Ares Madrilera; Jaurlaritzan zer?
Rodolfo Ares -en etorkizuna Madrilen dago. Hala diote Noticias taldeko egunkariek, azken egunetan bolo-bolo zebilen berria argitaratuz. Jaurlaritza utziko du beraz, eta Madrilgo gobernuan hartuko du ostatu. Rubalcabaren konfidantzakoa dela diote, baina zail da definitzen zertarako nahi duen ondoan orain arte Espainiako Gobernuko Bozeramale eta Barne Ministroa izan denak.
Rubalcabak, Espainiako Gobernurako hauteskundeak ailegatu bitartean, euskal gatazkaren konponbidean aurrerapausoak emateko nahi ote du Ares ondoan? Ares, gogoratu, euskal presoen argazkiak erretiratzeko hain gartsuki agertu zen Herrizaingo Saileko Barne Sailburu ez ezik, Loiolako elkarrizketetan mahaian egon zen ordezkarietako bat ere bada. Espekulazioak espekulazio, ikusi egin beharko da ze ardura hartzen dituen Madrilen. Zenbait bozen arabera, Barne Ministeritzan goi karguren bat bete dezake.
Albiste honen beste aldea Jaurlaritzan dago. Madrilen begietara garrantzia galdu duenaren beste arrasto bat da. Lopezek bere eskuineko eskua galduko du, orain arte dagoena baino egoera zailagoan utziz Jaurlaritza berez ahula. Pisu askoko kargu bat gehiago galduko du PSEk Madrilen zerbitzurako. Lezioa argi dago: PSEk, indar garrantzitsua izan nahi badu EAEn, autonomia irabazi beharko du metropoliko alderdiarekiko, bere zurrunbilo destruktiboak jango du bestela.