Ertzainek Mossoei elkartasuna

Ertzainek Mossoei elkartasuna –

(Ertzain talde baten izenean)

.

Azkenaldi honetan, gizarteko hainbat sektore, politikari eta komunikabideen aldetik Esquadra Mossoenganako izandako jarrera eta mespretxuaren aurrean, erakunde hau osatzen dutenenganako gure solidaritate, babes eta errekonozimendurik zintzoenak adierazi nahi ditugu.

Poliziak, segurtasun agente gisa, inpartzialtasunez segurtasuna bermatzea du helburu, beti ere legalitatearen barnean, berdintasun eta diskriminaziorik ezaren printzipioak urratu barik, indarraren praktika neurriz kanpokoa ekidituz; are gehiago, indarkeriaren erabileran, nahiz eta funtzioak eginarazteko erabilia izan, derrigorrez, kasuan kasuko egoeretan proportzionaltasun osoz jokatu behar da. Herritarrak, edozein herritarrek, traturik hoberena merezi duelako, baita ere, zerbitzu, segurtasun, ongizate, errespetu eta bakerik errealena.

Azken asteetako Esquadra Mosso guztien jokabidea, batez ere urriaren 1ekoa, konplexua eta zaila izateaz gain, txalotzekoa izan da. Gizartearen esker ona jaso dute, formarik galdu barik eraginkortasunez eta legediarekiko errespetuz, profesionaltasunez jokatu izanagatik.

Ertzainek Mossoei elkartasunaBakearen, gizarte segurtasunaren eta Kataluniaren askatasunaren babes irmoa, esku onenetan dago. Euskaditik, idatzi hau sinatzen dugun ertzainok, ez zaudetela bakarrik jakinarazi nahi dizuegu. Poliziak, horrela jokatzen duen bakoitzean, errespetu eta errekonozimendurik handienak merezi dituelako.

Gure solidaritate, errekonozimendu eta esker ona, bereziki, Josep LLuis Trapero Esquadra Mossoen buruarentzat. Izan ere, egoera latzetan jarrera ezin hobea mantendu izan du, autoritatearekiko subordinazio eta jerarkia printzipioak betez. Kataluniako eta Espainiako sektore jakin batzuen aldetik, zuzengabetasunez tratatu arren, bertotik gure hurbiltasun eta babesik handiena, bokaziozko ertzain konprometituen partez.

Seguiu així!!! Catalunya ho agrairá i la libertad dels catalans us ho reconoixer.

.

Sinatzaileak:
Ander Etxabe, Jose Ramón Lekue, Roberto Ugidos, Xabier Mendizabal, Jon Peli Ugalde, Jorge Saratxaga, Iñaki Goikoetxea, Iñaki Eizagirre, Mikel Jon Vallejo, Ibon Uriarte, Unai Garabieta, Juan Cruz Azpiazu, Jose Adrian Duque, Gotzon Okamika, Jon C., Enrique Martinez, Ibon Muruaga, Daniel Madariaga, Pedro G., Juan Garai, María C., Igor Arnan, Valentín Bengoetxea, Agustin Arrieta, Teodoro Zuloaga, Andoni Altube, Agustín García, Joseba Alcaraz, Jon Ander Ugalde, Eñaut De Frutos, Julen Aguirrebeitia, Andoni Etxegoien, Goio Pascual, Igor Fernández “Mendi”, Koldobika Jauregi, Ricardo Fernández, Iris Patxo, Gorka Agirregomezkorta, Afredo Rozas, Kepa Posadas, Mikel Otxoa, eta askoz gehiago…
Ertzainek Mossoei elkartasuna
elkartasuna, ertzainak, Katalunia, Mossoak, polizia

10 pentsamendu “Ertzainek Mossoei elkartasuna”-ri buruz

  • Oso ondo! Eskerrak Katalunian gertatzen ari denari buruz Ertzaintzatik entzun dugun bakarra ez den CCOO-ko komunikatu lotsagarria izan

  • Zuhaitz Ordoki
    Zuhaitz Ordoki 2017-10-23 12:05

    Ongi dago horrelako mezuak entzutea, Ander, eskertzen da.

    “Azken asteetako Esquadra Mosso guztien jokabidea, batez ere urriaren 1ekoa, konplexua eta zaila izateaz gain, txalotzekoa izan da. Gizartearen esker ona jaso dute, formarik galdu barik eraginkortasunez eta legediarekiko errespetuz, profesionaltasunez jokatu izanagatik.”

    Justua da katalanei, eta kasu zehatz honetan, mossoei, elkartasuna helaraztea, homologoen artekoa. Baina zer gertatzen da aberkideekin? “Euskadi” eta “Euzkadi” osatzen dugun gainantzeko herrialdeetako lagunekin? Mezu horretan adierazten dituzuen zenbait gauza konpartitzen ditut; esaten duzuena zeuon golkoari ezartzea besterik ez zaizue geratzen, burua lehengo lepotik dabilkizue eta.

    Hurrengo galderak ez ditut ispilura begira botatzen, Ander. Zintzoki zuzentzen dizkizut, eta bueltan erantzun zintzo bat jaso nahi nuke.

    Adieraziko diozue elkartasuna Cabacasen familiari? Ez hori bakarrik, badakizue nork hil zuen? Iñigo hil zutenean, altxa al zenuten sinatzaileok zeuon boza? Horrelakoak egin eta debalde irtetzen zaizuela ikusita, ezin da sobera konfidantza jarri zuengan; bereziki, zuen agintariengan.

    Pako Etxeberria forentse entzutetsuaren arabera, Ertzaintzak ehundaka lagun torturatu ditu. Agian horri buruz ere badakizue zerbait… Zuek diozuen bezala, “edozein herritarrek, traturik hoberena merezi duelako”. Hori hemen indarrean jartzea ere ondo legoke, indarra bakarrik eskaini ordez.

    Ez dakit, Ander, zein den zure zeregina Ertzaintzan, ezta zurekin idatzia sinatu dutenena ere. Baina herri harresietan izan duzuen jarrera ez da ahazten erraza. Hainbeste miresten dituzuen mossoek ere hautestontziak eramateko agindua zeukaten, baina egin zutena egin zuten; zuei gazteak atxilotzeko agindua eman zizueten, gazte antolakunde batean militatzen zuten gazteak, torturatuak gehienak. Ez zenuten zertan joan, mossoen jarrera berdina hartu eta polizia espainiarrari utzi ahal zenioten lan zikina. Baina joaten zineten, eta nola gainera. Orduan Kataluniakoak bezalako irudiak ikusten genituen; non zeudeten sinatzaileak? Beste alde batera begira? Jendea jipoitzen?

    Egunen batean erreferendum bat badago, baskongadoa banintz kasko batekin joango nintzateke bozkatzera, badaezpada.

    Etorkizunean irekiko zaizkigun erronken aurrean, beste polizia mota bat beharko dugu, bai Nafarroan eta bai EAEn (ipar-ekialdean gero gerokoak). Agian zeuok zarete beste polizia mota hori, ez dakit. Baina katalanekin baino, hasi gauzak etxekoekin konpontzen.

    Eta gero gerokoak

  • Oso polita dena, Mossoek Espainiako aginduak bete zituzten, epaileak zion proportzionaltasuna erabil behar zela ta ez isteko hauteslekuak ixtea liskar egoera txarragoa sortuko balu. Ta nahiz ta izan epaileak zioena bete zuten bakarrak, hori ta gero legedia aplikatzen jarraitu dute desjabetzekin adibidez, ta ez modu baketsu batean.
    GCak itxitako hauteslekuen bikoitza itxi zituzten mossoek.

    Ertzaintzaren solidaritatea hortik joango da, lege Espainiarra bete zuten ta oldartu zaizkie, beraz solidaritate hori da nagusiak errieta egin dielako agindu zietena egin zutelako.

  • Sinatzaile bat 2017-10-24 07:08

    Herri honetan denok egin behar dugu autokritika. Era horretan, ezker abertzaleko kideak Ertzaintzaren aurka mantendu dituzten jarrerak barneko ertzain abertzaleei ez zaie batere lagundu.
    Behin ta berriz egon gara batzuk atrapata, alde batetik geure abertzale sentimenduaren preso, beste aldetik gure lanaren preso …. zuentzako argi ta garbi egon dire gauzak, oso erraza da abertzale izatea herriko tabernan edota batzokian, bereziki azken hauetan Alderdi edota Aberri egunetan, baina egunerokoak desberdinak dire. Ezker Abertzaleak iñoz bez ez du bota zorionik Ertzaintzari. Zergatik??? NIk argi daukat erantzuna. Euskal gazteriaren parte bati borrokara bidaltzea ta horrelako mezuak guztiz kontrakoak dire, baina hor dago gure eguneroko lana, trafikoan, lapurketak ebitatzen, jendeari laguntzen erreskatetan…baina horirlakoak belizismoa mantentzeko ez du balio. Nola bidaliko zaitut borrokara beste aldetik dana ain txarto ez dagoela esaten badut?
    Argi daukat gure lana perfektoa ez dela, agían %99 txarra izango da, baina hor faltatzen den %1a non geratzen da????
    Erreskatetan, bortzatzaile aurrean, lapurren atxiloketan…. Ezker Abertzaleko jendeari defendatzen Miguel Angel Blanco erailketan… zergatik ez du inork esaten horretaz, han egon ginen be.
    Ertzaintza Abertzale bat nahi dozue, nik zuek baino gehio, baina horretarako denon bultzakada behar da. Hor dekozue guk sinatutako manifestoa, agian expediente bat zabalduko digute, baina gure konpromisoa, beti lez, utzi dogu idatzita ta izen abizenekin.
    Nun dago ezker abertzalea honetan???? Non daude ezker abertzaleko ordezkariak asunto honetan…. gu buzti gara, gutako gehienak seme alabak ditugu, ta benetan, ez dakizue zer jasan behar dugun barneko gitxi batzuengatik. Barruan dauden sektore ez españolak, fascistak esango nuke, gero ta indar haundiagotu bat irakazten dute, ta zergatik gertatzen da hori???? Nik argi dekot, gugatik da, abertaleengatik, ezker abertzaleagatik eta jeltzaleengatik da, Batzuen irainak eta meatzuak ikurriña eskuan, abertzaletasuna beratzat hartuz…. oso ulertezina bihurtu da jarrera hori Ertzaintza barruan, jende batzuk ikusten baizuten haien aurka joaten zirenak ikurriñarekin joaten zirela, euskararekin, abertzale edota independetzia idearekin buruan.
    Beste aldetik EAJk mantendutako jarrera Ertzaintzan tamalgarria izan da. Ezker Abertzaleari ostikada bat emotea izan nahi duenean guri erabiliz, ta beste aldetik lehen zeunden filtroak bertan bera utziz… Barne Salilako esparrua “arabako jeltzaleentzako” txoko erreserbatu bat izan da EAJ barruan, berdin da konpetente ala inkonpetentea izatea, haientzako da txokoa, hor dekogu Estefamía Beltran de Heredia, lehen euki genun Txabi Balzari.
    Guztion betea da hau, ez bakarrik gitxi batzuena. Batzuk gure izena jarri dogu, hor hasi dire irainak, presioak, eta ez dakigu nola bukatuko den asuntoa, guardia civila nota hartu duela argi ta garbi daukagu be, baina geure konpromisua argi ta garbi utzi dogu, izen eta abizenekin.
    Atzo hemendik dagoen pertsona bati komentau nuen bezala dana laburtzen da esaldi xume batekin:
    ERTZAIN TXARRA ABERTZALE IZATEAGATIK TA ABERTZALE TXARRA ERTZAINA IZATEAGATIK.
    Guztiok egin behar dogu erreflexio bat!
    Ezkerrik asko harretagaitik !

    • Pozarren irakurri det zure iruzkina, ertzaintzan sektore abertzale bat dagoela egiaztatzeagatik edo. Nire iritziz akats estrategiko larria izan da indar abertzaleen partetik ertzaintza abandonatzea edo, are gehiago, etsaitzat hartzea. Gatazkaren erdigunean zailagoa zen hortaz jabetzea, baina egun oso argi ikus daiteke. Indar abertzaleek euren militantziako gazteak bideratu izan balituzte ertzaintzara azken 30 urte hauetan agian orain erakunde abertzale bat litzateke ertzaintza hein handi batean eta kominitate euskaldunaren parte litzateke erakunde euskaldun bezala. Ezker abertzalearen erretorikak aldiz kontra egiten die sistematikoki indar polizialei konfrontazioa mantentze aldera, eta buru jeltzaleak aldiz aspalditik abandonatu dute Euskal Herria subjektu politiko moduan. Zure esperientziatik, uste duzu badela modurik ertzaintza abertzaleago eta euskaldunago egiteko? Zilegia iruditzen zaizu jende euskaldun eta aberzalea bideratzea erakunde politikoetatik ertzaintzara? Zein lirateke horren oztopoak baldin eta borondaterik balego? Zein uste dezu dela biderik egokiena?

  • Siinatzaile bat 2017-10-24 23:26

    Oier, zure analisia guztiz zuzena da.
    Egia esateko daramagun inertzia nire ustez ez da batere egokia. Euskalduntzeko, neure aldetik behitzat, iniziatibak aurkeztu ditut neure neurrian. NIre ustez, adibidez, ondo legoke hasikeratik EGA eukitzea sartzeko. Neure buruan ez da sartzen gizarte serbitzuko kide bat gizarte horretako hizkuntza ez jakitea. Honekin lortuko genuke behitzat euskara gorrototzen ez duten ertzainak, era berean gizarte euskaldunen eskubideak babestea.
    Abertzale edota ez abertzale izatea ba…. hori zailagoa da, baina horrela behitzat “ultren” sarrera filtrauko zan. Denetariko dauz barruan, gizartean bezala, baina Ranboak gero ta erosoago sentitzen dire barruan guztion errugatik.
    Nire ustez, ezker abertzaleak lan asko deuko horretik, bere jendea bideratzean alde batetikk ta bestetik normaltasuna finkatzen.
    Normaltasunez ikusi behar dogu ertzain bat ezker abertzalekoa izatea, ta nahiz eta ez sinistu badauz. Azkenengo txandan sartu dire gehiago, Euskal Herritarron zerrendan joan zen eta zinegotzi izan zan bat, edota 2015an BIlduren zerrendan joan zan beste bat.
    Hasikeran guretzako flash bat izan zen, baina pixkanaka, behintzat batzuen aldetik pausoak emon ditugu hori errazteko, ta orain gutako bat dire. Hor dekozue bebai Dani Maeztu Arkauten irakasle bezala, edota Erne sindikatuak antolatutako kurtsoak emoten (hau pitin bat gehiago kostaten zait onartzea, ez zaitut gezurra esango):
    Gutako artean denetariko dauz. Lehen sartzen giñenok hemengoal ginen guztiak, baina “ley Bossmanekin” gertatu zen berbera gertatu da hemen, kanpotik etorri dire be, gitxi bai, baina badauz be.
    Hemengoak gara Oier, batzuk familian ezker abertzalekoak ditugu, baita presoak…. nik euki nuen nagusi baten anaia preso oso famatua zan, neure familian dadekot be.
    Beraz, zilegi ez DERRIGORREZKOA dela esango nuke helburu hori lortzeko.
    Hasikeran, bai, ostopoak egongo ziren, nola ez. Guda ixilean edota erdiguda zibilean egon gara eta GAUDE abertzaleok, beraz hasierak errazak ez ziren izango baina hor dauz esperimentuak be, Maezturi galdetzen badiozu pozik dagoela esango dizu. Beste aldetik hori ez egitea gure polizia amildegira bideratzea da, egia esateko oin ikusten dut ertzean, gero ta ultra gehiago sartzen dira, gazteak, kale borrokako “ekintzak” edo giroa bizi ez dituztenak eta beraien diskurtsoa entzutea beldurra emmoten dit.
    Gutun hori firmatu ditugun ertzainok, irainak ta despretzuak euki ditugu, baina bidea egiteko beharrezkoa zala argi ta garbi neukan, era berean neure adiskideok.
    Nire ustez, bide egokiena izango zen, ezker abertzaletik pedagogia apur bet egitea, guztiz ezinezkoa da 35 urtetan guk dan dana txarto egitea, EZINEZKOA !, ta horretan dago Julen Arzuagak egunerokoak Gasteizen zepoak jartzen, hori ez da zilegi, fabore gitxi egiten ditu alde batetik Ertzaintzari ta beste aldetik Ezker Abertzaleari, baina suposatzen dot, era berean berak mantendu behar duela diskurtso hori ERNAIko jendea pitin bat baretzeko.
    Txarto dagoena salatu behar da, baina era berean txalotu behar da ondo egiten dana, guztiok eskertuko genuke.
    Ez dakit erantzun baliogarria den ala ez, baina plazer bat da niretzako hemen idaztea, urteak daramatzat irakurtzen hemendik ta gitxitan idatzi dut.

    • Milesker erantzunagatik! Ni ere saltsan izandakoa naiz, urtetan ertzaintzarekin etsaiturik eta goiko iruzkinetan aipatzen diren gertakizun ugariren lekuko. Egia da bortizkeria eta neurrigabekeri asko izan direla ertzaintzaren partetik, hildakoak barne, operazio eta manifestalditan, baina egia da ere ertzaintza muturreko biolentziaren objektu izan dela, adibidez, tiroz hil dituztelarik edo sutan erre dituztelarik patruilen aurkako kale-erasoetan. Eta hori oso gauza gogorrak dira, eta gainera isilean sufritu dituzte, zinegotzi eta halakoak baitira biktimen panteoiaren jabe. Baina Oreretan 95ean kixkali zituzten ertzainetaz inor ez da gogoratzen. Halakoetaz hausnartzean, batek ikusten du euskaldunon arteko gatazka bat izan dela honako hau, estatuaren aurkakoaz gain, ideologiak direla eta ez direla, eta anaien arteko burruka munduan dagoen gauzarik tristeenetako bat da. Euskal Herriak etorkizunik izango badu, anaiarte baten gauzatzetik izan behar du, elkartasunaren bitartez biziz euskaldunak eta aberrikideak garen heinean. Eta, Euskal Estatua ezinezkoa zaigunez momentuz, gutxienez gure eskura dauden erakundeekin adiskidetu eta horiek euskalduntzen ahalegindu beharko ginateke, eta ertzaintza horien artean. Tamalez egungo alderdi abertzaleak ez daude horretarako bidean, eta horrek eskatzen du iniziatiba bat jendearen partetik, mugimendu eta ekimen berriak sortu eta egungo alderdiak bide positiboetara bideratuz. Ea gehiago idaztera animatzen zaren, zure ikuspegia baliagarria izan daiteke denontzat.

  • Zuhaitz Ordoki
    Zuhaitz Ordoki 2017-10-27 10:52

    Sinn Feinnek apustu bat egin zuen duela urte gutxi, zailtasun handiekin: RUC-n (Ulsterreko polizian) irlandarrak sartzen hastea. Ez naiz pertsona egokiena estrategia horren goitibeherak baloratzeko, baina diotenez, oraingoz ez dute fruiturik ikusi. Iruditzen zait EAEn antzeko egoera baten antipodetan zaudetela oraindik ere.

    Nafarroan foralekin Beaumontek ezin izan du lege berririk atera aitzina, polizia gotortutako sektorea da orohar, eta zentzu askotan, ukiezina.

    Ertzaintza betidanik izan Estatuaren txontxongiloa, lan zikina egitera dedikatu dena, eta gogorarazi dezagun ETA eta Ertzaintzaren arteko enfrentamenduak noiz hasi ziren: Ertzaintza ETAren aurka jotzen hasi zenean (zuzendu oker banabil). Ez zait iruditzen Euskal Herriaren askapena nahi zuen eta duen edonorentzako tokia Ertzaintza denik, ez dago ezertarako bermerik. Bortxatzaileak atxilotzearena ondo dago, baina zaharrak etxegabetzea agian hainbeste ez; batak ezin du bestea estali. Bidenabar, apur bat jarraitu dut Julen Arzuagak egindako lana, eta zu deseroso jarri arren, eskerrak baden jenderik Ertzaintzaren gehiegikeriak salatzen eta ikertzen. Quis custodiet ipsos custodes? Nork behatzen du behatzailea?

    Ez nago ados esan dituzun gauza batzuekin, baina Oierren berdina diot. Lehen aldia da ertzain batekin iritzi trukaketa bat egin dezakedala (zuzenekoetan isiltzeko agintzen diguzue, edo ostia bat eman), normal, hitz eginez, eta ez zait iruditzen kalterako denik.

    Hurrenartio

  • Sinatzaile bat 2017-10-29 07:40

    Iepa Zuhaitz !
    Hasteko esan behar dut pozten naizela debate hau sortzea,neure ustez gure Herrian betidanik falta dana hori izan da, debatea.
    Irlandako saiakuntzaz ezin dizut asko esan jarraitzen ez dut eta, baina beste aldetik esango dizut zein den neure ikuspuntua, hemengoa, Euskal Herrikoa.
    Zure hitzengandik ondoriazten da, zuzendu horrela ez bada, gaitzondo haundi bat. Ez zaitut ezagutzen ta agian guztiz justifikatuta egongo da zeure jarrera zure bizipenengaitik, baina era berean ez pentsa zu zarela bakarra, guztiok euki ditugu bizipenak, guztiok jasan ditugu Herri honetan.Hori ez ahaztu inoiz. Inork deko sufrimenduaren patrimonioa, inork.
    Zure idatzitan beste gauza bat argi ta garbi uzten duzu, ETA eta Ertzaintza neurri berean jartzen dozu, ta hor koska bat agertzen zaigu, nork eman dio ETAri Euskal Herriaren edota euskal gizartearen bermatzaile paper hori? Erantzuna argi ta garbi dago neure ustez, inork.
    Zuhaitz, neuri be gustatuko litzaidake gizarte bat polizi gabekoa, baina hori uste dut ezinezkoa dala, agian ondorio horretara iritzi naiz urteak pasata, gazteagoa nintzenean beste adore bat neukan… zer egingo dugu ba, urteak ez dira pasatzen debalde.
    Galdera bat: zure ustez beharrezkoa da polizi bat eukitzea? Ezetz esaten badidazu, uste dut debatea ezin dela jarraitu, alderantziz baietz esaten baduzu agian hasi genezake ze motatako polizia behar dogun Euskal Herrirako, kasu honetan EAErako.
    Gauzak onak ez dituzte txarrak estaltzen Zuhaitz, egia da, baina gauza txarrak edo gaitzekin geratzea beti gorrotorantz bideratzen gaitu, ta horrekin ez dut esaten INOLAZ ERE txarto dauden gauzak ez ikertzea ta momentua iriztean zigortzea, baina berriro etorten zait burure beste galdera bat: alderantziz be? Zer egin behar zuen Ertzaintzak ETAren aurrean? Beste lekure begira?
    Neure lagunei, badekot be ezker abertzaleko lagunak, beti gauza berbera esaten diet: gauzak ez dira ez zuriak ez beltzak, grisak dire, ta grisen barnean ez dakizu zenbat eta zenbat ñabardurak.
    Bukatzeko, ta horrela debatea argi ta garbi zabaltzeko, beste galdera bat; ikusiko dugu egunen batean ezker abertzaleari Ertzaintza zoriontzen?
    “Latinajoak” ikusita suposatzen dut zuzenbideko ikasketak edota ezagutzak dituzuela, beraz beste “latinajo” batekin bukatuko dut…. Quid pro quo !!!, hori da aurrera egiteko manera bakarra.
    Agur bero bat !

  • Proportzionaltasunez jokatu zutela baieztatzen dutenean, eskoletara joan eta han zeudenei ezer ikusi izan balute bezala egingo zutela esan zien uneari egiten ari diote erreferentzia ala?

    Eta halakoa bezala mila egoera berdin izan genituen gezurrezko erreferendumearen egunean. Proportzionaltasunez jokatu eta legea betetzea ez da bateraezina eta, zentzu horretan, gauzak behar ez ziren bezala egin zituztela iruditzen zait.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude