Arte[faktua] 83: Felipe Juaristi, Erbesteko elurra, Iñaki Aldekoa, Inma Errea

Arte[faktua] 83: Felipe Juaristi – 

Felipe Juaristi idazle azkoitiarra izango da aste honetako gonbidatu nagusia. Egoera dela eta, EiTBren Miramongo estudioetan elkartuko gara berarekin, Erein argitaletxearen eskutik kaleratutako Erbesteko elurra liburuaz hitz egiteko. Fermin Alberdi Ahotsa egunkariko kritikari eta iruzkingilea da eleberriko protagonista. Idatzi berri duen testu batekin izandako arazo bat dela medio, Madrilera bidali dute Sebastian Saldias punk musikariaren desagerpenaren inguruko ikerketa egitera. Idazlea bera bizi izandako Madrilgo Lavapiés auzoan kokatzen da eleberriko zatirik handiena. Sarkasmoz, ironiaz eta umorez josia dagoen eleberria da, eta gai nagusia maitasuna dela esan daiteke.

Juaristik kazetaritza ikasketak egin zituen Madrilen, eta, ordutik, hainbat komunikabidetan aritu da lanean, hala nola ETBn, Euskadi Irratian zuzendari, unibertsitatean eta Literatura Gazeta eta Porrot aldizkarien jaiotzan. Literaturari dagokionez, 80ko hamarkadan hasi zuen ibilbidea. Antonio Machadoren obrak eragin zion lilura, eta, geroztik, hainbat poema bilduma, eleberri eta itzulpen argitaratu ditu. Ibilbide horretan hainbat sari irabazitakoa da. Halaber, Euskadi Saria ere irabazi zuen 1998. eta 2000. urteetan.

Iñaki Aldekoa idazle, Erein argitaletxeko editore eta EHUko irakaslea gonbidatuko du Juaristik elkarrizketara. Laguna izateaz gain, besteak beste, bere azken eleberriaren editorea izan da. Bere prosa lan garrantzitsuenak Erein argitaletxearekin argitaratu ditu Juaristik. Beraien kasuan, idazle-editore arteko harremana nolakoa den eta sortzailea aurrera ezin eginik dagoen uneetan editoreak nola lagun diezaioken azalduko digute.

Inma Errea idazle eta itzultzaile iruindarra izango da aste honetako Artefaktu[egilea] tarteko protagonista. Iruñeko Udaletxe plazan izango gara berarekin.

Bestalde, Irakurlea atalean, Eunate Izagirrek Tiempo de espera. Las crónicas de los Cazalet liburuaren gomendioa egingo digu Donostiako Parte Zaharreko Lasala Plaza hotelean.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Irati Elorrietak, Aritz Galarragak eta Mikel Asurmendik, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.

Horretaz gain, Julene Bernalek, Elene Izak eta Iraia Pascualek Argixorgin liburuaz hitz egingo digute Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

Hau guztia, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.

Arte[faktua] 83: Felipe Juaristi, Erbesteko elurra, Iñaki Aldekoa, Inma Errea
Ikusi saioaren aurrerapena hemen
Arte[faktua] 83: Felipe Juaristi, Erbesteko elurra, Iñaki Aldekoa, Inma Errea
Artefaktua

Arte[faktua] literatur saioa ETBn

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude