Kanpaina bukatu da (II): Artegia hustu eta ardiak mendian
Kanpaina bukatu da(II): Artegia hustu eta ardiak mendian –
Atzo hasitako lana, gaur bukatu egin dugu: artegia hustu egin dugu. Barrenak hustu izan banitu bezala, artegian ez dago simaurrik, kanpainan zehar egindako guztiak –onak eta txarrak– atera egin ditugu.
Hilabeteotan pilatutako garoak, hostoak eta gorotzak orain kanpoan daude, zain, noiz pasatuko 15 bat egun, buelta emateko; eta handik beste 20 bat egunetara etxeko belardietan noiz zabalduko, behin onduta, bizitzari jarraipena emateko.
Ukuiluetan bi zoru mota dira ohikoenak: “parrilla” deitzen dena eta ohantzea. Lehendabizikoan, animaliek burdin edota plastiko gainean egoten dira, eta sare horren azpian zulo handi bat dago, non joaten baitira gorotzak eta txizak pilatzen. Bigarrena da gurean, ohantzea. Zorua porlanezkoa da, eta guk gure lurretako garoa –behin lehortuta– erabiltzen dugu azpigarrietarako. Beste etxe batzuetan lastoa erabiltzen dute, baina guk aprobetxatzen dugu gure lurretan dagoena –pinudiak izandako lurren pagotxa!–. Alde batetik, moztu behar dugu, belarra behar bezala hasiko bada; eta bestaldetik, etxean dagoen baliabide bat erabiltzen dugu.
Urtean zehar azpigarriak berritu egin behar dira tarteka, eta zegoen geruzaren gainean, beste garo estalki bat zabaltzen dugu. Hori egiten da gorotz gehiegi badago, edota bustita badago zorua. Horrela, artegiko zorua gero eta gorago doa… Sasoi hau heldu arte, artegia hustu arte.
Eta ardiak, non daude ardiak orain? Mendian, egunez eta gauez. Garai honetan gure lana da ardiak mendian nondik nora dabiltzan ikustera joatea –eta beharrezkotzat joz gero, tokiz aldatzea–. Hori bitan egiten dugu –gutxienez–: goizean goiz, larratzen ari direla –etzan baino lehen–, eta iluntzean –mugitzen hasten direnean–. Kanpainan zehar, aldiz, eguna mendian pasatzen dute –etxera ekartzen ditugu jeztera– eta gaua etxeko larreetan, horiek larratzeko eta goizean goiz jetzi ahal izateko –bestela, gauez abiatu beharko genuke mendira goizaldeko 6etan jetzi ahal izateko–.
Uztailaren hasieran, ordea, hasi ginen egunean behin jezten, eta gazta hiru egunean behin egiten. Aurten tarte luzeagoa izan da eguraldia suabe antzean joan delako –egun bero batzuk kenduta–. Izan ere, ez da komenigarria izaten esneak 24 ordu pasatzea errapean giroa oso beroa baldin bada. Esnea ez da mintzen, baina gazta egiteko ez da onena.
Hilaren 23an, dakizuen bezala, egin genuen gazta azkenekoz, eta egun horretatik aurrera gero eta gutxiagotan jetzi ditugu ardiak: bi eguneko tartea utzita, hiru egunekoa, lau egunekoa… Esnea emateari utzi arte –esne hori bota egiten dugu–. Bitxia egiten zait oso artzaintza munduan prozesuak duen izena: antzutzea.
Eta nola dago orain artaldea antolatuta? Orain hirutan dago zatituta: ardi helduak, hazarkumeak eta ahariak.
Ardi helduen taldean dauden orain arte jetzi ditugunak eta ernai geratu ez zirenak –gehienak urtekoak–. Azken horiei antzu deitzen zaie, nahiz eta antzuak ez izan, baina kanpaina honetan ez dira erditu.
Hazarkumeak dira aurten jaiotako arkume emeak, aukeratu ditugunak aurrerako, etorkizuneko artaldea osatzeko, alegia. Jezte garaian amekin egon dira, hasieran beti –hiru bat hilabete– eta gero egunez bakarrik. Iaz hasi ginen hau egiten, eta pozik gaude emaitzarekin. Izan ere, ikusten dugu arkumeak askoz hobeto daudela, eta gainera mendian ibiltzen ondo ikasten dute: non ibili, zer jan, artaldean izaten… Uztailaren hasieran –amak gaua mendian pasatzen hasi zirenean– banandu egin genituen erabat, eta orain daude etxeko belardietan.
Eta ahariak… ardietatik zeharo aparte daude, laurak batera. Hurrengo batean kontatuko dizuet zergatia…
Zenbat ikasten den honelako postekin! Eskerrikasko eta segi aurrera!