Asko egin eta askoz gehiago egin behar
Asko egin eta askoz gehiago egin behar –
Duela gutxi Josune Ariztondok Berriako txokoan EAEko Hezkuntza Sisteman aldaketak ekarriko dituen Legea zuen mintzagai: jende asko ari ei da lanean: ikastolak, kristau eskolak, eskola publikoak, sindikatoak, adituak, alderdi politikoak… Esan dezadan, ahaztu baino lehen burutik pasatu zitzaidan zerbait: nola ez zuen aipatzen nik absurdotzat jotzen dudan zerbait: hain zuzen ere ez al da absurdoa horrelako lan bati heldu behar eta Nafarroa eta Iparraldea, Euskal Herriko zati izango ez balira bezala hartu behar erabakiak?
Josune Ariztondoren baimen inplizituarekin nire eszeptizismoa adieraziko dut. Zergatik? Ba, hausnarketa horretan parte hartzen dutenek jada abiapuntutik aurrera egiteko hesi gehiegi izango dituztelako eta jartzen diren helburuak ere bide erdira helduko ez direlako. Urte asko eman ditut hezkuntzako sareetan eta zerbait ikusia naiz. Hori iritzi soila izan ez dadin hara arrazoiak: irakasle euskaldunon iritziaren kontra lehen hezkuntzan A, B eta D ereduak ezarri ziren. Adituen gomendioa omen zen. Adituen gomendio bezala agintarien jarrera ezkor asko irensten dira. Erritmo ezberdinak jarriz hobeki artatuko ei ziren gizartean zeuden ezberdintasunak. Halere 14 urtera heltzean gutxieneko helburua zen ikasle guztiak euskaraz oinarrizko elkarrizketa bat egiteko gai izatea.
Lortu al zen? Hara EHEk eta Aztikerrek 2018an egindako ikerketak eman zuena: A-B-D ereduekin hasi zenetik 2018ra arte 82.000 ikasle etxetik euskaldunak ziren; 206.000 ikastetxeetan egin ziren euskaldun eta beste horrenbeste ez ziren euskaldun egin. Hau da, ikastetxeek % 50 bakarrik gaitu zituen euskaraz baliatzeko.
Hego Euskal Herrian bederen, Espainiako ezkerra (izan PSOE, izan Podemos, izan EPK-PCE, izan Ezker Batua, izan Equo, izan Berdeak, izan Sindicatu de Estudiantes, izan Fundación Engels, izan dena delakoa) bidelaguntzat jotzen jarraitzen dugun bitartean, jai daukagu!!