros dezakeen gauza bat. Gure familia asko ibiltzen da autokarabanan eta herrialde eta giro asko ikusi dugu. Eta ikusi dugunaren arabera, bi perfil nagusitzen dira autokarabanetan: familiak eta jubilatuak. Eta jende mota horrek autokarabanan bertan izaten du komuna, dutxa, sukaldea eta enparauak. Beraz, ez dauka bazterrak zikintzen ibili beharrik.

Aldi berean, gauza horiek guztiak aldean dituelako, autokarabanazaleak ez ditu kanpin bateko zerbitzu guztiak behar eta, logikoa denez, ez du ordaindu nahi izaten erabiliko ez dituen zerbitzuengatik. Autokarabanazaleak hiru gauza behar ditu, batik bat: espazio garbi eta txukun bat, argindarra eta ur zikinak husteko gune bat. Eta horren truke zer? Zer ematen du autokarabanazaleak?

Autokarabanazaleok dirua uzten dugu ibiltzen garen tokietan. Parkin egokituetan egoteko ordaintzen dugu, merkatura joaten gara, dendetara, tabernetara, farmazietara, jatetxeetara, igerilekuetara, museora, ikuskizunetara, jaietara eta beste toki eta ekintza askotara ere bai.

Baina agintari batzuek ez dute horrela denik sinesten eta horren adibide garbia da Zarautz: non jarriko dugu autokarabanen gunea? autopista ondoan, pabilloi industrialean bada hobeto eta belartzaren ordez, sasitza bat jartzen badiegu, lehenago joango dira herritik. Zumaia ez da atzerago geratzen: kamioi erraldoien aparkalekuaren eta pabiloi industrialaren artean baitago gunea. Orion, zubipean eraiki nahi dute. Zergatik ez zabortegiaren ondoan? Uxa ditzagun behingoz autokarabanazale horiek!

Zuetako zeinek esango lioke alabari, edo semeari, irribarrea ahoan, “aurten Zarauzko pabiloi industrialera joango gara oporretan! Gasoil usaina dago eta motor burrunbada… baina masustak batu ahal izango ditugu hango sasietan!”. Imajinatu ume horren aurpegia.

Zergatik ez ditugu hego aldetik kutsatu dizkiguten aurreritzi horiek alde batera uzten? Zergatik ez gara Europara begira jartzen? Zergatik ez ditugu zenbaki batzuk egiten, autokarabanen turismoak gurera ekar dezakeen dirua aztertuz? Zergatik ez dugu turistentzat eta herritarrentzat erakargarria den eredu bat pentsatzen?

Lekeitioko autokarabanen gunean 25 bat autokarabana sartzen dira. Guk bi astegun egin genituen bertan, uztailean. Egunero, beste horrenbeste autokarabana  iristen ziren, geratu nahian, eta leku faltagatik beste nonbaitera aldegiten zuten. Egunero! Demagun, Lekeitioko udalak gai honi negozio moduan heldu nahi diola eta 50 leku jartzen dituela. Demagun bakoitzagatik 10 euro kobratzen dituela (horixe da, bataz beste, Frantzia eta Alemaniako guneetan kobratzen dutena). Demagun udako 4 hilabeteetan bete egiten dela. Erraz. Beraz: 122 egun bider 50 autokarabana bider 10 euro = 61.000 euro zuzenean, gunean bertan, herrira jaitsi aurretik. Diru horrekin lanpostu bat sor daiteke (urte osorako) edo bi, txandaka, sasoirako… edo nahi dena.

AutokarabanistakEtxeak eta espekulazioa eraiki beharrean, horra, jendea erakartzeko modu bat. Zenbat eta gusturago, orduan eta egun gehiago egingo luke jendeak.

Eta Zarautzen gauza bera eginez gero? Surfak duen erakarmenarekin autokarabana gehiago etorriko litzateke. Batzuk izango dira “estilo libreko gazte horiek”, bai, baina beste batzuk familiak izango dira, umeek ere egiten baitute surfa. Hor beste lanpostu bat. Edo bi. Zumaian, beste bat. Donostian,  beste bat? Mundakan? Bakion? Hondarribian…

Ba al dago Euskal Herrian, etorkizunari begira, turismo eredu duin bat garatu nahi duen inor? Lanpostu duinetan pentsatzen ari den inor? Hala bada, hementxe dauka gogoetarako proposamen bat. Baina dena delakoak, mesedez, euskal-europearren erara pentsa dezala, aurreritziak alde batera utzita.

Gai honek adar gehiago dauka, jakina, denak eztaibadagarriak. Batzuek esaten digute autokarabanok kutsatu egiten dugula. Eta guk galdetzen diegu eta autoan aireportura joan, hegazkinez ibili, taxia hartu eta kostaldean jarritako zemento pilo horietara joanda gutxiago kutsatzen dugun. Eztabaida interesgarri asko dago turismo ereduen inguruan. Egin dezagun gogoeta!

Bukatzeko, norbaitek pentsatzen badu, gogoeta hau interesagatik egin dudala, ba, bai, baietz esango diot. Euskal Herrian ere egin nahi baitut turismoa. Baina orain bezala, oztopatzen badidate, lasai, Frantziako hondartza eta mendietara joaten jarraituko dugu. Han ondo hartzen gaituzte.

Edonola ere ondo ibili!

Autokarabanistak  Autokarabanistak  Autokarabanistak  Autokarabanistak  Autokarabanistak  Autokarabanistak
Autokarabanistak Autokarabanistak Autokarabanistak Autokarabanistak Autokarabanistak Autokarabanistak

10 pentsamendu “Autokarabanistak”-ri buruz

  • euskaldun bat 2017-09-09 22:23

    Ez dut uste autokarabanaren eredua jasangarria denik. Hegazkina ere ez da noski jasangarria baina autokarabana are gutxiago. Jasangarritasun gutxien duena dela esatea ere ausartzen naiz. Baina beno, ageriko arrazoiengatik aurokarabanen merkatua ez da itxuragabe haziko, beti hor egon den eta mantentzen den zerbait bezala ikusten dut.

    • Zergatik diozu ez dela jasangarria? Egia da askotan kilometroak ibiltzean datzala autokarabanako turismoa, eta autoek baino erregai gehiago behar dutela. Baina era berean, baditu naturarekiko jasangarriago egiten duten hainbat ezaugarri:
      – Hotel, apartamentu… moduko eraikinik ez du behar. Ikusi besterik ez daude kostaldeko edo eski estazioetako eraikin erraldoiak, urteko zati handietan hutsik egoten direnak gainera. Autokarabanak aparkatzeko eremu txiki bat besterik ez du behar.
      – Argindar eta ur kontsumo arduratsua eskatzen du, askotan ez baikara argindarrera konektatuta egoten. Gainera argindarra askotan eguzki panelen bidez eskuratzen dugu.
      – …
      Beraz, nik ez nuke esango beste turismo motak baino askoz ere jasangarriagoa denik, baina gutxiago ere ez.

      • euskaldun bat 2017-09-12 22:49

        “Garraio pribatua / garraio publikoa” soilik aintzat hartuta garbi dago zein ateratzen den galtzen jasangarritasunaren ikuspegitik. Horrez gain, autokarabana bezalako ibilgailu bat turismorako erabiltzen da soilik eta gainerako egunetarako beste ibilgailu bat behar duzu. Baliabide asko dira! Pentsa ezazu turismo guztia autokarabanetan oinarritutakoa izango balitz! Nik uste dut garbi dagoela, ez? Honek ez du esan nahi autokarabanen aurka nagoenik. Zenbat gauza ez dira jasangarriak mundu honetan! Ia guztia!

  • Jasangarria al da turismoa mundu superpolulatu honetan? Ba al dugu gure herrian kontu hau aintzat hartu duen alderdi bat?
    Geure bizi maila, gure turismo gosea, geure kontsumo neurririk gabea bateragarria al da zortzi miloi laguunen eskubideekin?
    EZ Gorka Jauna. Hortik dator mundu honen kinka larria.
    Beste modu batean bizi beharko dugu, eta zenbat eta lehenago aldatzen hasi, hobe.

  • Harrigarria izaten dira benetan hainbat erakundek hartzen dituzten erabakiak gai honen aurrean. Hondarribiako adibidea jarriko dut. Hondarribiak badu hondartzaren ondoan aparkaleku erraldoi bat, uda garaian beteta egoten dena, baina garai horretatik kanpo ia hutsik. Bada aparkaleku hori ehundaka autokarabanak erabiltzen dugu urtean zehar, leku mundiala baita bizpahiru egun bertan igarotzeko, eta inongo arazorik sortu gabe autoz etorri nahi duenarentzat, guztiontzako lekua egoten da eta. Jakina, autokarabanan joandakook Hondarribiako komertzioak erabiltzen ditugu: tabernak, jatetxeak, arropa dendak, janari dendak… Beraz, mesede haientzat, mesede guretzat. Bada, abuztu amaieran Udalak autokarabanek herri guztian aparkatzea debekatu du. Nori egiten dio mesede erabaki horrek?

  • jlarruskain 2017-09-10 16:27

    Interesgarria oso botatakoa. tursimoa, jasangarritasuna…ereduak. Batzuentzako ere, hobbia, pasioa, ihes-aldia. Eta Gorkak dioen bezela, barrerak, isunak, kontrola…

    Autokarabanetaz gain kanper edo furgoak ere sartuko nituzke, familia eta jubitauez gain, gazte askoek, eta nire ustez Euskal Herria bereziki, milaka erabiltzaile dituztenak. Ikusi besterik ez dago vw foroan bezalako Interneteko gune garrantzitsuetan euskaldunon parte hartzea. Iparraldeko ereduaz gain hegoaldekoa, Portugalekoa kasu gaineratuko nuke, hau da total free eredua. Eta guk beti bezala tartean, españistan eta bere sukursaleko eredu “adimentsuaren” eskutik, itsasaldian galduta! Kalitatezko zerbitzuak eskeini, arau malguago eta erakargarriagoak, hoiek bultzatu beharra daude. Kanpistok besteen eskubide berberak dauzkagu, guztiok ez dugulako 4 pareta artean edo resort turistikoetan pasa nahi gure aisialdiak. Kanpismoa askea ia!

  • Urteak daramatzat autokarabana edo furgonetan bidaiatuz eta erabat ados nago Gorkarekin.
    Ez dut ulertzen “euskaldun bat”ek autokarabanen eredua ez dela jasangarria esaten duenean. Fundamentuzko arrazoiren bat erantsi beharko zenioke horrelako baieztapen bati, ezta?
    “A” jaunaren teoriak berriz mundu honetako arazo guztien sortzailetzat turismoa du.
    Teoria harrigarria!

    • Munduko superpulazioa arazo bat da, dudarik gabe (. Euskal Herrikoa besterik da, jaitzen tasa izugarri apala)
      Beste arazo bat kontsumismoa da, zeinetan turismoa baita kontsumismoaren gailurra
      Beste bat kontaminazio unibertsala.
      Best bat…nahi duzu segitzea, Haritz?
      Jakina, komeni ez zaiguna ez entzuteko modu bat da besteren arrazoiak irringarri utzi nahi izatea
      Izan ongi

  • “A” jauna:
    Gorkaren gogoeta autokarabanen turismo ereduari buruz da. Eta horrek, nere ustez, ez du munduko superpopulazioarekin zerikusirik.
    Era berean, kolektibo guztietan bezala autokaranazaleon artean ere denetik egongo den arren, esan dezaket orohar ez garela turismo eredurik kontsumistena, beraz hori guri leporatzea ez zait justua iruditzen.
    Eta kutsadurarena munduan dugun arazo potolo bat da, hor ere ez dut uste autokarabanazaleok beste edozein motatako ibilgailuak darabiltzatenen baino ardura handiagoa dugunik.
    Bukatzeko, autokarabanazaleok eremu edo aparkaleku duin batzuk eskatzen ditugu. Ez gaitzatela industriagune zikinetara bidali… Gorkak oso ondo azaltzen eta arrazoitzen duen bezala.
    Nire asmoa ez da izan zure arrazoiak irringarri (?) uztea. Baina Gorkaren gogoetaren gaitik erabat atera zara. Autokarabanazaleon eskaera edo aldarriak ezeztatzako moduak
    “EZ Gorka Jauna. Hortik dator mundu honen kinka larria” eta erabili dituzun arrazoiak (autokarabanazaleoi mundu honetako hiru arazo potoloen arduradun eginez) ez dira egokiak izan.
    Ondo ibili.

  • Gorka Barruetabeña 2017-09-11 19:26

    Turismo eredu ezberdinei buruzko gogoeta plazaratzeko ahalegina egin dut eskutitza idazterakoan. Autokarabanentzako aparkaleku bereziak jartzeko ahalmena duten agintariak interpelatu nahi izan ditut. Hurrengo urteetako erabakiak hartzerakoan gai hau, autokarabanena, beste begi batzuekin ikusi dezaten nahi dudalako. Iruzkin politak egin dituzue gehienok. Eskerrik asko benetan.
    Turismoa jasangarria den edo ez?…. puff… eztabaida interesgarria da. Hartu eskutitz bat idazteko lana eta aztertuko dugu. Bitartean, autokarabanentzako parkinak ganoraz jarrita turismo gertuko eta jasangarrienetarikoari ateak zabalduko dizkiogu lanpostuak sortuaz bide batez?
    autokarabanakin edo bizikletan, zoriontsuak izan beti eh! Animo!