Autogobernuaren lantaldea, biluzik
Autogobernuaren lantaldea, biluzik –
Zertarako ikasi behar dugu latina? Eta historia? Eta filosofia? “Hori da un rollo ez duela ezertarako balio”. Umeek eta nerabeek egiten dituzten ohiko galdera eta baieztapenak. Ume haiek, ordea, adinean aurrera egin dute, eta zenbait aginte postuetara iritsi dira. Eta dirudienez galdera horien atzean oinarri sendoak aurkitu dituzte ikasketak aldatzeko, eskola mailan zein unibertsitatean. Enpresen beharretara egokitzea da erronka, ikasketak amaitzean enplegua aurkitu ahal izateko.
Jakina, modu horretan, zientziek ospea eta arrakasta lortu duten bitartean letrak ordea baztertuak izan dira; zertarako denbora alperrik galdu grezierazko testuak aztertzen? Gero eta teknokratagoak gara. Ideologia, politika, ekonomia… ez dira garai batean bezala mundua eraldatzeko tresnak, ondo kudeatu beharreko gaiak baizik. Mundu erreala dena da, eta berau ahalik eta hobekien eta modu eraginkorrenean kudeatzea da kontua, auzi guztiak teknikoak eta zientifikoki neurtu beharrekoak bailiran. Horregatik gutxiesten gaituzte baloreetaz, etikaz, bidegabekeriekin amaitzeaz, mundu hobea eraikitzeaz… hitz egiten dugunean. Idealista hutsak, errealitatetik kanpokoak, ameslariak… omen gara. Mundu mugatu eta zikin honetan nork bere ardura hartu eta erabakietan “ez bustitzeko” aitzakiak omen, guk esaten ditugunak.
Bada, momentu batez, sinistuko dut hori hala dela, auzi guztiak teknikoak direla, eta zientifikoki neurtuko dut Autogobernuaren lantaldeak ia 4 urte hauetan egin duen lana. Hau da, bere garaian fiskikan ikasi nuena behingoz erabili egingo dut, eta hala demostratuko dut ez nuela hura alperrik ikasi.
Lanaren formula honokoa da:
W = F x d
(Lana=Indarra x desplazamendua)
Ez dut ukatuko lantaldean ibili den jendeak indarra erabili duela; Eusko Jaurlaritzak eta Legebiltzarrak indar handia jarri dutela lantalde hau emankorra izan dadin. Baina distantzia neurtzean dator arazoa: 2014tik hona mugitu garen diztantzia, optimista jarrita, zero da. Are, Espainiako gobernuak, PSOEren laguntzaz, 155. artikulua aplikatu duen honetan, autogobernu lantaldea larru gorritan gelditu da, guztiz biluzik. Zertan gabiltza txori eta loreez eztabaidan, autonomien Estatua bera desagertu denean?
Ikuspegi teknokratiko batetik, beraz, Autogobernuaren lantaldearen eraginkortasuna hutsaren hurrengoa da.
Baina, aizue, zer gertatzen da lan hori politikoki neurtzen badugu? Hau da, autogobernuan aurreratu duguna neurtu ordez, EAJk urte hauetan aurreratu duena neurtzen badugu? Ño! Orduan bai! Orduan formulak lantaldean lan handia egin dela frogatua gelditzen da.
Guztia teknikoa dela sinestarazten diguten bitartean, ez ote digute politikoki gol bat bestearen atzetik sartzen? Indar handia jarri, bai, baina lana, norentzat?