Ardiak eta jendea
Ardiak eta jendea –
(Argazkiaren goiko ezkerrean klikatu, gauzak ondo ikusi behar dire eta.)
Negu aldia bukatu eta udaberria etortzearekin batera Aralarrerako bidea hartzen dute inguruko artzainek. Garai batean etxaldetik bordarako bide hori oinez egiten zuten, eta artaldeak herrietatik pasatzen ziren. Giro hura berresuratzeko asmoz edo, hasi ziren orain hamazazpi urte artzai eguna ospatzen. Gaur ikusi duguna beraz antzezpen bat da. Garai batean egiten zenaren antzezpena.
Baina antzerki honek ez du dena fikzio. Gure herrietako kaleetatik pasatzen ez badira ere, artzain eta ardiek mendirako bide hartzen dute, uda aldeak mendi magaletan pasatzeko.
Bitxia da, baina aspaldi ikusitako pelikulatxo batean, gizon izateko, artzain eta gizon izandakotan banatzen du gizartea. Gaur hori sumatu dut Ordizian: Gizon izandako artzain zaharrak, artzainak eta gizon izatekoak. Barkatu, gizon eta emakume izatekoak eta artzain zaharra mendian zen bitartean baserriak gobernatu eta plazetara joaten ziren emakumeak ere bai.
Kaleko haur eta gaztetxoek zuten irrika berarekin ikusi ditut zaharrak, artaldea noiz pasa zain. Futbolzale batek Mesiren zangoak miresten dituen pasio berarekin begiratzen dituzte ardien errape edo aharien adarrak.
(Honi ere bai!)
Eta hori gustatu zait: Izandakoek ez dute irrikarik galdu eta artzainek mendira joaten jarraitzen dute. Kezka da, irrikaz begiratzen zuten izatekoak, izango al dira artzain?
Ardiak eta jendea
Irudia | Zaharrak artaldea pasa zain. | Zuri So | Creative Commons By SA