Txartelak, bonoak eta beste

Txartelak, bonoak eta besteTxartelak, bonoak eta beste. Euskal Herrian urte osoko kontua diren arren, gabon garaian etorriko da gailurra.

Errepresioak sortzen dituen gastuei aurre egiteko, txartelak; ikasle mugimenduak, euskararen aldeko jaialdiek, asanbladek zein elkarteek bonoak; eta orain, abenduan, herri mugimenduko bono guzti horiei gehitu kirol elkarteenak, eskolenak, ikas-bidaietarako ateratakoak, norbanakoen ekimenez sortuak…

Gaur ez nator txartelak kritikatzera, ezta gutxiago ere. Arazoa nik daukat, arazoa ni naiz. Neroni ere ibili behar izan naiz bono sorta oso bat saldu nahian, eta horrek, zorionez edota tamalez, enpatia moduko bat sortzen dit beste txartel saltzaile guztiekin. Inguratzen zaizkidanean ez dakit ezetz esaten (ez badago oso gaizki iruditzen zaidan arrazoiren bat txartel horien atzean, eta oraindik ez zait pasa). Beti amaitzen dut gutxienez bat erosten, enpatia demonioa; bestearentzat gai garrantzitsua izango dela, eta, nire golkorako, pentsatzen dut euro bat ez dela ezer. Beno, gero ere badira 5€-tako txartelak saltzen dituzten flipatuak ere; hor enpatia ezabatu eta slalom egiteko gaitasuna ikaragarri hazten zait. Ostia, bono-laguntzak beti izan dira euro batean; aski da, kopon!

Parrandara irten eta etxera bueltatzean sakelak husten hasi eta txartel bat baino gehiago utzi izan ohi dut mahai gainean. Hurrengo egunean begirada azkar bat bota eta batean “Ezdakitnongo Ezdakitnikzer elkartean jakinaraziko da nor den irabazlea urtarrilaren 29an”, edo “irabazlea ONCE-ko ekainaren 8ko zenbaki sariduna izango da”; eta nik txartela azaroan erosita…

Kontua da txartel denak gelako kaxoi txiki batean pilatzen ditudala; eta oso noizbehinka garbitzea otutzen zaidanean hantxe aurkitzen ditudala denak, denboratan ahaztuta utzitako toki berdinean. Bana-banan bonoak begiratu, eta nire buruari Kubara zenbat bidai galdu ote ditudan galdetzen diot, edo zenbat furgoneta, edo saski eder, edo…

Ba al da sarean inor honi irtenbide bat jarri dakiokeena? Ager hadi, otoi!

Txartelak, bonoak eta beste
bonoak, Ganbelai, Pakito, txartelak

Zer duzu buruan “Txartelak, bonoak eta beste”-ri buruz

  • Irtenbiderik ez tamalez, baina arazoak partekatuta hobe eramaten direnez, idatzitakoa neronek hitzez hitz errepikatuko nukeela adierazi.
    Kausa onak diruz lagundu behar direla garbi edukita nik nahiago dut unean bertan saria jadotzeko moduko formulak erabiltzea, halako zeraren aldeko pintxoa eta horrelakoak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude