Aurtengo brigadetan izena emateko azken egunak: Batu internazionalismorantz!
Askapenaren brigadetan izena emateko azken egunak dituzue. Animatu eta idatzi brigadak@askapena.org helbide elektronikora.
http://www.askapena.org/?q=eu/node/1941
25 urte eta gero… martxan da aurtengo brigaden kanpaina!
Urte berezia da noski Askapenarentzat, aurten 25 urte betetzen baititu bere sorreratik. Internazionalismoa ulertzeko modu propio sortu zen orduan. Joan etorriko elkartasunean oinarritua, euskal herriko askapen sozial eta nazionaletik abiatu eta gainerako herri langile eta herri borrokalariekin elkartasun eta xamurtasunezko zubi lanak eraiki eta bideratuz.
Herriok elkar ikasi, babestu eta indartzeko beharra baitugu, besteak beste, batzen gaituena gauza bera baita, zapaltzen gaituen sistema alegia: Sistema Kapitalista-Inperialista. Honegatik jarri ginen Nikaraguako su iraultzaile hari begira, askatzen ari zen herri bakoitza aurrerapauso ikaragarria zelako, mundu mailako indar korrelazioan, honegatik hasi ziren Askapenako kideak, bertara joaten, lehen brigadak sortzen. Geroztik milaka lagun izan dira, munduko hainbat txokotara heldu direnak, Euskal Herria eraman eta munduko txoko bat euskal herriratu dutenak.
Izan ere, formazio bikaina dira brigadak. Gaienerako prozesuetatik zer ikasia beti dagoelako, herri edo prozesu bakoitzaren alde on edo kontraesanen jakitun egiteak geurea bera aberastu egiten baitu, ezbairik gabe. 25 urteotan eginiko ibilbideari gutxieneko errepaso bat egitearekin batera, gaurko agerraldian, brigadek duten balioa azpimarratu eta bide honetan aurtengo brigaden kanpainari hasiera eman nahi genioke.
Aurtengo udan beraz, hainbat izango dira besarkatu nahi genituzkeen herri eta prozesuak. Hala nola, Ekialde Hurbilean dugun Palestina, mundu mailako garrantzia duen gatazka esanguratsuenetarikoan egongo gara. Bestetik, aspaldion zer esan ugari eman duen Saharako lurralde okupatuetako erresistentzia ere bertatik bertara ezagutu nahi genuke, 2005etik hona intifada baketsuan diharduen herri honen gorabeherak ezagutu eta udaberri arabiarrari hasiera eman zion herri honen duintasunaz jabetu gaitezen.
Hala ere, bere osotasunean jarraipena egin beharreko herriez gain, zenbait lanketa espezifikoa burutu nahi genituzke Abyayala edo latinoamerikako hainbat herritan. Hala nola, memoria zentzu historiko baina etorkizuneko zubi bezala ikusiz beti ere, oso baliagarria zaigu. Borrokatu zutenen memoria bilduz, haien amets eta borrokaren lekukoa har dezagun, Argentina eta Uruguayn izango dute brigadistek bertako eragileen lanketak jasotzeko aukera paregabea.
Bizi dugun ofentsiba kapitalista honen baitan ordea, aurrerapausoak emateko garaia dela iritzita, Argentina eta Venezuelako ekoizpen eredu alternatiboak, lantegi autogestionatuak eta lantegi sozialisten esperientziak ere ezagutu nahi genituzke, honela, esplotazioan eta produkzio eredu merkantilistatik kanpo, langileok gure eskuz eta elkartasunez sortu beharreko eredu berri horri ateak zabalduz. Azkenik, Bolivia eta Venezuelako prozesuetatik ere badugu zer ikasia, demokrazia herrion lanabesa den heinean, herri mugimendu eta behetik gora sorturiko eredu pare hartzaileek gurean zenbaterainoko lekua izan dezaketen aztertuz.
Hona beraz, euskal jendarteari egiten diogun gonbita, apirilaren 1 arteko epea duzue brigadetan izen emateko, idatzi beraz, brigadak@askapena.org helbide elektronikora eta informazio gehiago nahi izatera www.askapena.org web gunera jo besterik ez duzue.