Arineketan lan eginez gero, ezin da behar bezala zaindu
Arineketan lan eginez gero, ezin da behar bezala zaindu –
Egoera adinekoen egoitzetan eta eguneko zentroetan, desgaitasun-zentroetan, tutoretzapeko pisuetan, etxez etxeko laguntzan eta, oro har, zainketa-sektore osoan jasanezina eta prekarioa da. Eredu hori agorturik dago, eta dituen gabeziak pandemia honetan inoiz baino ageriagoan geratu dira. Ez da txiripazkoa izan gaixotu diren pertsona anitz zainketa-zerbitzuetan artatuak izatea edo beraietan lan egitea, eta zerbitzu horietako gehienak pribatizatuak izatea. Zerbitzu horiek merkantilismoaren pean utzita, emaitza ezin txarragoa da, jendea gaixotu eta hil egiten da, eta zainduak izateko behar handiena dutenak gizatasunik gabe zaintzen dira.
Horregatik ezinbestekoa da zainketa-sistema merkantilismoaren hatzaparretatik askatzea, eta bestelako eredu baten bila abiatzea, eredu profesional, publiko, duin eta doako baten bila. ELAk, urtarrilaren 26an, greba orokorrera deitu zuen Nafarroan, pertsona babesgabeenak artatzen diren sektoreetan, iazko azaroaren 17ko grebaren jarraipen gisa.
Egia esan, zainketa profesionalizatu gehienak enpresa pribatuen eta putre-funtsen esku daude, eta antolakunde horietan etekinak lehenesten dira pertsonak zaintzearen gainetik. Hori guztia, gainera, diru publikoaz finantzatzen da.
Sektore horietako profesionalen lan-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da arreta duin eta integrala lortzeko. Nafarroako 70etik gora zentroetako gehienak (zahar-egoitzak eta eguneko zentroak) estatu-esparruko lan-hitzarmen baten pean daude, eta zentro bakan batzuek soilik dituzte enpresa-esparruko hitzarmena.
Estatuko hitzarmenak ezartzen duen lan-prekarietatearen ondorioz ez dira betetzen Nafarroako Gobernuak proposatutako ratioak: 7 minutu baino ez dira ematen pertsona bakoitzari arretan, 88 minutu egun osoan. Hau da, egunean 22 ordu eta erdiz ezin zaie eskaini egoitzetako erabiltzaileei behar duten arreta.
Horri lan-baldintza guztiz eskasak gehitu behar zaizkio: gerokultoreen soldata hilean ez da 1.000 euro gordinera iristen; lanaldia, aldiz, eskerga da urtean ia 1.800 ordukoa, hilean asteburu bakar batean atseden hartuz eta bajen osagarririk gabe, besteak beste. Sektore honetan, gainera, ohikoa da arazo psikikoak dituzten pertsonekin aritzea, eta batzuetan erasoak eta irainak jasan behar dira, langileei karga psikosozial handia dakarkiena.
Beharrezkoa da, beraz, hitzarmen bat egitea Nafarroako egoitzetarako eta eguneko zentroetarako. Lan-baldintzen hobekuntzan urrats garrantzitsua egitea litzateke, eta langileen eskubideak errespetatzeko oinarria litzateke, etengabe urratzen baitira. Ezinezkoa da kalitatezko arreta ematea hain lan-baldintza ziztrinak edukiz.
Bestalde, Nafarroako hitzarmen baten bidez zainketen kalitatea hobetuko litzateke. Ezinbestekoa da kalitatezko zaintza ahalbidetuko duten ratioak ezartzea eta betearaztea. Ezin da artatu kronometro bat eskuan duzula, 7 minutu pertsonako, eta gero 22 ordu eta erdi egunean bertan behera utzi, merezi duten arreta ematerik izan gabe.
Diru publikoz finantzaturiko sektorea da. Nafarroako Gobernuak horretan duen erantzukizuna arras zuzena da. Beharrezkoa da agenda politikoan bi puntu hauek sartzea: zaintza-eredua aldatzea eta Egoitzen Hitzarmen bat sortzea. Eta horretarako, beharrezkoa da greba egitea urtarrilaren 26an zainketa-sektoreetan.
…
Kati Lopez Molina, Amma Mutilvako ELAko ordezkaria
Josetxo Mandado Aguerri, Gizarte-osasuneko arloko ELAko arduraduna