Gutxien uste den egunean

Gutxien uste den egunean – 

Bizitza osoa ematen dugu kontraesan horretan: gutxien uste den egunaz, gutxien pentsatutako data horretaz pentsatzen; gutxien uste den -agian- uztailaren egun horretan, ustekabean, gertatuko zaigunari, abenduaren larunbat horretan egiteko gai izango garenari bueltak ematen. Izan ere egutegiak ezuste edo susto bana gutxienez oparituko digu eta guk berarentzat garondoko bat ezkutatuta daukagu; berak ere espero ez duena. 

Bada, honetaz, Paul Austerren (Neguko egunerokoa) oso esaldi adierazgarri bat: Pentsatzen duzu “hori” ez zaizula inoiz gertatuko, ezinezkoa dela zuri “hori” gertatzea, horrelakorik inoiz pasatuko ez zaion munduko pertsona bakarra zarela, eta orduan, banan-banan, denak jazotzen hasten dira, beste edozeini gertatzen zaizkion bezalaxe. Ba, bizitza osoa ematen dugu hainbeste berandutzen dagoen une horren beldur edota desiratzen; egun horretan ausardi berezi batek bultzatuko gaitu; edo ordura arte ezagutzen ez genuen txundidura batek urperaturik geratuko gara:  bai, gutxien pentsatutako egun horretan Karmeleri sentiarazten zaituena adieraziko diozu.

Haurdun, alargun… geratuko zara; tabakoaren bila joango zara eta ez zara itzuliko, Zuzenbidea (ez zaizu bat ere gustatzen) ikasteari utziko diozu… Gutxien uste den egun horretan nagusiari beraz pentsatzen duzuna esango diozu; bai, gutxien uste denean kontua, kitapena, eskatuko duzu eta bulego, lantegi, biltegi ziztrin hartan ez zaituzte berriz ikusiko. Gutxien uste zen egunean, gutxien imajinatzen zuen asteazkenenan, Ayusori hainbeste zor dion alderdiak oso jokaldi makurra egin zion…; gutxien uste zen egunean Caserok…; gutxien espero zen kongresuan Casado…; gutxien uste den egunean betirako lotan ematen zuen sumendia, birusaren aldaera berri bat…

Beste bertsioa ere badugu, momentua biziki disfrutatzeko argudio gisa erabiltzen duguna. Espabilatu beharra dago, zoritxarra atzetik dugulako: gutxien uste denean medikuak bi hilabetetan akabatuko zaituen zerbait aurkitzen dizu.

Bai, gutxien uste den egunean beste auzora joaten zara, kale gorrian gelditzen zara. Gutxien espero zuten otsailaren asteazken batetan zibil ukrainarrak zurezko fusilekin entrenatzen dira ustezko inbasio baten kasuan Kiev defendatzeko; gutxien uste den goizaldean, gutxien espero dezakezun asteartean, denborale betean, Villa de Pitanxo itsasoratzen da.

Gutxien pentsatutako eguna, gutxien uste den -agian- maiatzaren astelehen hori, ustekabeko -auskalo- igande, astearte -batek daki…- hura gutxitan iristen dira. Zorionez.

Edo zoritxarrez. Segun eta.

En fin

Irakaslea, idazlea; hurrenkera ez daukat batere argi.

Zer duzu buruan “Gutxien uste den egunean”-ri buruz

  • josu naberan 2022-02-21 22:26

    hark bere jardinaren atarian eseki zuena: “Baldin eta Paradisurik bada, ORAIN ETA HEMENTXE DATZA”