Aurreko belaunaldiei, esker onez
Aurreko belaunaldiei, esker onez –
Beñat Gaztelumendik Irutxuloko Hitzan.
Bai, gu gara. Gu gara biolentziaren kiribilean hezi gintuzuenak bizikidetzaren arorako. Gu gara Txibertan jaiotzeko geundenak, Lizarra-Garazik mukiak jaten harrapatu gintuenak eta Loiola kosto eta kalimotxo zaporeko ostegunei buelta ematen ari ginela albistegietan ikusi genuenak. Gu gara egun historikoek gida-baimena ateratzen edo lehenengo larru-aldi traketsetan harrapatu gintuzten belaunaldia. Historiaren paragrafo batetik besterako zuriunea.
Gu gara huts egin omen duen belaunaldia. Gu gara halako ahaleginetik sortutako ikastolen jolastokietan pipak gaztelaniaz jaten zituen belaunaldi hori. Gu gara gau-eskoletatik gau-eskoletara hizkuntzaz eta begi-zuloez jabetu zirenen seme-alabak, Kilometroetara gin-kas litroekin joaten ginenak. Gu, dena aukeran jaso eta jasotakoarekin ezer egin ez omen dugunak. Eta, aizue, poemak zihoen bezala, gu ere euskaraz bizi gara, ehuneko handi samar batean. “Euskaraz”, Internetaren eta globalizazioaren aroan. Eta “bizi”, ezerk irauten ez duen lasterketa ero honetan.
Gu gara maitasun erromantikoa deseraiki behar eta oraindik bikoteak eratzen ditugunak. Gu gara zuen diskurtsoen gorputzak, eredu berrien bila estropezuka gabiltzanak. Gu gara hil ez zen mundu baten eta jaiotzeko dagoenaren tarteko amildegian bizi garenak. Eta hala ere sortzen eta asmatzen ari garenak, ematen ez badu ere. “Ez dok Amairu”-rik sortu ez badugu ere. Barkamena eskatuz bezala gabiltza gu, elizak husten hasi zinetenon ondorengoak, hemen baikabiltza gure erru eta damuekin. Ez dugu aholkurik nahi. Aski gara gu gure buruak egurtzeko.
Zuek dena eman zenuten, dena egin zenuten. Eta orain, zer daukagu egiteko, zer emateko? Gu, bere aurrekoak gaindituko ez dituen belaunaldia, 30 urteko nerabe bekadun eta heldugabeak. Ez zaitezte gutaz errukitu, ez dugu gurasokeriarik behar. Zuek ere pasa zaretela hemendik diozue, ez da egia ordea; gu gauden “hemen” eta “orain” hauetatik gu baino ez gara pasako. Horrek egiten gaitu interesgarri.
Eta asko daukagu zuei eskertzeko, dena, baina ez dugu zorrik sentitu nahi. Ez kargatu zuen bete gabeko ametsak gure bizkarretan. Ez gara perfektuak, eta ez dugu izan nahi. Umetan bezala sentitzen gara, gurea baino bi taila handiagoko arropak soinean. “Haziko zarete”. Ba ez, ez gara haziko. Edo bai, haziko gara, baina ez dugu zuek diseinatu eta jositako arroparik beteko. Utziguzue gureak aukeratzen.
Ez dakit oso ondo zer esan nahi duen ere, baina deigarria da itxuraz “gazte” bezala idatzi eta errebeindikatzen dela. 30 urte eduki eta hurrengo belaunaldiak hazi eta hezten aritu ordez gurasoek mantendutako haurtxo errebelde izaten segitu nahi duen belaunaldia iradoki dit. “Peter Pan” belaunaldia…