Aurtengo sanferminak literatur zaleak dira
Aurtengo sanferminak literatur zaleak dira –
Sanferminetako aurtengo programa literaturtzalea da, idazlan handien lehen orrialdeetan ezkutaturiko mikroipuinez osatua. Euskarazko kasuan, Jon Alonsok atondua. Hemen deskarga daiteke: https://t.co/3nZsNytSKZ
— Angel Erro® (@angelerro) 2018(e)ko ekainaren 20(a)
Halaxe dio programak:
«Literatura protagonista duelarik, sanferminetako programaren edizio hau hizkuntzaren aldarria ere bada, gizakion elementu bereizgarri gisara, bai eta festak alaitasunetik, elkar ulertzetik eta begirunetik bizitzeko (eta ezagutzeko) gonbita ere. Ezagutzea diogu, bai horixe. Izan ere, literatura plataforma ezin hobea da irudimenari ekiteko, eta, zergatik ez, munduari jakinarazteko sanferminak direla ezarritako topikoa baino askoz ere gehiago.
Irakurleek sanferminei buruzko hogeita zortzi mikronarrazio topatuko dituzte, literatura unibertsaleko egileen beste hainbeste obretatik hautatuak. 14 gaztelaniaz [Javier Errea], eta 14 euskaraz [Jon Alonso]. Cervantes, Goethe, Dovstoievski, Tolstoi, Verne, Shelley, Kafka, Wolf, Munro,.. Baten batek galdetuko dio bere buruari: Iruñeko festei buruz mintzo ote dira liburu goren horiek, eta guk jakin ez? Ez zehazki. Oulipo taldeak nola, testuetan esku hartu dugu guk geuk ezarritako arau zorrotz-zorrotz gutxi batzuen arabera: liburu bakoitzaren lehen paragrafoak bakarrik erabili ditugu, abiapuntu gisara, eta hortik aurrera gorriz zirrimarratu ditugu “traba” egiten ziguten hitzak, hemen aurkezten ditugun mikronarrazioak sortu arte. Eskailera, suziria, entzierroa, tradizioa, gaua, parranda, ajea, topaketak, maitasuna… Hori dena zegoen misterioz gordeta testu handi horietan. Metaliteraturaren festa hutsa».