Aro berria?

josebaETAk bere ekintza armatuen amaiera iragarri zuenetik sarritan entzun eta irakurri dugun terminoa da aro berriarena. Zenbaitek, gehienek esango nuke, baiezkoaren teoriari eusten diote, gertakizun hark garai politiko batean kokatzen gaituenaren teoriari, alegia. Izan dira ordea, ahots kritikoak ere.

ETAk bere ekintza armatuen amaiera iragarri zuenetik sarritan entzun eta irakurri dugun terminoa da aro berriarena. Zenbaitek, gehienek esango nuke, baiezkoaren teoriari eusten diote, gertakizun hark garai politiko batean kokatzen gaituenaren teoriari, alegia. Izan dira ordea, ahots kritikoak ere. Hauentzat alde bakarreko erabaki batek ezin gaitzake aro berri batera eraman, beste aldearen urratsik gabe ez dute ikusten aro berria bezala defini genezakeen egoerarik.

Baiezkoaren defendatzaileen aldean kokatuko naiz ni. Batetik, sumatzen dudalako giro lasaiago bat ZuZeu bezalako foroetan eta edozein forotan orokorrean politikaz eztabaidatzeko. Eta bestetik ez nagoelako ados beste aldearen urratsik gabe aro berri batez hitz egitea ezinezkoa ikusten dutenekin. Ikara sortzen dit arerioarekiko horrelako mendekotasuna dugula pentsatze hutsak. Alde bakarreko urratsekin ezer aldatzeko gai ez garen egunean, herri gisa desagerturik, hilik geundekeela uste dut. Baina oraindik herria bizirik dagoela sinisteko zantzu asko suma nitzake zorionez.

Nik argudiatutako eztabaida politikorako giro lasaiago hori Pako Aristik ere sumatzen du www.kontraprograma.com atariko Euskal Herriaren independentziarako estrategiak saioan. Oso garrantzitsutzat jotzen ditut bere ekarpenak. Bereak eta beste edozein abertzalerenak. Saio berean Joseba Permachek dioen bezala denok ditugulako iritzi politikoak, ez politikari profesionalek bakarrik. Eta azken hauen jardunak aspergarriak, etsigarriak, errepikakorrak eta kontraesankorrak iruditzen zaizkizunean bi aukera ditugu: politikak gure bizitzan eragingo ez balu bezala jokatu (inozoak gu!) eta paso egin, edo bestela ekarpen berriak aztertu, zabaldu, eztabaidatu.

Asteazken honetan Pakok berak Bilboko Kafe Antzokian 20:00etatik aurrera TOPIKO POLITIKOAK DESEGITEN hitzaldia emango du, duela aste batzuk Koldo Mitxelenan eman zuenaren errepikapen moduan. Saio hartan Pakok izen bat aipatu zuen Euskal Herriko erreferente ideologiko bezala aurkeztuz, Joseba Ariznabarretarena hain zuzen. Onartu beharra dut, betidanik izan dut gogoko Pako, beti gustatu izan zaizkit bere ikuspegi kritikoa, bere patxada eztabaidak eramaterakoan, bere obra…aurrejuzgu positibo batekin entzun nituen beraz Joseba Ariznabarretaren
hitzak kontraprogramako saioan. Baina Pakok egindako goraipamenen berri izango ez banu ere, Ariznabarretak esandakoak, bere planteamenduak, bere kritikak, bere arrazoiak oso gustura entzungo nituelakoan nago. Ekarpen berriak, arnas berria ikusi nuen haren hitzetan. Guregandik sortu eta abiatutako estrategia batez mintzo zen, arerioaren erakundeetatik abiatutakoak jatorritik bertatik porrot bat zirela azpimarratuz. Arrazoiaren jabe denaren segurtasuna transmititzen zuten haren hitzek, PNV eta ezker abertzaleko ordezkariek kontraesan larriak erakutsi zituzten bitartean.

Ariznabarretak KOLDO MITXELENAN martxoaren 15ean 19:00etan hitzaldia emango duela iragartzen duen afixa jaso berri dut emailez. ARO BERRIA? izenburua jarri diote. Irrikaz nago, ilusioz, aspaldiko partez zerbait benetan berria ikusten dudalako, niretzat behintzat bada aro berririk. Ia zer dioskun Ariznabarretak.

2 pentsamendu “Aro berria?”-ri buruz

  • Lehen aldia da Joseba Ariznabarreta entzuten dudala? Nondik irten da tipo hau? Zergaitik ez da bera gure lider politikoetako bat? Kontraprogramako saioa ikusi dut eta Permach eta beste PNV-ko nesa hori ikusteak lotsatuarazi egin zidan.
    Eta bi horiek dira gure estatuta berreskuratuko dutenak? Nola, batek estrategiarik ez dagoela esanaz eta besteak berba ta berba egin eta ezer esan gabe?
    Josebak Donostin hitzaldia duela irakurteak eguna alaitu dit. Martxoaren 15ean bertan ikusiko gera.

  • Ongi berriro Ainhoaletamendia. Arrazoi duzu alde bakarreko urratsekin soilik aldatuko dugula egoera, lortuko dugula independentzia, esaten duzunean. Eta ez dugu etsaiaren bedeinkapenaren zain egon beharrik. Ez eta gure aldekoak izango diren pausuak emango dituen esperantzarekin ere. Egoeraren diagnostiko zehatz bat egin ondoren, Pako Aristik dioen moduan, etorriko dira estrategia bateratu batek markatuko dituen independentziarako pausuak.

    Herri bat badago, autodeterminazio eskubidea dagokio, independentzia dagokio, berez. Eskubide hori ez da baldintzapean jarri behar; ez da bozkatu behar; ez dago gehiengoen eta gutxiengoen baldintzapean. Eskubidea da eta kitto. Erabili edo gauzatu egiten da. Ez du inork baimendu behar. Are gutxiago Estatu menperatzaileak. Herri bat konkistatzen denean, ez zaio galdetzen ea independentea izaten jarraitu nahi duen ala ez. Konkistaren ondoren, Estatu menperatzaileak aprobetxatu egiten du bere dominazio militar eta administratiboak ematen dion abantaila eraginkorra baina mugatua, okupatutako herriaren oinarri soziala aldatu ahal izateko.

    Erabakitzeko eskubideak, aldiz, ez dauka independentzia baldintza bakartzat, aukera desberdinen arteko hautu bat bezala baizik. Okupazio egoera batean, erabakitzeko eskubideak planteatzen duena zera da: borondate nazionala (erabakitzeko eskubidearen emaitza), erabaki behar dela, erregimen okupatzailearen biolentzia eta propaganda monopolioak eragiten duten dominazio politiko, ekonomiko, demografiko eta ideologikoaren menpekotasunean. Espainia “demokratiko” baten baldintzapean gauzatu behar bada “erabakitzeko eskubidea”, beti galtzaile izango gara.

    IPARLAko(http://iparla.wordpress.com/)9. estraktutik ateratako ideiak dira hauek. Oso garbi uzten du gauza kontrajarriak direla “autodeterminazio eskubidea” eta “erabakitzeko eskubidea”, Josebak “kontraprograma.com”eko bideo saioan esan zuen bezala.

    Ea bada, zer esaten digun Josebak aro berriari buruz, martxoak 15ean Koldo Mitxelena Kulturunean emango duen hitzaldian. Hantxe izango gara.