Aurrerapenaren alde pobrea
Aurreko asteburuan trenean ibili nintzen seme txikiarekin. Ez genuen inora joateko beharrik edo planik. Norabait trenez joatea zen gure asmoa. Ez besterik.
Gehiegi pentsatu gabe, geltokiko lehiatilan erabaki genuen Errenterira joatea. Hamabi minutuz, zelaiak, etxebizitzak eta pabiloiak txandaka agertu ziren lehiotik, biak isilik eta geldirik irudiak jasotzen genituen bitartean.
Trena iritsi, gu atera, txilibitua jo, eta trena, poliki txikituz joan zen lanbroan barrena.
Parean baserri itxurazko geltoki zaharra. Nik txikitatik ezagutzen nuen bera, kez zikindua, beti bezala. Baina nire haurtzaroko oroimenak handik irten ondoren bukatu ziren. Nekez ezagutzen nuen ingurua.
Hainbat urtez Errenteriako sorgune eta topaleku izandako Niessen fabrika ere desagertua zen. Niessen Fabrika, gero Kultur zentroa izango zen hori, 80ko hamarkadan ilusio, lan, hitz, ohiu, nigar eta sormenaren lantegi izan zen gazte askorentzat. Eraikuntza huts eta zauritu hura biziz betea zegoen gau eta egun. Hara joaten zirenek gero antzerkian, dantzan, zinegintzan eta beste hamaika arlotako lanak ikasi eta fruitu ugari eman zuten gero. Hori hazitegia!
Egun hartan, ordea, larunbata arratsaldeko 5etan, laino tartean, ezin nituen ikusi gogoan neuzkan burnizko lehio handiak . Erakusleihoak: General Optica, Hache Boutique, Lemon & Lulu…
Lehengo fabrikaren sabelaren lekuan, orain plaza bat zegoen. Mikel Olaskoaga Plaza.Tele Pizza eta Gambrinus taberna bat zeuden. Aurrerago, Multizinea. Sakeleko telefonoa eskutan zituzten hara zihoazen gazteen erdiek, eta besteek, Coca-Colak eta krispetak. Filmak: Holliwoodekoak.
Ikuskizun horrek lekuz kanpo utzi ninduen, eta galdera deserosoak sortu ere bai. Hau al zen aurrerapenaren bide bakarra? Nondik okertu da hau? Aberastasunak mokolotu egin gaitu, ala demokrazia eredu arazo bat daukagu?
Kontua bukatzeagatik, esan etxera bueltatu ginela, lasai, pabilioiak, etxebizitzak eta zelaiak txandaka lehiotik nola pasatzen ziren begiratuz. Ni, erantzun bila. Semea, pozik.