Arma bidalketari ez

Arma bidalketari ez –

Orain pentsatuz gero badirudi Irakeko gerraren aurkako manifestazioak pleistozenoan izan zirela, hain azkar dihoan mundu honetan 20 urte eternitate bat delako. Ezberdintasunak nabariak dira: NATOk tropak bidali zituen zuzenean, gerra deklarazio “garbi” bat egon zen… Baina, egiari zor, gure agintariek ez al gaituzte gerra batean sartu oraingoan ere?

Arma bidalketari ez
Argazkia: OTAN EZ Plataforma

Ukrainara armak bidaltzeak ate oso arriskutsu bat zabaldu zuen. Aurrena arma arinak izan ziren, eta orain tankeak. Zer etorriko da ondoren? Gerra itsasontziak? Hegazkinak? Eta jarraian? Errusia potentzia nuklearra da, eta gatazka parametro militarretan indartzeak hondamendira eraman gaitzake.

Bagenekien Irakeko petrolioarengatik zela, ez suntsitze gaitasun handiko armengatik. Badakigu Ukraniakoa Errusia eta EBren arteko gas salerosketarengatik eta beste faktore ekonomiko batzuengatik dela. Euskal Herria okupatzen duten bi estatuek gerra batean sartu gaituzte, eztabaida sozialik gabe, galdetu gabe, eta ez dezagun ahantzi herri honek ezezko borobila eman ziola NATOri bere garaian.

Bihar 20 ibilgailu blindatu bidaliko ditu espainiar armadak Ukraniara, Bilboko portutik, eta aurrerago tanke gehiago bidaliko dituzte, ARGIAk jakitera eman duenez.

Aste honetan ere jakin dugu Euskal Herriko zenbait eskualdetan gauerdian entzundako eztanda izugarri batek urratu zuela zerua. Dirudienez espainiar armadaren gerra hegazkin bat zen, soinuaren abiadura gaindituz, GUAIXEk argitu duenez. Ahaztu gabe saltsa guzti hauetan hemengo armagintza enpresek daukaten zerikusia.

Txina eta AEBren arteko lehia ekonomikoak erdian harrapatu du Europa, eta EBk NATOren morroi izaten jarraitzea deliberatu du, europarron kaltetan.

Gerrari ez, NATOri ez. Negoziazioari bai, irtenbide baketsuari bai.

Arma bidalketari ez