Arbolaren egia

Arbolaren egia –

Apirilaren 8an, Koldobika Jauregiren «Arbolaren egia» eskulturaren estreinaren kari egin hitz hartzearen transkripzioa.

Harold Good, IRAren armagabetzean parte hartu zuen apaiz protestantea « Arbolaren Egia »ren estreinan.

Duela urte bat egunez egun, iragan zen armagabetzea, egun historikoa bakearen bidean. Armagabetze horrek paisaia aldatu du. Obra hau, aldaketa horren sinboloa da. Obra hau historiaren zentzuan kokatzen da: Aiete, Luhuso, 2017-ko apirilaren 8-aren ondotik.

Lehen lehenik, nahi dut hemen ohoratu Mixel Bergouignan-en memoria, bide lagun genuena Luhuson eta iazko apirilaren 8-an. Egoera blokatu bat gainditzeko hartu inplikazioeri lotua geldituko da bere izena betirako.

Luhuso eta armagabetzearen ondoren, zerbait desblokeatu da. Lan espazio bat ireki da justizia ministeritzarekin. Eta, «konfiantza» hitza erabiltzen ahal dugu harreman hori kalifikatzeko.

Lehen emaitzak hor dira bainan urrunago joan behar da, eta nahikaria hor da urrunago joaiteko. Bizi izan dugun aste buru hau intensitate haundiko momentoa izan da.

Ostiraleko foroa bitimeri dedikatua zen, eta larunbatekoa presoeri.

Bainan, bitimetaz mintzatu garelarik, mintzatu gara ere presoetaz. Eta presoetaz mintzatu garelarik, mintzatu gara ere bitimetaz: Bitimetaz mintzatzea ez baita presoen ahanztea. Eta presoetaz mintzatzea ez baita bitimen ahanztea! Bitimen hurbil hurbileko pertsonek erran daukute ostiralean ez zutela nahi beren sufrimendua instrumentalizatua izan zadin batzuen edo besteen aldetik. Ez dutela baliatuak izan nahi tensioak elikatzeko, gorrotoa eta mendekua garatzeko, urratsak ezinezkoak bihurtuz.

Biktima guzieri zor diegu Egia, Errekonozimentua,Erreparazioa.

Presoei dagokienez, errana izan da bakea posible bihurtuko duten gakoetarik bat direla, eta behar zaiela aukera eman bake prozesuan parte hartzeko. Salbuespen neurri guziak kendu behar dira, eta legedia aldatu, bake prozesuari egokituz: hola gertatzen da bake prozesu guztietan!

Arbolaren egia

Gaur estrenatzen dugun obra, transizioaren sinboloa da: Hainbeste sufrimendu, alde guzietan, ekarri duen iraganetik, gorroto eta bortizkeriarik gabeko etorkizun batera eramanen gaituen transizioa.

Arma bat lurrean sartua eta biziaren arbola bilakatzen: ba ote da hau baino sinbolo ederragorik? Zorte bera desiratzen diegu mundu hontako arma guztieri! Zorte bera desiratzen diegu bakearentzat hoin hirriskugarri diren tensio estrategi guzieri…

Obra hau deitzen da “Arbolaren egia”. Ez da deitzen “Egiaren arbola”, ez baita, foroetan errepikatua izan den bezala, egia BAT, ez baita errelato BAT, ez baita memoria BAT. Guri da, memoria guztiak  elkarrekin bizitzen ahalko diren memoria kolektiboa eraikitzea. Gu denori dagokigu, ezer ahantzi gabe, eraikitzea ondoko belaunaldiei transmititu nahi diegun Euskal Herria!

Michel Berhocoirigoin – Enbata.info

Arbolaren egia

Gamarten laborari, Euskal Herriko Laborantza Ganbararen Lehendakaria, ELBko militante eta Confédération Paysanne-en sortzaileetakoa.

Zer duzu buruan “Arbolaren egia”-ri buruz

  • Marka da gero, Michel! Armagabetzea gora eta behera eta ETAri aipamenik ez?, (IRA aipatzen duzu) armak erabili dituen agente aktiboa eta hainbeste hilketa, bahitze, estorsio eta abar burutu dituen erakunde armatua ematen du ez dela esistitu. Hemen izan den biolentzia zerutik eroria edo, eguraldia bezala, gertatu dela dirudi. Zuek egiten ari zaretena propaganda itzela da eta ETAren iraganaren zuritze operazio bat