Arte[faktua] 68: Aintzane Usandizaga, Kabitu ezina, Taxio Arrizabalaga, Izaskun Arandia
Arte[faktua] 68: Aintzane Usandizaga –
Aintzane Usandizaga idazlea da aste honetako Arte[faktua] literatur saioko gonbidatu nagusia. Lasarten, bere sorterrian elkartu gara berarekin, Elkar argitaletxearekin kaleratutako lehen ipuin-liburuaz solastatzeko: Kabitu ezina. Zortzi ipuinek osatzen dute liburua eta guztiak lotzen dituen haria, izenburuak dioen moduan, bertako pertsonaia zein animalien kabitu ezinaren sentsazioa da.
Itzulpengintza ikasketak hasi bazituen ere, literaturaz gain, berak hainbeste nahi zuena ez zela konturatu eta Artearen Historian lizentziatu zen azkenean. Kultura Artistikoaren Gizarte Garapenetan egin zuen, ondoren, masterra. Kultur hezkuntza eta haren kuadeaketa izan dira Usandizagaren lan arloak. Tabakalerako alde logistikoan jardun zuen lanean, artisten proiektu eta horien harira sortzen ziren ekimenak antolatzen.
Taxio Arrizabalaga gonbidatu du Aintzanek saiora. Aspaldiko laguna izateaz gain, ikaskideak ere izan ziren Gasteizen, nahiz eta ibilbide profesional ezberdinak jarraitu. Kabitu ezina liburuaren lehenengo irakurleetako bat izan zen Arrizabalaga. Tarte batean politikagintzan aritu eta gero, gaur, Egiari Zor Fundazioan eta Foru Sozialean dabil lanean. Estatuaren biolentzia jasan duten biktimen eskubideen defentsan, alde batetik, eta Euskal Herriko bake prozesuan lagundu eta indartzen, bestetik.
Izaskun Arandia zinemagileak bere liburu kuttunen berri emango digu aste honetako Apalat[egia]-n.
Bestalde, Irakurlea-ren tartean, Nora Louvelli Lasarteko Landaberri Ikastolako irakasleak Tango. Iritsita, hiru dira liburuaren gomendioa egingo digu.
Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Jose Luis Otamendi, Garazi Goia eta Mikel Asurmendi idazleek literaturaren inguruko galdera bana erantzungo digute.
Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko Lorea Crouspeyre, Naia Bederede, Irene Vergara eta Intza Berastegui izango ditugu, gainera, larunbat honetako Booktuber-en atalean, Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua liburuaren aipamena egiten.
Horretaz guztiaz gain, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Baionako Elkar, Garoa, Karrikiri eta Hitz liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.
Astero bezala, larunbatean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en.
Ikusi elkarrizketaren aurrerapena hemen