Auto gidarietatik hasita
Auto gidarietatik hasita
Errepidean gertatzen diren liskarrek kontu mikatzak iradokitzen dituzte kasurik gehienetan. Norbanakorik xaloena ere sarri maldizioka paratzea, esaterako. Izan ere, autoa gidatzen goazela barruko basapiztiari ateak zabaltzen dizkiogu aurrekoari edo ondoko bidean doanari epelak botatzen dizkiogun bitartean. Kalean baino pazientzia txikiagoarekin garatzen ditugu harremanak errepidean.
Halaber, liskar horien entresaka eginda, nola ez, betiko topikoen zerrendakoak lirateke errudunak: emakumeak, edadetuak eta “L” hizkia daramaten gidari hasiberriak; emakumea harrokeriz begiratzen dugu normalean baino denbora gehiago daramalako aparkatzen; gizon edadetua astiroegi doalako, autoan aurreratu ahala mehatxatzen dugu burua bere aldera jiratuz; eta hasiberriekin ohiko txisteak gailentzen dira ezeren gainetik: ele de lelo, ele de lerdo…
Lana dela eta errepideetan sarri gabiltzanok era guztietako egoerak eta gertaerak bizitzen ditugu. Batzuk errespetuzkoak eta abegikorrak izanik ere: ondoko bideetatik datozenei pasoa uztea, seinaleak ahal dela errespetatzea, oinezkoei lehentasuna ematea; gehienbat, edukazio eskaseko jokabideak nabarmentzen dira: edonon eta edonola auto batek bestea aurreratzea, seinaleen meneko abiaduran doan gidaria keinuka iraintzea, pazientzia gutxiz gidatzea, eta abar.
Errepidean irain askoren ohiko errudunak izaten dira emakumeak; gizartean nola, iseka eta mespretxu kontaezinen diana betierekoa suertatzen baita. Baliteke, norbaitek pentsatu dezakeen bezala, tankerako portaerak lehenago baino murritzagoak izatea gaur egun. Ez nintzateke horrenbeste esatera ausartuko. Kontua da, baina, oraindik emakume gidaria ez dela errespetatzen bideetan. Berdinatsunezko auto gidarien errealitatera iristeko bide frango dugula burutzeko oraindio.
EZ DITUT GIZONKERIAK GUSTUKO:
Nik, gidari maskulino harroaren erabateko iraultzearen premia dut. Mutil gisa on egingo didalako, dudarik gabe. Hargatik, gizartearen gainontzeko esparru orotan legez, maskulinitate estandarraren eta, bidenabar, kapitalismo patriarkalaren portaerak ordezkatzen dituen zantzu oro desagertzean ukan dezakegu salbazioa. Jarrerok ez baitira soilik autoa gidatzeko taxuan oinarritzen, esan nahi da; gizartearen ADN-an daramagun genea da gizonkeriarena: politika egiteko orduan, biolentzia ulertzeko maneran, pertsonen arteko tratuan eta, eta…
Saiatzen naiz, maiz lortu gabe, akaso: niri egitea gustatuko ez litzaidakeena inori ez egiten. Pertsona zintzoa eta arduratsua izaten ahalegintzen naiz. Irrikaz eta kuriositateaz blai eginda bizi nahi duena, baina sekula anbizio mugagabea izatera ailegatu gabe. Nor bere aberastasuna eta balioa ez baitu soldataren zenbakiek, ez eta kurrikulumeko orri multzoek eraikitzen. Kapitalismo patriarkal honek, espreski, berekoikeria eta irabazia du lorpen gorena, ez du nehor babesten irabazlea ez baldin bada. Hartara, nik ez dut bakardadean irabazi nahi, jendearekin irabazi nahi dut. Zoriona osoagoa da konpartitzen denean.
Auto gidarietatik hasita