Arazoaren muina

Arazoaren muina –

Arazoaren muinaAbenduaren 21a da gaur [atzo], Santo Tomas eguna eta ez da urteroko azokarik izango. Jende askok pena handia hartu du ezingo duelako egun eder hau ospatu eta beste askok ezingo dutelako egun horretan lanik egin, Euskal Herriko baserritar askok esaterako. Covidaren egoera latza dela eta hartutako erabakia izan da. Ez omen da komenigarria kalean hainbeste lagun elkartzea egoerak egoera. Bien bitartean, denda handiak jendez josita daude. Kultur jardunetan ere kezka handia dago eta zer esanik ez ziurgabetasun izugarria. Ekimen batzuk bertan behera ere geratu dira. Bazirudien pixkanaka pixkanaka galdutako erritmoa hartzen ari zirela trabak traba, baina arau berriak berriz ere arazoak dakarzki kultur mundura. Jende bati kultura jasotzeko eskubidea murriztu egiten dio, herritarrak beste herritarrak kontrolatzen jarri ditu eta kultura segurua dela aldarrikatzen aritu garenak etsita erabat. Ez kezkatu! joan gaitezke milaka lagun futbola ikustera.

Tabernari eta jatetxeko langile eta jabeak ere ez dira oso egoera onean. Denbora luzez itxita egon ondoren, bazirudien martxa hartzen ari zirela. Haien egun beltzak argitzen ari zirela. Baina ez da horrela. Orain haiei tokatzen zaie kafea edo basoerdia hartzera datozen betiko edo ez betiko bezeroei pasaportea eskatzea, beste herritar bat kontrolatzea. Horrek dakarren guztiarekin gainera, haserreak, erantzun txarrak, lan gehigarria eta zenbait kasutan gastu gehiago.

Osasun langileengan ere pentsatzen jarri beharko genuke. Ikaragarrizko presioarekin ari dira lanean. Ez hori bakarrik, lana asko handitu zaie eta deskantsatzeko aukerarik ere ez dute apenas. Batzuk leku batetik bestera dabiltza «beharraren arabera» postu batetik bestera, lehen mailako arretatik covidaren egoerari erantzutera. Horrek dakarren guztiarekin. Gaixotasun askori ez zaie erantzunik ematen ari, ebakuntza asko atzeratu dituzte, gaixotasun askoren jarraipenik egiteko aukerarik ez dute…eta gainera, covidaren egoerari ezin diote ondo erantzun. Rastreatzaile nahikorik ez, konfinatuta (edo ez) zer egin ez dakiten lagunak… Horri aurre egiteko goitik datozen gomendioak ahal den jende gutxien elkar dadila eguberrietako egunetan, ez abestu, ez besarkatu besteak beste.

Zein da ordea benetazko arazoa? Txertoa bai edo ez eztabaidan ez naiz sartuko, nik nire iritzia badut ere. Kontrol soziala ikaragarria izaten ari da. Herritarren arteko kontrola handitu da/dute/dugu. Herritarron arteko eztabaidak era oso mingarrian goraka doaz, gure artean ari gara mokoka. Ez goaz bide onetik. Egoerari erantzun bateratua eman behar diogu. eta herritarrak izango dugu egitekoa, bai.  Halere, errua eta erantzukizuna ez dago herritarrengan. Erakundeek eta erakunde horietan agintzen ari direnek hasi beharko dute bere lana behar bezala egiten, egin behar dituzten aldaketak egiten eta behar den gauzetan arreta eta baliabideak jartzen.

Arazoaren muina
Arazoaren muina

Irakaslea Gasteizen. Internazionalismoa eta euskalgintza.