Aurrera goazelako
Batek uste du pasa dituela pasa beharreko asko, pasa daitezkeen gogor batzuk barne; negar batzuk egin dituela -ugari ere esan arte- eta horrek sendotu egin duela; atsekabeak eramateko gauzago dela gaur; ez direla hutsalak izan minak gainditzeko egindako bideak. Baina… bihotza urratu egiten zaio, maiz, adiotan.
Batek uste du ez direla alperrik joan hazteko egin dituen ahalegin guztiak; hobetzeko bide ematen diotela akatsek, hutsegiteetan ikasitakoa tinko txertatu zaiola enborrean; ez duela berriz estropuz egingo lehen jausi zen zulo berean. Baina zuloa aurrean jarri… eta jausi egiten da.
Batek uste du nahigabeak eramateko gauzago dela, ikasitakoak laguntzen diola lan horretan; frustrazioa eramaten trebatu dela, ez alferrik zapuztu zaizkiola, hainbestetan, nahiak eta gogoak. Baina… lortu ezineko desio bat trabatuta du arnasean.
Batek uste du beldurrak garaitzeko bidean dela, gainditu dituen mamuak ez direla berriro bila etorriko; gaitza integratzen ikasi duela, itzalak eta ilunak argiari ematen dioten bolumenaz baliatzeko gauza dela orain. Baina… ezin libratu pentsamendu bihurriaren mehatxuaz.
Batek uste du ximurrak eta ile zuriarekin batera datorrela jakinduria (berez ez bada ere, irakurri dituen autolaguntzako liburuei esker, behinik behin ;-)) baina…
Eskerrak, gutxienez, erretzeari utzi dion!
Oraingoz!
Idatzi hau dedikatzen diet berrogeita hamarreko hamarkadan aurrera doazen horiei eta sartu berri direnei.