Eusko Ikaskuntza eta monarkikoak

Eusko Ikaskuntza eta monarkikoak – 

Gaur bezalako egun batean, 1918ko abenduaren 22an, Eusko Ikaskuntzaren lehen Kongresua ospatu zen Oñatiko Unibertsitatean. Ekimena, orduko Euskal Herriko 3 elizbarrutien (Gasteiz, Iruñea eta Baiona) eta Hego EHko 4 foru aldundien (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa) laguntzaren pean ospatu zen. Bertan bildu ziren euskal gaien inguruko interesa zuten hainbat jaun, 1919an Donostian argitaratu zen akta-liburuan ikusi daitekeen bezala.

Joseba Agirreazkuenaga Doktoreak (EHU) 1918ko Eusko Ikaskuntzen Kongresua eta historialariak gai dituen erreportaje bikaina idatzi zuen 2018ko martxoaren 10ean (Deia, 18-19. or.). Testu hori bera berreskuratu du Sabino Arana Fundazioak (SAF) gaur, Antonio Gezalak II. Kongresurako egindako kartel nostalgiko bezain erdalduna lagun.

Eusko Ikaskuntza eta monarkikoak
Gezalaren kartela, Eusko Ikaskuntzaren II. Kongresurako. Iruñea, 1920

Agirreazkuenagak zein SAFek aipatzen duten informazio guztia interesgarri bezain fidela da, nahiz eta bati zein besteari 2 datu nabarmen falta zaizkion; lehena, Oñatiko Kongresua nork eta Espainiako Alfontso XIII.ak ireki zuela, eta zeinek eta Esteban Bilbaok itxi. Bata zein bestea gogoratzea beharrezkoa da Kongresu horren izaera plurala ulertzeko, eta bereziki bigarrenarena, Hego EHko etorkizuna modu nabarmenean markatuko zuena.

Alfontso XIII Borboikoa (Madril, 1886 – Erroma, 1941) ez zen Oñatin ‘telonero’ hutsa izan: Ikaskuntzaren Ohorezko Lehendakari izendatu zuten, eta handik hilabete batzuetara sortuko zen Euskaltzaindiari Real goitizena jarri zion. Emilio Beladiez-ek gaizki dataturiko aipu batek Erregeak Oñatin esandakoak jasotzen ditu: Cultivad vuestra lengua milenaria, venerable joya preciada que recibisteis de vuestros antepasados y que debe llegar incólume a vuestros hijos (Pensamientos de Reyes de España, Prensa Española, 1972, 293. or.).

Antza denez, 14 urte lehenago Bartzelonan egon zen Borboikoa, eta bertoko Nekazal Institutuari zuzendutako hitzaldian katalana ez jakiteaz lotsatu zen (Ibidem). Hitzez gandi, ekimenei begiratuz ez dirudi monarka bertoko hizkuntzen aparteko zalea zenik, edo izatekotan, baliteke katalanen eraginez izatea; Frantzisko Cambó-k 1904an lehen aldikoz irakurri zion Erregeari Kataluniaren eskubideen aldarrikapena, eta 1918an Antonio Maura-ren gobernuko ministro bihurtu zen Cambó, Alfontso XIII.ari fidel.

Handik lasterrera etorri behar zuen Primo de Rivera-ren diktadura, hain justu Bilbaok onartuko zuena, Alfonso XIII.ak bezala. Pertsonaia bitxia dugu Esteban Bilbao Egia (Durango, 1879 – 1970); tradizionalista eta monarkikoa izaki, Eusko Ikaskuntzaren sorreran lagundu zuen lehen uneetatik. Idoia Estornés-en hitzetan Gizarte Ikerketen Sekzioko ordezkari izendatu zuten, hartako aholkulari sendo.

Bilbao Legeetan doktore izan zen, aristokrazian bete-betean sartutako euskotarra (euskalduna, ez dakigu) eta politika-gizona. Ohoreak besterik ez zituen euskararentzat, bere espainolismo sutsuarekin bateratzen zuena:

¿Habéis visto, señores, acaso algún pueblo que escriba sus leyes y documentos en una lengua extraña, teniendo una lengua propia tan hermosa como lo es el vascuence? ¡Ah! pues éste es el pueblo vasco, cuyos fueros están escritos en castellano.

Horiek esan zituen 1935eko abenduaren 24an, Donostiako Urumea Frontoian (Discursos, Editora Nacional, 1970, 138. or.). Urumeako diskurtsoan Amad a Euskalerría hasta el delirio ere agindu zuen, eta baita su lengua milenaria y venerada ere (Ib., 143. or.). Egia esan, pentsamendu hauek guztiak 1936ko Euskal Estatutuaren kontra egiteko erabili zituen, Lizarrakoa EAJ-rekin sostengatu bazuen ere.

Gerra Zibila amaituta Franco-rekin kidetu zen Bilbao, Espainiar Gorteetako lehendakaritza eta Justizi Ministeritza beregainduz. Tradizionalistek Francori zioten leialtasunaren fikzioa mantendu zuen; izan ere, Francoren alderdi bakarrak Falange Española Tradicionalista izena hartu, eta ia tradizionalista guztiak euskal basoetara bota zituen, Ricardo de la Cierva-k dioen bezala (Historia del Franquismo, Planeta 1975, 126-130. or.). Erregimenak Estatuko edozein diferentzia-elementu erasotzen hasi zen orduan, tokiko hizkuntzak eta kultura barne (Ib., 132. or.).

Testu honen itxiera ez da Oñatiko Kongresuan Bilbaok egingo zukeen bezain ederra, baina egiaren bidetik aipagarriak dira hemen esandakoak. Baliteke pertsonaia hauen existentziak, amorruaz beste, gure memoriari esperantza pittin bat ekartzea: gaur euskaltzale dena bihar epeldu badaiteke, kontrako bidea ere egin daiteke. Azken hori da EHn gogoratu beharreko erronka, murgiltze ereduak Espainian zein Frantzian kolokan jartzen ari diren garai latz hauetan.

Eusko Ikaskuntza eta monarkikoak

Komunikazio irakasle eta iritzi emaile. "Ausartzea bertute haundia, zuhurtziaren lagun beharra"

Zer duzu buruan “Eusko Ikaskuntza eta monarkikoak”-ri buruz

  • josu naberan 2021-12-23 13:47

    Joseba Agirreazkuenagak, busturitarra bera, ni neu bezala, mespretxu egin zidan behin, Bilbo-Bidebarrieta Bibliotekako zuzendari zela..

    Baina Joseba ren liburua, Karlista eta Liberalei buruzkoa, zeharo anti-zientifikoa da. Liberalen aldeko lente lainotuez biziatua.