Enborra, gizona, emakumea… edo arraina izan daiteke Olentzero

Enborra, gizona, emakumea… edo arraina izan daiteke Olentzero –

Amaiur Aristi Arregik Dantzan.eus atarian.

Enborra, gizona, emakumea... edo arraina izan daiteke Olentzero
Gomezago. Irudia: Ander Hormazuri

Orain dela bost urte Gabonetako oporrak hartu nituen egunean ipuintxo bat iritsi zitzaidan esku artera “Gomezagoren gutuna”, Josu Waliño zumaiarrak idatzitakoa. Gomezago Olentzeroren bertsio arrantzale modura aurkezten du Waliñok. Ipuina argitaratau berritan Olentzero eta Gomezagori buruzko artikulua idatzi zuen Xabier Etxabek dantzan.eus-en, nik ez bezala, ezaguna baitzuen Gomezago.

Nik ez nuen ezagutzen, zerbait berria zela pentsatu nuen, Gabonetako asmakizun modernoren bat. Gure aita zumaiarra izanda ea Gomezago nor zen galdetu nion. Ez zuela ezagutuko espero nuen, baina bat-batean, ederra sorpresa! “Gomezago buru haundi/ Noiz harrapatuko dek arrain hori, / Bart arratseko ordubietan/ Itsasoaren erdian” abestia kantatzen hasi ez zitzaidan ba!

Nik entzunda neukan gure aitak eta “niño jesusen” eskea egiten zutela abenduaren 24an. Izan ere ohitura horri jarraiki, amama Maria Jesusek orain dela oso gutxira arte karamelu poltsa bana oparitu izan digu Gabonetan biloba guztioi “niño jesusen eskeko poltsa zain duzue!” esaten zigun; baina Gomezagoren arrastorik ere ez nuen. Asteburuan amamari bisita egin diot eta aita eta osabari Gomazegoren inguruan galdetzeko aprobetxatu dut, lehengusu gazteak eta biok poz-pozik entzun dizkiegu txikitako kontuak.

.

Niño jesusen eskea eta Gomezago

Goizean kaleko etxeetan “niño jesusen” eskean ibiltzen zirela kontatu digute. Familiako edo gertukoen etxeetara joan, tinbrea jo eta “niño jesusen eskea” oihukatzen zuten. Orduan, umeek oheko almoada izara ireki eta intxaurrak, gaztainak, pikuak… botatzen zizkieten. Mandarinaren bat botatzen bazieten, egun osoko poza izaten omen zen, “mandarina gutxi izaten ziren orduan, mandarina jasoz gero onenak ginen”.

Bazkal ondorenean, berriz, 14:00ak aldera udaletxe aurrean talde handia bildu eta denak batera herriko “jauntxoen” etxeetara joaten ziren Gomezago kantua abestuz. Enpresari, zinegotzi edo alkatearen etxe azpian gelditu eta atarian kantuan hasten ziren, balkoitik txanponen batzuk botatzen zizkieten arte. Bataioetan izaten zen bezala, karamelu eta txanponen bila “txerri burrukan” ibiltzen omen ziren, zeinek gehiago bildu. Sei eta hamabi urte inguruko haurrak ibiltzen ziren eskean, baina zaharragoak zirela tabernan ere kantatzen zutela diote eta tabernariek botatzen omen zieten zerbait.

Arratsaldean, berriz, talde txikitan banatu eta aurrez prestatutako jaiotzak edo estalpeak hartuta eta pandero-jotzailearen laguntzaz kantuan ibiltzen ziren etxez etxe eskean.

.

Arraina edo arrantzalea?

Gure aitak pozez irakurri zuen Gomezagori buruzko ipuin berria eta gustura abestu eta kontatu zidan beraien haurtzaroko ohitura. Bat-batean, ordea, aitortu zidan urtero abesten zuten kantuan aipatzen zuten “Gomezago” ez zekiela arrantzalea zenik. Beti pentsatu izan duela Gomezago arraina zela, berak arrainari abesten ziola. Izan ere Zumaian itsas kabrari Gomexa esaten zaio eta abestiak dioen moduan buru handia dauka.

Osabari grazia egin dio aitaren umetako interpretazioak, “buru handia bai, baina itsas kabrak nola harrapatuko du ba arraina?”. Orduan esan digu berak argi duela arrantzalea dela Gomezago, herrian bazirela Gomez abizeneko arrantzaleak eta seguruenik horiei asmatutako abestia izango dela. Oso argi ez duguna da, harrapatutakoa arraina edo beste zerbait ote den.

Enborra, gizona, emakumea… edo arraina izan daiteke Olentzero

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Zer duzu buruan “Enborra, gizona, emakumea… edo arraina izan daiteke Olentzero”-ri buruz

  • Donostiako tradizioan ere ageri da Olentzero arrantzalea. Honela dio bertako kanta ezagun batek:

    “Olentzero begi gorri
    non harrapatu duk arrain hori?
    Zurriolako arkaitzetan
    bart arratseko hamaiketan”.