Arlo publikoa indartzeko, zerga erreforma premiazkoa da

Arlo publikoa indartzeko, zerga erreforma premiazkoa da –

Arlo publikoa indartzeko, zerga erreforma premiazkoa da

Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak eta Endika Perez ekintza sozialeko arduradunak prentsaurrekoa eman dute gaur Bilbon. Arroyok salatu duenez, “azken hamarkadetan egindako zerga politikek zerbitzu eta politika publikoak ahuldu dituzte, erronka estrategikoei aurre egiteko inoiz baino premiazkoagoak ditugunean. Datorren hamarkadan osasun sistema publikoa indartu, zaintza sistema publiko komunitarioa sortu edota bidezko trantsizio ekologikoa sustatzeko baliabideak behar ditugu. Zerga politika berri bat justiziazkoa ez ezik, premiazkoa ere bada”.

Azken hamarkadetan Hego Euskal Herriko aldundiek garatu duten zerga politikaz LABek egindako azterketaren berri eman du Endika Perezek, behar baino diru gutxiago biltzen dela azpimarra eginez. Perezen hitzetan, Europar Batasuneko bataz besteko presio fiskaletik 7 puntuko aldera kokatzen dira egun Hego Euskal Herriko lurraldeak, eta parekatuko bagina, Eusko Jaularitzak ia 6.700 miloi euro eta Nafar Gobernuak ia 2.300 milioi euro gehiago bilduko lituzkete. Aldundiei eta kupoaren zatia kenduta, Hego Euskal Herrian 4.600 miloi gehiago izango genituzke zerbitzu publikoak indartu eta garatzeko.

Modu berean, Ekintza Sozialeko arduradunak arreta jarri du bi zerga nagusitan, Sozietateen Gaineko Zerga eta Pertsona Fisikoen Gaineko Zergan hain zuzen. Biei erreparatuta ondorio nagusia aipatu du: “2007tik hona kapital errentek ekarpen txikiagoa egiten dute Sozietateen Gaineko Zergaren bidez eskaini zaizkien kenkari, murrizpenei eta kargen tsa jaitsierari esker. Hori gutxi balitz, PFEZn kapital errenten ekarpena mantendu den bitartean (415 miloi euro), lan errenten ekarpena 5.000 miloitik 7.591 miloi eurotara igaro da. Enpresen mozkinak handitu dira, lan mundua prekarizatu baina langileon ekarpena da ogasunetako zatirik handiena”.

Arlo publikoa indartzeko, zerga erreforma premiazkoa da

Igor Arroyo koordinatzaile orokorraren iritziz, Hego Euskal Herrian aplikatutako zerga politikek enpresariei eta errenta altuei mesede egitearren zerbitzu eta politika publikoen irismena mugatu egin dute. Gipuzkoan EH Bilduk egindako aldaketa mugatuak atzera bota zituen EAJk eta Nafarroa Garaian azken bi legegintzaldietan egondako aldaketak ez nahikoak izan dira. Aipatutako salbuespen mugatu horiek salbuespen, EAJk eta UPNk defendatzen duten zerga politika izan da nagusi. Honela, beste lurralde batzuekin alderatuta Hego Euskal Herrian aberastasun handia sortzen bada badago ere, aberastasun horren portzentaia txikiegia bideratzen da zerbitzu eta politika publikoetara.

Horrela, politika fiskalean ditugun eskumenen inguruko gogoeta ere egin du Arroyok. Gasteizko eta Madrileko gobernuen arteko Batzorde Mistoan erabakiak ahobetez hartu behar horrek Estatuaren beto eskubidea agerian uzten duela aipatu du LAB sindikatuko Koordinatzaile orokorrak. Beharrezkoak ditugun eskumenak aldarrikatzearekin batera, burujabetza fiskala justuagoa eta progresiboa izango den politikak garatzeko erabili behar direla salatu du, “EAJk ditugun eskumenak presio fiskala langileongan ezarri eta patronalari mesede egiteko darabil, Aberastasunen gaineko zerga ezartzeari uko egitean argi geratu den bezala”.

Arroyoren iritziz, zerga eta aurrekontu politika horren ondorioak nabarmen geratzen ari dira. Osasun sistema publikoan dauden gabeziak salatzen ari dira hala langileak nola erabiltzaileak, zerbitzu publikoetako langileak grebetara doaz, Mugimendu Feminista zaintza sistema publiko komunitarioa eratzea aldarrikatzen ari da, pentsiodunek 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, gure energia azpiegiturak eta industria birmoldatu beharra dago… Euskal Herrian badago gaitasun ekonomikoa eta humanoa erronka horiei heltzeko, baina EAJren kudeaketa okerrak administrazio publikoen ekimen gaitasuna mugatu du. Premiazkoa da zerga erreforma sakon bat egitea, Hego Euskal Herria Europako lurralde aurreratuenekin parekatuz.

Zerga politikaren eztabaidari behingoz heldu behar zaiola iritzita, honako hauek dira LABetik defendatzen ditugun proposamen nagusiak:

  • Kapital errentei %1 eta %10 arteko errekargoa.
  • Elkarteen zergaren kenkariak ezabatu eta %35eko tipo nominala.
  • PFGZn kapitalaren errentei lan errenten trataera bera eman eta gehienezko tipoa %60ra igotzea.

Arlo publikoa indartzeko, zerga erreforma premiazkoa da