Eskerrak

Eskerrak –

Eskerrak
Arg: Iñigo Uriz / FOKU / BERRIA

Egun batzuk dira eskuineko politikari nafar batek sare sozial batean eskerrak eman zizkiela Nafarroako osasun sistema publikoan aita zaindu zuten erizain eta medikuei. Egun gogorrak izanak zirela, zioen, baina, zorionez, COVIDak jota ospitaleratu behar izan zuten aita etxean zen, onik. Albisteak poza eman dit, argi izpi ttiki bat izan da, egun hauetan nire inguruko batzuen istorioak ez baitira hain ongi akitu.

Ez du balio eskuineko politikariaren izena aipatzea, gaurko hau ez baita kritika pertsonala, baina agian bai balio du nabarmentzea, badaezpada, ez dudala haren esker onen zintzotasun pertsonala zalantzan paratzen. Politikaren ikuspuntutik, berriz, duda batzuk baditut. Osasun sistema publikoko langileen lana publikoki eskertu duen horren alderdiak osasun sistema publikoko langileen baldintzak kaskarrago eta prekariago bihurtu dituzten politikak babestu ditu iraganean, eta babesten ditu oraindik ere. Politikari horren alderdiak, konparazio baterako, ospitaleetako sukalde zerbitzua pribatizatu egin zuen, eta horrek aski ezagunak diren ondorioak ekarri zituen. Politikari horren alderdiak ez du osasun sistema publikoa arras-arras maitea. Aukeran, bertze sistema bat nahiago du.

Politikari horrek defendatzen duen eta gauzatu nahiko lukeen politikaren ondorioz, agian zenbait urteren buruan bertze batzuen aitek edo amek edo seme-alabek jasoko duten arreta ez da haren aitak jaso duena bezain ona izanen. Beharbada, haren aitak jaso duen arreta jaso nahi badute, osasun sistema pribatura joko beharko dute zenbait urteren buruan hura ordaintzen ahal dutenek. Eta, horregatik, maila pertsonalean politikari horren zintzotasuna ezin zalantzan paratu badut ere, barkatuko didazue maila politikoan zinismoa bertzerik ikusten ez badut.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2022ko maiatzaren 16koa]

Eskerrak

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.