Arndt lider ipini da kronoigoeran
Arndetek Emakumeen Bira bigarren urtez segidan irabazteko urrats polita eman du gaur goizeko lehenengo sektorean. Elorriotik Elgetarako kronoigoerako 5,9 kilometroak osatzen arinena Nicole Cooke izan da (15.09). Arndt bigarren geratu da 15 segundora eta Hausler 27ra sartu da. Txirrindulari biak denbora berean zeuden sailkapenean, baina Hausler zegoen lider moduan. Orain Arndt da liderra.
Aipagarria da Marianne Vosek gaur lortu duen hirugarren postua. Atzo kolpe gogorra hartu ondoren, gaur amorrazioz irten da eta kronoigoera ederra osatu du.
Arratsaldean Iurreta-Murgia
Gaurko jardunaldiak sektore bi ditu. Arratsaldean, 16:30ean, abiatuko da bigarren sektorea Iurretatik. 78 kilometroko etapan, Zumeltza gaina (2. mailako mendatea) pasatu beharko dute txirrindulariek Murgian helmugaratu aurretik. Zumeltza ez da mendate gogorra, baina bai luzea (11 kilometro) eta posible da erasoak jotzea; hala ere, mendate gainetik helmugara 55 kilometro daude, tarte handiegia, beharbada, bakarka edo talde txikian aritzeko. Dena dela, inoizko Birarik borrokatuenean, dena da posible.