Aukera bakarra denean

Aukera bakarra denean –

Lohizune Amatriak Nafarroako Hitzan.


Aitortuko dizuet. Aspertuta nago zutabe honetara landa eremuko aldarrikapenak ekartzeaz. Errepikakorra egiten zait nire ahotsa, eta nekatzea ez da asmoa, noski. Baina Orkoiengo eskolako guraso elkarteko Dabid Nerik Euskalerria Irratian esandakoa entzun ondoren, ezin dut bestelakorik egin. Beste behin ere, bigarren mailako biztanle egin dituzte-eta landa eremuko guraso eta haurrak.

Aukera bakarra denean

Ez da gauza berria: hezkuntza departamentuak jardunaldi jarraitua inposatu die aurten ikastetxe guztiei, bakoitzaren beharra zein den kontuan hartu gabe. Familien lana eta bizitza errazteko aitzakiarekin, eskolaz kanpoko jarduerak eskaintzen hasiko dira orain. Behartuta daude ikastetxeak; familientzat, berriz, hautazkoak dira. Teorian. Praktikan, ez baita dena paperetan jasotzen den bezala ematen; gutxiago, landa eremuaz ari bagara.

Hamabi eremutan banatuta daude landa eskolak Nafarroan. Bakoitzean, erreferentziazko zenbait ikastetxe daude: gradu anitzeko unitateak dituzte, irakasle batek aldi berean maila batean baino gehiagotan irakasten du, eta hainbat herritako ikasleak hartzen dituzte. Hala, goizero, eskualdea zeharkatzen duten autobusetan iristen dira ikastetxera eta berdin, etxera, eskolak bukatuta. Departamentuak ezarritako araudi berriarekin, ordea, itzulerako ordua zehaztea ez da hain erraza izan.

Eskola orduak bukatuta, jantokia dute ikasleek; gero, bi aukera: eskolaz kanpoko jarduerak egin edo etxera joan. Baina zer gertatu da eskola garraioarekin? Bi proposamen egin dizkie familiei hezkuntzak: denak eskolaz kanpokoak bukatuta itzultzea, 16:30ean, edo autobus lerro bakoitzeko familia guztiak ados egonez gero, jantoki zerbitzua bukatuta etxeratzea.

Orkoienen inkesta bat egin zuten familien artean erabakia hartzeko. Baina berehala ohartu ziren tranpaz. Gehiengoak ez du eskolaz kanpoko jarduerarik egin nahi; baina ez dira denak, beraz, ez dute autobusa erabiltzerik izanen. Guraso elkarteak egoera salatu du: eskolaz kanpoko jarduerarik nahi ez dutenak garraio publikoa erabiltzeko eskubiderik gabe utzi ditu gobernuak. Hautazkoa zena derrigorrezko bilakatu da landa eremuan. Irtenbidea ere proposatu dute, bi ordutegietan zerbitzua emateko. Hezkuntzak ez die jaramonik egin. Amorratu ninduten Nuinen azalpenek. Baina egoerak ez nau harritu, eta horrek kezkatzen nau. Beti berdin. Ikasiko al dugu neurriak eremu bakoitzaren beharretara eta ezaugarrietara egokitu behar ditugula? Neurri orokorrek kalte ere egiten dutela?

Gobernuak kofinantzatutako diru laguntzen deialdia iragarri berri du Cederna Garalur elkarteak. Biztanleria mantentzea eta sendotzea, zerbitzuen garapena eta ondarearen balioa nabarmentzea eta enpresak finkatzen eta enplegua sortzen laguntzea daude aurkeztutako proiektuek izan beharreko baldintzen artean. Hori bera eskatuko nieke martxan jartzen dituzten politiketarako ere, herrialde guztirako.

Aukera bakarra denean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.