Arroz Urez: zerena da “Mario Onaindia” izena?
Arroz Urez: zerena da “Mario Onaindia” izena? –
Arroz urez (Txalaparta, 2021) saio literarioan, Mikel Antza sail oso batean eta gehiago jabetzen da Mario Onaindia mitikoaren ibilbideaz: “gaixotasun luze baten ondoren 55 urtekin hil zela” dio, eta “bere azken idatzi eta adierazpenetan Euskal Herriaren espaniartasunaren gorasarre sutsua egin zuela”; baina, bereziki, Burgosko Auziarena aipatzen du, non Onaindiari “deklaratzen azkena egokitu zitzaion, eta beraz, auzia apurtzea”.
Burgosko Auzia, izan ere, Arroz Urez idazlanaren hari gidaria da eta Mikel Antzak aitortu bezala historiatik, ikerketatik, kazetaritzatik eta literaturarik asko du baina autobiografiatik gehiago duen idatzi personal eta introspektiboa da. Antzerkigile trebe gisa, Arthur Rimbaud poeta sinbolistaren “Je est un autre” (Ni beste bat da) leloaz ere baliatzen dela dirudi bere autobiografia beste batena balitz bezala azaltzerakoan edo bere buruaz beste bat balitz bezala hitz egiterakoan, hirugarren pertsona erabiliz.
Beste gauza bat da, gero, literatur-fikzioen baliabide estilistikoak nahiko diren irudimen kolektibo nagusian baten figura publikoari itsatsitako esanahien zama arintzeko. Batik bat, gainera, “Mario Onaindia” izenak oraindik irradiatzen duen argi-halo auratikoaren indarra kontuan hartuz, gero eta meheagoa eta ahulagoa baldin bada ere, zorionez.
Zerena da “Mario Onaindia” izena? Zein “Mario Onaindia”izenaren esanahia? Eta zerena “Mikel Antza”? Hara hor, hemen erantzun nahi ditudan galderak.
“Mikel Antza” gizaki intimoaren eta “Mikel Antza” figura publikoaren arteko harreman zaila agerikoa da Mikel Antzak Txabi Etxebarrietaren heriotzarekin hasi eta tia Luziren sagarrekin amaitzen duen Arroz Urez liburuan. Donostian 1961ko ekainaren 7an jaioa, 1986ko martxoaren 1ean Parisa bizitzan bigarren aldiz iritsi zen egunean, elurra egin zuela ere esaten digu, eta 2004ko urriaren 7an sartu zutela kartzelan, Frantziaren erdialde desolatuko Moulinseko Maison d’Arrêtean.
Eremu publikoan Mikel Antzak beste bereizketa bat egiten digu figura politikoaren eta intelektualaren artean. Batetik aitaren belaunaldiko militantzian Burgosko Auziko grabaketa eta kasete klandestinoen misterioaz harago, Mario Onaindia militante politikoa top star egin zuen uneak Mikel Antzarengan utziko zuen arrastroarena dago:
“Play tekla sakatu eta ahots fin bat entzun da, tentsio betean gero eta ozenago… Burgosko Auzia apurtzen ari da Mario Onaindia”
Bestetik , 22 urte-edo zituela, Antzerki eskola batean aritzeaz gain Susa Literatura Taldeko eta Argia aldizkariko kidea zenean, Mikel Antzak kazetari gisa Mario Onaindia idazle-intelektualak argitaratutako eleberri baten harira egin zion elkarrizketarena dago:
Elkarrizketa transkribatzailea rewind eta forward arituko zen, Mario Onaindiak bere ahots zorrotz eta pausatuaren bidez emandako iritzi literarioak [Argia] aldizkarian eskaintzeko.
Alta, ni beste bat da, baita ere; eta badago nire alde bat, behintzat, Mikel Antza edo Mario Onaindiaren izate publiko zatituaren paralelotasunak alderagarriak diren ala ez oso ardura gutxi ematen diona — hutsaren urrenekoa, izan ere, tartean “kultura” hitzaren xarma berreroslea sartzen denean. Aitzitik nahiago du Mikel Antzarengan garai bateko magnetofonoen erdikotasunaz jabetu eta Pause tekla sakatu, iruditzen baitzaio Arroz Urez liburuaren bertute aipagarriena beste bat dela. Beste bat, egon badagoelako “je ne sais quoi” ez kultural edo intelektuala baizik eta oso politiko bat guztiz agerian geratzen dena — agerian geratu eta argi, gainera, baina ez horregatik hain garbi. Play berriz, beraz.
Busgosko Auziaren harira badago Mikel Antzak gerora elkarrizketatuko dituen zenbait lekukoen testigantza ugari. Lekuko horien artean, Itziar Aizpuruak, adibidez, dio Burgosko Auzia bozgorailua izan zela “Euskal Herriak bizi zuen bi motatako errepresioa jakinarazteko: nazio zapalkuntza bere adar guztiekin, kultura eta hizkuntza barne, eta klase zapalkuntza” — Onaindiak berak Auzia apurtzeko orduan, azken esaldian baieztatzen duena: “Aukera hau baliatu izan nahi dugu Euskal Herriaren borroka aldarrikatzeko eta jasaten duen zapalkuntza salatzeko. Gora Euskadi askatuta.”
Aldi berean, Paco Letamendia Ortzik Mario Onaindiak sortzen zuen liluraz jakinarazten digu: “Bera zen auzipetuen artean distira gehien zuena”. Baina Burgosko Auziaren garrantzia pertsonala Ortzik berak izan zuen momentu epifaniko kasik sanpaulotarrean datza: “Bartzelonan bihurtu nintzen gorri eta abertzale Burgosen: erlea argiaren aurrean bezala geratu nintzen”. Eta ez zen gutxiagorako izango, Josep Sole Barbera abokatuak baieztatzen duen bezala, Burgosko Auzia izan baitzen berak “bizitzan ikusitako gertakari iraultzaileena”.
Hala ere, hemen gauza inportante batez ohartzea zirt edo zartekoa da: hainbat eragile argiak jota utziko duen “gertakari iraultzaile” hori, Burgosko Auzia, alegia, ez baita, bere horretan, “gertakizuna”. Edo, motzean, frankismoaren diktadurapean Mario Onaindia izenak ordezkatzen duena, lehenik eta behin, ez da hainbeste gertakari iraultzaile eman batekin harreman zuzena, gertakizun politiko zehatz batekin baizik: Burgosko gertakariaren beraren aurretik jada hautsak betirako harrotuko zituen gertakizun iraultzaile berri batekin, hain zuzen ere.
Gertakizuna, horrela, nazio zapalkuntza eta klase zapalkuntza ardatz, borroka nazional partikular baten borroka sozialaren unibertsaltasunarekin topaketatik sortzen da egoera eman batean, eta, hain justu, independentzia eta sozialismoa hitzen arteko topaketa guztiz kontingente bezainbat ezegonkor horrek irekiko zuen prozesu berri batean garatuko da geroztik. Hori da gertakizuna: Euskal Herri garaikidean gertakizun guztiz singularra bezainbat ukaezina izan zena eta, gaur egun, argudiatuko dut, oraindik dirauena; gertakizun erabakigarria, hainbat eta hainbat bizitza pertsonalen, Mario Onaindiarena barne, definituko zituzten determinazio edo hertsipen politiko, sozial eta kulturalen mugak gainditzera bultzatu ziena, eta oraindik ere, gaur egun, argudiatuko dut, berriz, bultzatzen gaituena.
Gertakizuna ezin baita zor zaizkion gertakarietara laburtu, dela Burgosko Auzia, 1977ko Amnistiaren Aldeko Astea, edo, gazteagoa bazara, zuk zeuk hausnartu gertakizunarekin bat etortzera, edo urruntzera, bultzatu zintuen gertakariez. Eta gertakizuna, are eta gehiago, ezin da, ezta ere, erakunde eman baten sorrerarekin soilik lotu. Edo, bestela esanda, gertakizuna egoera eman batean zerbait gehiegizkoa da; ez dago gertakizunik dagoen egoera gainditze bidean “gehiegizko eratzaile”rik gabe. Baina dagokigun kasu zehatzean gehiegizko eratzailea dagoen egoeran onartu ez daitekeen topaketa da, independentzia eta sozialismoaren artean “gertatzen” den topaketa, hain zuzen ere; ez gehiegizko eratzaile horren sorreran dagoen erakundea, are eta gutxiago, gertakizunaren beraren egia ukaezina gezurtatze aldera leporatzen zaizkion gehiegikeriak.
Zentzu zehatz horretan, gertakizuna egoera jakin batean sortu bazen eta erakunde eman batekin lotuta baldin badago ere, inportantea, izan, gertakizunarekin batera sortzen diren aukera edo posibilitate berrien irrupzioa bera da. Baiki, Mario Onaindia, Itziar Aizpurua edo Paco Letamendia “independentzia eta sozialismoa” leloan laburbilduko den gertakizun politikoarekin lotuta daude. Eta, baiki, gertakizun hori Frankismoarekin lotuta zegoen gauzen ordena naturalarekiko-edo haustura da, diktadura egoera eman batekiko haustura da, nahi bada.
Baina gertakizunak berak edo aukera politiko berri baten irrupzioak berak izendatuko zuena ez da Frankismoaren diktadura-egoera gaindituko omen zuen posibilitate hutsera laburtzen — gauzatzeko zegoen aukera bakarra ez zen demokrazia bere horretan soilik. Eta bereizketa honetaz ohartzea inportantea da, izan ere, ez baita gero kasualidadea gertakizun horrek sortuko zituen aukera berriak onartzeko eta barneratzeko ezinezkoak suertatzen badira hala diktaduraren nola, hein handi batean diktaduratik barrutik bertatik garatutako demokraziaren testuinguru, ikuspuntu eta legezkotasun mugatu eta mugatzaileetan.
Mikel Antzak aipatu Mario Onaindiaren heriotz goiztiarraren lehen urtebetetzeko eulogian, Eduardo Uriartek bere burkidearekin partekatu garapen politikoaren erabateko marra banatzailea honela aurkezten zuen:
“Gaztetan tribukoak zapaltzen zituztelako goratu zen; helduaroan tribukoak okerrago portatzen zirelako, eta arte txarrekin, inongo leinukoak izan nahi ez zutenekin… Eta horregatik igaro zuen muga beste aldera… berdintasuna eta aurrerapena bermatzen duen legearena”. —
Eulogia berean, Uriartek Onaindiaren aipatu alde intelektuala ere nabarmentzen du: “bakarrik gutxiengo oso intelektualizatu batek antzematen zuen bere diskurtsoa”. Laudorio haliografikoa jeneroaren konbentzioetan sartzen dela onartuta ere, aipamen horiek baieztatzen dutena “Mario Onaindia” izenaren bigarren esanahi nagusi baten muina da — zer eta neurtezineko tamainaren harrokeria intelektual eta iruzur politiko orokor(tu) baten neurria bera emango diguna.
Modu prosaikoan esanda: demokrazia heldu berriko garaian aditzera emango duenaren guztiz kontrara, pragmatikoa, arrazoizkoa, jantzia… “Mario Onaindia” izenak zer eta atzerakada edo erregresio politiko nabarmen bat ordezkaten du, besterik ez. Mario Onaindia, Burgoseko Auzian, “ahots gero eta akutuagoa eta ernegatuagoaz” dio Mikel Antzak, mailukaden kadentzia neurtu baina urduriez kolpez-kolpe legendazko arengu iraultzailea botatzetik urte batzuk geroago, ahoberoaren grina apurtezin berdinarekin, “terrorismoaren aurka erresistentzia demokratikoa” eskatu zuenak … “y con dos coj***s”, ez zait inoiz ahaztuko, Ezkerraldeko mitin publiko batean. Ni beste bat da.
Noski, betiko demokrataren figurak laburbiltzen duen iruzur politiko nagusiaren muina diktaduratik demokraziara trantsizioaren diskurtsopean demokrazia “lortu berria” berritasunarekin berarekin elkarlotzea da — betiere, gainera, enuntziazio-posizio aditu, errealista eta moralki goitiarra norberarentzat gorde nahiz: demokraziak bakarrik bermatzen du “berdintasuna eta aurrerapena”; gainontzeko guzia ameskeria da, halabeharrez autoritarismora eta totalitarismora garamatzana.
Testuinguru zeharo engainagarri horretatik harago, “Mario Onaindia” izena bistazko errenuntzia politiko zehatz baten adierazle argia da. “Mario Onaindia” izenak Euskal Herriko ezkerraren historia garaikidean egon den “flop” politiko nagusi bat adierazten du. Gertakizun politiko batean parte zuzena eta erdi-erdikoa hartu ondoren, subjektu etiko-politiko sortu berri batek asmatutako aukera edo posibilitate berrien potentzialtasunari uko egin ziona. Are, gero, alderdi politiko berri eta iraultzaile baten sortzaile izatetik ere alderdi politiko zahar eta, denborak aurrera egin ahala, zapaltzaile batean sartuz amaituko duena “mugaren beste aldera igaroz”, hau da, “legearen” aldera igaroz. Azken finean, “Mario Onaindia” izena demokrazia konbentzional eta zahar baten legearen aldeko hautua da — hautu fanatikoa: legea legea da.
Hara hor, bai, “Mario Onaindia” izenak ordezkatzen duen kontu zaharraren esanahi nagusia, fikzio demokratikoan sostengatzen den posizio politiko nihilistarena, ganorazko etorkizun guztiz berri baten posibilitate baikor eta errealik gabekoa. Tartean, hainbat pentsalari eta kazetari zein artista banaka batez informalki osatutako talde sobera ezagun eta homogeneo baten harrokeria intelektualatik abiatuta oposizio bitar zuzenez sostengatuko dena, hamarkaden zehar, urtero, hilero, egunero… intelektualki barregarri bezainbat, zoritxarrez, politikoki eraginkorrak suertatuko ziren oposizio bitar zuzenez sostengatu.
Gaur egun, iruzur politiko eta harrokeria intelektual orokortu horren izaeraz ondo jakinaren gainean dago mundu guzia. Eta mundu guzia dela diot mundu guzia ondo jabetuta dagoelako, adibidez, Bernard-Henry Lévy ‘filosofo berri” ospetsuaren ibilbide intelektual eta politikoaz — zeinaren aipamena zilegia baita “Mario Onaindia” zeren izena den jakiten jarraitzeko.
“Mario Onaindia” zerbaiten izena baldin bada ez baita diktaduraren kontra demokraziaren garaipen politikoarena, edo nola diktaduraren halaxe terrorismoaren kontra betiko demokrataren figura ezagunarena. Aitzitik konbertso fanatikoaren figura hain ezagun bezainbat klasikoarena da — lekua (Espainia, Frantzia…) eta testuingurua (diktadura, demokrazia…) zer nahi norberaren gaztaroko sinesmen eta entusiasmo ‘ero’en kontra mendebaleko belaunaldi oso baten heldutasun zentzudun eta zuhur batera heltzeko prozesuan egokitze kontserbakoi, are, egunak, urteak, hamarkadak pasa ahala, erreakzionario batena baizik. Prozesu existentzial ezaguna da. Ez dago izen gehiago aipatu beharrik.
Baina “Mario Onaindia” izena lau haizetara ohialtzen dituztenen imajinario politikoa antzua eta lehorra bada, fikzio demokratikoaren fetitxizaziotik harago inolako proiektu eraldatzaile baikorrik gabekoa, zerena da, orduan, “Mikel Antza” izena?
Eta hemen ez nabil El País-eko Babelia gehigarri kultural txit kosmopolitanoaren edo Espaniako ezkertiar ezin autentikoki munduko hiritarragoen kuarteletatik bonbardatu dizkigutenarekin, egunero, astero, hilero, hamarkaden zehar… Jakin baitakigu ez dagoela Jean Paul Sartre edo Alain Badiourik Burgosko auzipetuen eta Josu Urrutikotxearen alde lerrokatu denik, ez eta, esate arren, Nelson Mandelaren hiletan ohorezko guardian parte hartu edo munduko hainbat eta hainbat borroka politikoekin elkartasun harreman sendoak ehundu izana…
Ezkerrekoak? Anti-kolonialak? Internazionalistak? Bai zera! Dagoena askapen mugimenduaren gutxieste sistematikoa da, erredikulizazioa, absurdora erredukzionismoa. Dagoena ez da bakarrik Mikel Antza jefe terrorista identitario tribala, are poeta etniko kaskarra; da, baita ere, “Mikel Antza” izenak ordezkatzen duena: atzeratuak, biolentoak, mitoen ilunkerietan adituak, maximalistak eta dogmatikoak…
Beraz ez, hemen nabilena ez da: zerena da “Mikel Antza” izena ezer ez ulertu nahi izan dutenentzat; hemen nabilena da: zerena da “Mikel Antza” izena guretzat? Eta iruditzen zait ordezkatzen gaituen “Mikel Antza” izenak zer eta modernitatearekin zeharo lotuta dagoen zerbait dela, tartean euskal inozentziaren amaiera bera adierazten duena eta, ondorioz, askapen mugimendu historikoaren iragan hurbileko jarduera armatu eta politikoren ulertzeko modu gupidagabekoez baliatzera ere eskatzen duena.
Arestian “asmatu” hitza erabili dut gertakizun politiko zehatz bati lotutako egia etiko-politiko propio baten sorrera adierazteko. Asmatu hitza, baina, zentzu bikoitzean ulertu behar da: asmatu “inbentatu” esan nahi du — zegoen egoera hertsi baten aurrean subjektu etiko-politiko berri bat sortzen da, gehiegizko eratzaile bat, aukera edo posibilitate berrien potentzialtasunari ateak parez pare irekiz; eta asmatu “helburua jo” esan nahi du — sortu zen testuinguru zehatzatik harago gertakizunaren egia singularraren ondorioei fideltasuna, aparteko interes pribaturik gabeko poztasun sentimenduarekin kausa justu eta sinesgarriekiko subjektu kolektibo betiere eraberritu baten burubelarrizko entusiasmoa — oraindik gaur egun nabaria dena, lerro historiko jarraitu eta zehazki trazagarri baten bidez.
Mikel Antzaren Arroz Urez belaunaldiz belaunaldi garatu eta berritu den gertakizun horri fideltasunatik idatzita dago eta oinarri-oinarrizkoa den zerbait aditzera ematen badigu da, uste dut, gure gizatasunaren alde sortzaileen iturria bera, edo iturri bat behintzat, gure gizagabetasunean bertan egon daitekeela, emankortasuna bera gure gizagabetasunaren osagai beldurgarrien oinarrian egon daitekeela — atzoko zein gaurko burkide armatu edo ez-armatuen aurpegi humano xumeenak bakarrik erakusten saiatzeak ezabatu ezingo duena, eta ezin beharko lukeena.
Gure borrokak, iraganekoak zein orainaldikoak, ez baitira gure bizitza intimoa bortizki eteten dituzten istorio opakoak. Gure borrokaren ondorioak, are gehiegikeriak, ez dira gure berezko gizatasuna-edo lohitzen dituzten orban zikinak. Aitzitik, indarkeria gure izatearen parte ere bada. Eta zentzu zehatz horretan, hamaika izen ezagun eta ezezagunen bizipenak aintzat hartuz, Mikel Antza idazlea eta politikoa biak ala biak datoz bat Alain Badiouk esaten dizkigunarekin:
“gure gizatasunaren baitan gizadiaren osagai ilun, bortitz eta aldi berean argitsu eta baketsuekin topo egin behar dugu, gure gizatasun-osagaien barneko gizagabetasun-osagaiekin”.
Mikel Antza ondo asko ohartzen da gizatasunaren gizagabetasunean bertan bizi den tentsioak impasse mingarrietara bultzatzen gaituela. Mario Onaindia dela-eta, horrela, esaldi zalantzakor honekin datorkigu:
Burgosko Auzia igaro eta hogeita bost urtera, Euskadi ta Askatasuna erakundeak PSOEko hautetsi eta arduradunak bere ekintzen jopuntuan jarri zituen. Paradoxa historiko lazgarria izango zatekeen Francok bizitza barkatu ziona ETAk hil izan balu.
Zalantzakorra, Mario Onaindia bera ez ezik “Mario Onaindia” bat baino gehiago jarri izan zelako ekintza armatu eta ez-armatuen jopuntuan. Eta munduko edozein borroka politikoetan bezala, etsaia izandakoari berari zor diogu “humanizazio” merke baten ideologian erortzeko arriskua ekiditzea. Mikel Antza segituan ohartzen da esaten duenaren bigunkeria ahulaz, eta oin-oharrean zera eransten du:
Hau idazterakoan, bizitzan gertatu zaizkidan beste paradoxa lazgarri batzuk etorri zaizkit gogora. Ez da hau lekua horiei buruz aritzeko. Hala ere, gure jendartean hedatutako mina sendatu nahi badugu, oraindik zabalik ditugun zauri guziez hitz egin beharko dugu egunen batean.
Eta hitzegin beharko dugu, zalantzarik ez. Izan ere, gure erantzukizun propioez hitzegiteko eta ardura hartzeko prestutasuna agerikoa baita denontzat jada, hemen eta orain.
Askapen mugimenduak Euskal Herrian hartu zuen forma singularraren hasieratik abiatuta, bortizkeriaren erabilera beti egon da eztabaidaren erdian. Ez naiz sartuko, hemen, momentuan momentuzko baldintzapenen arabera ibilbide politikoa beste nonbait egin dituztenen urruntzeko zergati pertsonal zein moralen zilegitasunaz eztabidatzera — sortuko dira, bestela ere, militantziaren zentzu kolektiboak eskatzen duen diziplinari uko egitearen aztertzeko aukerak.
Alta, urteetan eta hamarkadetan elikatutako cliché erridikuluetan instalatuta egonda gero, ezkertiar-edo askok eta askok Euskal Herrian mugimendu emanzipatzaileak hartu duen formaren singulartasun murriztezina ulertzeko esfortzu gehiago egin beharko du, baita ere. Izan ere, onartu behar da egiten ari dela jada. Bestela, nola ulertu hainbat eta hainbat paradoxa, kontraesan eta impasse zernahi eta ohiz leporatu zaizkigun balizko ortodoxia, dogmatismo eta sektarismoetatik harago gure egungo arrakasta politikoa?