Arnaldo Otegi kantuz askatzeko
Arnaldo Otegi kantuz askatzeko
Herri zahar honek ezagutzen du kantuaren indarra; ahoz aho eta belaunaldiz belaunaldi abestu ditu ele zaharrak eta hartu ditu aldarrikapenak ahotan. Horretaz baliatu nahi dira “Free Otei, Free Them All” ekimenaren bultzatzaileak.
Preso duten elgoibartarra askatzeko aldarria kantu bidez eman nahi dute, eta horretarako herritarren laguntza eskatzen da; diru bilketa abiatu dute.
“Helburua, Euskal Herriko bazter guztietan entzungo den abesti bat osatzea eta komunikabide tradizionalen zein Sarekoen bidez mundu osoan ikusiko den bideoklip bat sortzea da; euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez”.
Horretarako, Euskal Herriko hainbat musikari, abeslari eta artista batu ditu jada ekimenak, abestia eta bideoklipa egin asmoz. “Hitzaren aldeko apustua egiteagatik preso dagoen ahots bat isildu nahi izan dutenei erantzun nahi zaie, hainbat ahotsen batasunarekin, hitzez eta kantuz”.
.
Musikariak
Behin kantua Joserra Senperenak konposatu eta Edorta Jimenezek idatzi, estudioan eskarmentu handiko musikari talde batek grabatuko du: Rafa Rueda (gitarra), Karlos Aranzegui (bateria), Migel Artieda (baxua) eta Iñigo Egia (perkusioak).
.
Abesten berriz, kantari sorta ederra jarriko dute: Sorkun Rubio, Furia, Ines Osinaga (Gose), Maite Arroitajaregi (Mursego), Joseba Tapia, Francis Díez (Doctor Deseo), Niko Etxart, Unai Iturriaga, Aitor Gorosabel (Su Ta Gar), Asier Serrano, Jon Gurrutxaga, Uxue Alberdi, Petti, Oier Aranzabal (Lou Topet), Xabi Solano (Esne Beltza).
.
Lana burutzeko 9.000 euroko aurrekontua behar dela-eta, sosak biltzeko kanpaina bat jarri da abian Karena plataformaren bitartez. Parte hartu nahi duenak, hilabete du horretarako.