Arratsaldean Arraunketako eta Piraguismoko Teknifikazio Zentroa inauguratuko dute Orioko arraun historiari aitortza eginez
Orioko Udalak gaur arratsaldean inauguratuko du ofizialki Arraunketako eta Piraguismorako Teknifikazio Zentroa . Ekitaldi xumea izango da, Orioko arraun historiari aitortza egiteko baliatuko dutena, eta bide batez, 100 urte baino gehiagoko historiaren errepasoa egingo dute protagonistekin batera.
Arraunketako eta Piraguismorako Teknifikazio Zentroa arratsaldean zabalduko da ofizialki –Orio Arraunketa Elkarteko arraunlariak eta zenbait piraguista orain dela hilabete batzuetatik hona bertan entrenamendu saioak egiten ari diren arren–. Orioko Udalak antolatuta gaur arratsaldean egingo da inaugurazio ekitaldia. Bertan, besteak beste, Beñat Solaberrieta Orioko alkatea, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria, Ikerne Badiola Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirola, Kultura eta Gazteria diputatua eta Orio A.E.ko arduradun, arraunlari eta arraunlari ohiak, Arraunketa eta Piraguismoko Federazioetako ordezkariak, eta abar izango dira.
Teknifikazio Zentro berria inauguratzearekin batera Orioko arraun historiari aitortza egingo zaio, eta historia hori idatzi duten arraunlarien presentziarekin, historia loriatsuaren pasarterik adierazgarrienak gogorarazi dituzte ordubeteko ekitaldian. Arraunlarien artean Jose Luis Kortak, Migel Angel Altxerrik, Jose Luis Agirrek, Ibon Urbietak, Eder Etxeberriak edota Irakoitz Etxeberriak bere presentzia baieztatu dute.
6.000 metro karratuko eraikina
Teknifikazio Zentroak ia-ia 6.000 metro koadro erabilgarri ditu, zehatz-mehatz 5.895. Beheko solairuan traineruak, zortzikoak, piraguak eta bestelako ontziak gordetzeko espazioa izango da, 4 eremutan banatuta. Kirol eta errendimendu gunerik nagusiena lehen solairua izango da, bertan baitaude 983 m²ko gimnasioa –arrauneko 29 ergometro, piraguismoko 9 ergometro, indarra lantzeko 40tik gora makina jarri dituzte– eta bertan jarriko da 242 m²ko fosoa –apirilerako amaitua egotea aurreikusten da–.
Horrez gain, mediko kontsulta, fisioterapia gela, balorazio-test gelak, errekuperazio kontraste gela, bideo gela eta hipoxia zerbitzua izango ditu zentro berriak. Teknifikazio Zentroa erreferente bilakatzeko ezaugarriak ditu, puntako teknologiarekin doitu baitute. Horren adierazgarri dira abiadura neurtzeko Encoder tresnak, oxigenoaren garraioa hobetzen laguntzeko hipoxia- intermitente gelak, ontzien hidrodinamika neurtzeko gailuak, ur hotz-bero kontrasteetan oinarritutako errekuperazio gela edo esfortzu probak egiteko egokitutako gela adibide batzuk baino ez dira.
Arraunketarako eta Piraguismorako Teknifikazio Zentroa Orioko Udalarena da. Orioko Udalak kudeatuko du eta udalak hartuko ditu beregain hemendik aurrerako mantenurako gastuak. Guztira, 5.778.870,70 euroko (BEZ barne) aurrekontua izan du proiektuak. Aipatu zifrak bere barnean hartzen du eraikinaren beraren eta barneko ekipamenduen kostua ere.
Orioko Udalak Teknifikazio Zentroaren proiektua aurrera eramateko hainbat erakunderen diru laguntza jaso du. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak 2.561.035,5 euroko ekarpena egin du (Arrantza Sailetik 1.861.035,5 euro eta Kirol Sailetik 700.000 euro), Gipuzkoako Foru Aldunditik 1.000.000 euroko diru laguntza eman da eta Kutxak 525.000 euro eman ditu. Gainontzekoa, Orioko Udalak jarri du; guztira, 1.692.835 euro.
Erabilerari dagokionez, Teknifikazio Zentroak kluben eta kirolarien errendimendua hobetzea eta herritarren aisialdia uztartuko dituela aurreratu dute.
Arraun Eguneko programazioa
Arrauneko eta Piraguismorako Teknifikazio Zentroaren irekiera ekitaldia asteburu osoan ospatuko den Arraun Eguna jaiaren barnean kokatzen da. Ekitaldi nagusiak larunbatean jarri dituzte, egun osorako programazio zabala antolatu baitute. Jarduera nagusia 18:00etatik aurrera jokatuko den Oria Ibaiko 19. jaitsiera, Babyauto Banderako bigarren, edizioa izango da. Guztira, 62 traineru izango dira, ia 900 arraunlari, lau kategoriatan banatuta: jubenilak (5), beteranoak (11), emakumeak (10) eta seniorrak (36). Lehenengo hirurek 4.000 metroko estropada egingo dute, eta seniorrek, 6.000koa. Estropada eremua Aginaga eta Orio artekoa izango da.
Aurrez, ordea, 17:15ak aldera, Edorta De Anta Juan Pablo Barciaren aurka lehiatuko da arraun egokituan; zortziko beteranoetan, Orioko 1990eko hamarkadako zortziko irabazlea Arraun Lagunak, Olimpic de Barcelona eta Santoñako zortzikoaren aurka lehiatuko da. Piraguismoan Euskadiko rankingeko lehen lau neska-mutilak ikusteko aukera izango da.
Igandean, berriz, egun osoan zehar ateak zabalik izango dira Arraunketako eta Piraguismoko Teknifikazio Zentroan, herritar guztiek eraikin berria bisitatu dezaten.
@zuzeu http://t.co/26ovCBR7qS