Arantxa Tapia: “Alderdi guztiek dituzte arimak, pertsonak hainbat”

Arantxa Tapia: “Alderdi guztiek dituzte arimak, pertsonak hainbat”

Belgikako kazetari batekin zuen hitzorduaren ostean etorri da Arantxa Tapia (1963, Astigarraga) Ekonomia, Garapen eta Lehiakortasun sailuburu eta hautagaia Garoara. #BirraBat ekimeneko azken saioa da eta Tapia iristerako liburu-dendako aulki guztiek dute bere jabea. EAEko hauteskundeetan beti irabazi du EAJk, eta badirudi irailaren 25ean hori ez doala aldatzera. Aitzitik, Tapiak abixua bota du birra eskuan: “kontuz ibili behar da. Inkestek askotan gezurra diote”. Gezurra ala ez, faboritoarekin hitz egitera goaz.  Jesarrita jada, solasaldia hastera doa.

Arantxa Tapia: "Alderdi guztiek dituzte arimak, pertsonak hainbat"
Argazkilaria: Imanol Goenaga Egibar

Liburu denda batean gaudenez, gomendatuiguzu liburu bat.

Ba begira, orain bi liburu ditut esku artean, eta biak gomendatuko dizkizuet. Bata, “Los dueños del viento” Patxi Irurzunena eta bestea aldiz ‘Thinking fast and slow’, Daniel Kahneman autorearena. Azkena ingelesa pixkat praktikatzeko nabil irakurtzen. Tartean tartean, gustatzen zait ingeleraz irakurtzea. Batzutan inpulsiboa naiz, beste batzutan aldiz hausnartzea gustatzen zait eta liburu honek ondo azaltzen du bikoizkeria hori. Ez dakit gomendatzeko modukoak diren, baina, niri gustatzen zaizkit.

Sailburu zara eta gainera dena bizkorra eta intangiblea den garaiak bizi ditugu. Denbora baduzu irakurtzeko?

Beti gustatu izan zait irakurtzea eta ariketa bat da niretzat. Lana amaitu eta etxera iristen naizenean, pixkat deskonektatzea gustatzen zait. Eguneko gaiekin burua oso azkar joan ohi da, eta liburuak istorio batean sartzen laguntzen dit. Beste zerbait ezberdina egiteko. Ondo lo egiten laguntzen dit. Ordu erdi bat hiru ordu laurden egunero dedikatzen dizkiot irakurketari.

Musika. Euskal musikari bat?

Oso tradizionala naiz. Niri Benito Lertxundi gustatzen zait. Niri Xabier Lete aldamenean jartzen badidazu, horiek biak asko gustatzen zaizkit. Ez diot besterik ez dagoenik eta euskal musika ez zaidanik gustatzen, baina hautatzekotan bi horietako bat hautatuko nuke.

“Biztanleekin konektatzen asmatu du EAJk”


Zinemaldian gaudela probestuta. Definitu zazu euskal politika zinema genero batekin.

Ba ez dakit… Historikoa ez. Zaharregia litzake horrela definitzea. Realismoa duen autore zinema edo horrelako zerbait. Zerbait berezia dena eta gure historia kontatzen duena.

Independientea.

Bai. (Publikoa barreka)

Hautagai denei aipatu diegu kultura hiriburutzan gaudela. Polemika eta ezadostasunak sortu dituen kontzeptua edo proiektua izan da. Nola ulertzen du kultura Arantxa Tapiak?

Gure herrian kulturak hainbat hegi ditu. Gauza asko dira kultura. Geroz eta anitzagoa da, geroz eta atzerritar gehiago moldatzen da gurera. Kultura hiriburutzaren baitan egin diren ekimen asko, kultura izanagatik ere, adin bat dugunontzako arraroak dira. Ikasi behar dugu guztiak uztartzen gure betiko kulturarekin, tradizionalarekin. Eta horretan lagundu du Donostiako Kultura Hiriburutzak.

Asmatu da 2016 hiriburutzarekin?

Beti dago zerbait hobetzeko, proiektu guztietan, norberaren lanean… baina zerbaitetan lagundu baldin badu, Donostia mundu mailan kokatzen izan da. Aldi berean, Donostiara kultura ulertzeko modu ezberdinak ekarri ditu. Hori azpimarratuko nuke. Hortik aurrera ziur badirela gauzako hobetzeko. Beste urte batean eginen balitz, beste era batera egingo litzateke.

Arantxa Tapia: "Alderdi guztiek dituzte arimak, pertsonak hainbat"
Argazkilaria: Imanol Goenaga Egibar


EAJk beti, beti, beti, beti irabazten du. Nola da hori?

Lehendakariak eskaini mitin batera etorri izan bazina, esango lizuke formula magikorik ez dagoela. Benetan herria ulertzeko moduagatik izan da, herria ulertzen asmatu dugulako. Eta, batez ere, lana, lana, lana eta lana. Ez dago besterik. Biztanleekin konektatzen asmatu du EAJk, hori izan leike arrazoia. Baina, kasu, lanik gabe beste guztia alperrik da.

Ez dago parekorik inguruan, ez? Beste lekuetan aldaketak egon dira, eta hemen inkesta guztien arabera, badirudi EAJk berriz irabaziko duela.

Azpimarratu nahi nuke, halaber, krisialdi honetan, aurreko udal eta foru hauteskundeetan gauza bat oso argi ikusi dela. Agian herri bakarra izango gara, zeinetan Gobernuan zegoen alderdiak, ez baituen galdu boterea. Horrek esan nahi du konektatzen dugula pertsonekin. Beharrei egokitzen badakigula transmititzeko gaitasuna dugu.

Zein da gehien markatu zaituen lehendakaria?

Bakoitzak bere garaia izan du eta nik uste guztiak izan direla garrantzitsuak Agirre lehendakariarengandik hasita. Bi hartuko nituzke, beraiekin lan egin dudalako. Agian hurbilagotik ezagutu ditudalako. Euren politikak eta moduak hobeto ezagutu ditudalako. Hala ere, lehendakari guztiek izan dute bere momentuan garrantzia.

EAJk bi arima omen ditu. Zein da zurea?

Nirea Arantxarena.

Ulertu didazu.

Alderdi guztiek dituzte arimak, pertsonak hainbat. Nik uste hori nahiko argi dagoela. Eta beti herriaren arabera, alde batera edo bestere eramaten dira gauzak. Batzutan egin daitezke oso azkar eta beste batzutan polikiago. Nik uste alderdian, zentzu horretan, arima bat eta bakarra dagoela. Guztiok gaudela proiektu baten atzean. Eta gero bakoitzak izango ditu bere ikuspegi bereziak uneren batean. Baina nik ez nioke garrantzi gehiago emango.

Independentista zara?

Bai.

Zergatik?

Uste baitut herri bezala izaera bat dugula eta hori onartu beharra dagoela. Eta, bestetik, gure etorkizuna eraiki behar badugu eta nola egin jakin nahi baldin badugu, etorkizuna gure esku dagoela azken batean. Eta gero independentzia zer momentutan eta besteekiko zer erlazio mantentzen diren XXI. mendeko Europa batean. Guk zer paper dugun. Guzti hori oso ondo aztertu eta eraman behar da. Baina herri izaera badugu, eta guk bezalaxe, besteek ere onartu behar dute.

Ibarretxe bera asko atera da kanpaina honetan. Maddalen Iriartek berak onartu zuen Ibarretxe bozkatu zuela. Noiz aterako duzue kaxoitik Ibarretxeren plana?

Oso ondo pentsatu ondoren, unibertsitatetik Ibarretxeren gobernura sartzeko urratsa eman nuenean, oroitzen dut, bazegoela erro edo sustrai bat proiektua aurrera eramateko. Baina Ibarretxek proiektu hura EAJren gobernu batetik planteatu zuen. Estatutu berri bat proposatu zuen. Eta kanpaina honetan Ibarretxe ahotan duten horiek, une hartan zazpi ordezkari zituzten legebiltzarrean. Zazpi horietatik bat ihes eginda zegoen eta gainontzekoetatik hiruk soilik bozkatu zuten planaren alde. Garai hartan ez zuten oso argi estatutu hura, Espainiarekiko erlazio motak finkatzen zituen estatutua. Une hartan pertsona horiek ez zuten gauza on gisara ikusten. Esan zuten, tori hiru eta joan zaitezte Madrilera. Orain bapatean diote hura ona zela? Beno hitz egin dezagun… hitz egin dezagun. Oraingoan, leial eta zintzo jokatzekotan, haien legebiltzarkide denek berbera bozkatuko dute.

Ibarretxeren garaian erreferendum bat hitz eman zen eta azkenean ez zen egin. Lizarra unea zela esan zen, baina ez zen izan. Ibarretxerena ere bazen momentua, eta ez zen izan. Herritarrei ez ote zaie sinisteko indarra agortu?

Garai hartan Ibarretxek esaten zuen baldintza batzurekin egin behar zela erreferenduma. ETA garai hartan aktibo zegoen. Eta Lizarra gogora dakarkizu, baina ordukoa ETAk hautsi zuen eta alde bakarreko erabakia izan zen. Biztanleei gauza askok nekatu gaitu. Tartean, ETA hor gure “babesle” gisara egoteak berak. Orain amaitzen baldin bada, eta behingoz erabakitzen badute bost urteren ondoren era egokian bukatzea. Orduan izango da akaso momentua. Batzuk badirudi memoria gutxi dutela. Biztanle asko nazkatuta geunden garai hartan ere.

“Kanpaina honetan Ibarretxe ahotan dutenek
behar zenean ez zuten hura babestu”


Bilateralitatea aipatu izan du Urkullu lehendakariak. Kataluniako estatutuarekin gertatu zena haintzat harturik, errealista da pentsatzea Madrilek erabakitze eskubidea onartuko duela?

Errealista zentzu batean bada. Egin baitaiteke. Demostratu da Eskozian bertan. Egin badaiteke errealista da. Aurreko PPko gobernuarekin ez da posible izan. Ikusi dugu zer gertatu den eta gurekiko nola jokatu duten. Horrek ez du esan nahi, momentu batean gauzak ezberdinak ez daitezkeenik izan. Erabakitze eskubidea diogunean ari gara esaten aztertzea zer nahi dugun. Inork ez daki zer aterako den gero. Eman dezagun urrats hori. Nik uste beste gobernu batekin posible izan daitekeela.

Zer iritsi duzu Katalanak egiten ari diren bideaz?

Beraiek ibilbide bat egin zuten eta orain, kasik, derrigortuta daude egiten ari direna egiteko. Oso egoera konplikatua da eta ia baduten Estatuaren partetik halako eskuzabaltasun bat. NIk uste izkin batera eramaten ari direla Katalunia. Hori ez da ona eta nik uste uneren batean topatu beharko zaiola irtenbide bat. Horrela ezin da egin herri baten borondatearen kontra.

Madrilen ezezkoa egongo balitz, zein litzake B plana?

Lehendabizi A plana egin behar izaten da, gero B, C eta P planak egiteko. Lehenengo erabaki dezagun zen den proiektua. Zer estatutu mota. Zer baldintza mota. Egin dezagun legebiltzarrean ibilbidea, galde diezaiegun herritarrei eta egin dezagun bidea Madrilen. Eta guzti hori egin ondoren, bueltan etorri behar baldin badugu, orduan erabakiko dugu. Oraindik ez dugu biderik egin! Oraindik ez gara kapaz izan ezer adosteko. Gure adostasuna behar dugu.

Galdetzen nizun, Ibarretxeren planarekin gertatu zena errepika ez dadin, herritarrek jakin dezaten zer egingo den Madrilen ostikada etorriko balitz.

Unibertsitateko lanean nuen ikuspegi bera aplikatuko dut honetan ere. Zuk arazo bat mahai gainean jartzen duzunean, ikertu nahi duzuna, bide bat erabakitzen duzu. Bide hori urratu egin behar duzu, zure taldearekin adostuta. Behin muturrera iristean, eta ikusten duzunean bide horrek ez duela irtenbiderik, bideak berak erakusten dizu nondik jo behar duzun. Ezin dugu beste bati begira egon, norberak bere lanak egin gabe. Iruditzen zait beste batengan ari garela jartzen erantzunkizuna, oraindik gure bidea egin ez dugunean. Ez dugu adostasunik bilatu. Ez daukagu zerbait landua.

Arantxa Tapia: "Alderdi guztiek dituzte arimak, pertsonak hainbat"
Argazkilaria: Imanol Goenaga Egibar

Ibarretxeren garaian lan eskerga egin zenuten. Dokumentu hori hor dago.

Egin zen eta hura oinarri bezala erabiltzen da. Baina, berriz diot, une hartan erantzunkizuna zuenak ez zuen erabaki. Zergatik orain bai? Jarri dezagun eta egin dezagun.

Hezkuntzara salto eginda. Adostasuna badago A, B eta D ereduen hezkuntza akitua dela. Beste kontu bat da zein den alternatiba. Zein da EAJren apustua?

Orokorrean, herri honetan ikasten duen edozein gaztetxok, oinarrizko hezkuntzatik hasita, Unibertsitatera edo Lanbide Heziketara iristean, gutxienez, gaztelania eta euskara menperatzea lortu behar dugu. Horrek behar du izan gure xede nagusia. Zer erdurekin egiten den hori? Nik uste argi geratu dela A ereduak ez duela balio. Eta hortik aurrera eleaniztasunaz asko hitz egiten da, baina, lehendabizi bertako bi hizkuntzak bermatu behar ditugu. Irakurketa egiteko, txosten bat egiteko eta hizketan erabiltzeko. Azken urteetan ikusten ari gara, nahiz eta B ereduan egon eta ikasgaiak gainditu, askotan gure gazteek ez dakitela liburu bat ulertzeko bezain beste. Nik uste hor badugula gabezia bat, eta hortik hasi beharko genuke.

Nola bermatu administrazioan edo egunerokoan, arlo publikoan zein pribatuan, euskaraz bizitzeko eskubidea?

Hartu dira neurriak zentzu hortan, baina, badira oraindik leku batzuk, zeinetan euskara maila oso baxua baiten. Lortu behar duguna minimo batzuk mantentzea, bizitza arruntean euskaraz jardun ahal izateko. Lanera joaten garenean beste herri batera edo kongresu batera, minimo batzuk izaten ditugu, horiek behar ditugu hemen ere.

“Urteetan zehar alboratuta
utzi genituen biktimak”


Aurrerapausoak eman dira azken 40 urteetan, horren froga da egun gazteen gehiengoak euskaraz badakiela. Administrazioan funtzionarioen belaunaldi bat jubilatzera doa, oposizio berrietan derrigortasuna eskatuko da?

Nik uste maila batean baietz. Agian 4. profila ez, baina, euskara maila bat eskatu beharra dago. Are gehiago, hurrengo belaunaldiak euskaraz nahiko trebatuak daudelako. Horrek poliki poliki adiministrazioan sartzen joan behar du. 50-55 urteko jende asko dago administrazioan eta horiek jubilatzen diren heinean, sartzen diren berriek hizkuntza maila bat izan behar dute.

Zer iruditu zitzaizun Idoia Mendiaren bideoa?

Nik uste iraingarria dela. Herri honentzat XXI. mendean eman diren urratsak emanda eta euskararen inguruan egon diren adostasunak egonda, iraingarria.

Ekonomiaz hitz egin dezagun. Kanpainako paskinei eta aflixei erreparatuta denok dakigu zer egin duzuen ondo. Nik galdetuko dizut zer egin duzuen gaizki azken 4 urteotan. Zer hobetuko zenukete?

Enpresa oso txikietara iristeko ahalmena falta izan zaigu. Nolabait, horiek dituzten arazoei azkar erantzutea. Askotan finantziazio arazoak izaten dituzte eta zuzendu beharra dugu bide hori. Nazioartean nola mugitu? Teknologia berriak nola txertatu? Enpresa txiki horiek akaso bazterrean geratu zaizkigu. Hori hobetu beharra daukagu. Ez dut esango gaizki egin dugunik, baina, hor urrats bat geratu zaigu emateko.

2008ko krisia zulo beltz bat izan zen eta ateratzea kosta egiten ari da. Nola eman pauso gehiago gazteen langabezia tasa jaisteko? Bizi baldintza duinak bermatzeko? Lan baldintzak hobetzeko?

Galdera asko batean. Nik uste une honetan bi erronka nagusi dauzkagula. Entzulegoa gaztea da eta gaztentzako dugu erronka handiena. Gazteek lehendabiziko kontratu hori izatea da gure lehen helburua. Ez naiz beka batez hitz egiten ari. Badakit ez dela baldintzarik onenetan izango, baina, lehendabiziko esperientzia bat izateak ematen dizu gero kontratua hobetu ahal izateko aukera. Horrek ez esan nahi, beste alde batetik, formakuntzak ere bere funtzioa betetzen ez duenik. Lanbide Heziketak formakuntza duala dauka ikasleak enpresarekin harremanetan jartzeko edo enpresetan sartzeko zuzenean. Eta Unibertsitatean, irakasle gisa diot, badugu beste erronka bat. Askotan hitz egiten dugu katedra askatasunaz, baina harremana falta zaigu ehun industrialarekin eta ekonomikoarekin. Ez bakarrik ingeniaritzan, edozein karreretan. Fama ona ez badute ere, uneren batean doktoradutza edo master bat egiteko, bekek ere badute bere zeregina. Badakit ez direla soldata duin bat, baina tira… ni 5 urtez izan naiz bekaduna eta bere garaian ez nuen gehiegi irabazten. Ezkondu nintzen, alaba bat izan nuen eta bekaduna jarraitzen nuen izaten. Badakit horrek zer suposatzen duen, baina, epe luzera begira esperientzia bat ematen dizu. Ez dira panazea, baina lagungarri izan daitezke.

Nola oroitzen duzu ETAk armen uztea iragarri zuen eguna?

Nire iloba batek haurra izan zuen eguna da hain zuzen. Beraz, bi albiste oso on izan genituen etxean. Neska txiki bat jaio zen eta ETAk bere armen uztea iragarri zuen. Bereziki bizi nuen egun hori.

Euskal gizarteak bizkarra eman al die biktimei?

Hasierako garaietan agian bai. Guztiok onartu dugu hor badugula hutsune bat. Urteetan zehar albo batera bezala utzi genituen eta haiek asko sufritu zuten eta bakarrik sentitu zuten. Badugu zentzu horretan lan garrantzitsu bat egiteko. Esan behar dugu: “Agian bakarrik utzi zaitut eta ez nuen egin behar”. Gizarte bezala etxekolan bat dugu egiteko. NIk uste azken urtetan hasi garela bidea egiten. Memoria guztiak eta istorio guztiak entzutea oso beharrezkoa da.

Errelato bakarra egongo da?

Errelato bakar bat egotekotan, guztiok egon behar dugu nahiko eroso. Eta ziur nago errelatu bakar horrek atal ezberdinak izango dituela. Liburu batean atal ezberdinak dauden bezala. Errelato bakarra ez da izango ikuspegi bakarra.

Zer esango zenioke preso dagoen bere semea bisitatzeko 2000 kilometro egin behar dituen 80 urteko andre bati?

Nik uste askotan esan izan dugula espetxe politika ez dela egokiena. Eta senideengan badagoela biktimaren sufrimendu bat baita ere. Espetxe politika konpondu beharra dago. Ez pertsona heldu edo zaharrarentzat ezta ere kartzelan dagoenarentzat. ETAk amaitu behar du bere kapitulua, baina, espetxe politika ere konpondu behar dugu. Azken legegintzaldian ez da posible izan, beraz, badugu zeregin bat hurrengo legegintzaldirako.

Zer planteamendu duzue zentzu horretan?

Lehendakariak behin eta berriro egin ditu planteamenduak eta Madrilen pareta batekin egin du topo. Madrilek ez du egin Espetxe Politiken eskumenaren transferentzia. Baina arazo hau konpondu beharra dago bai ala bai.

Pareta aipatzen duzunean Mariano Rajoy datorkit burura.

Baina beste garai batzutan beste batzuk ere egon ziren.

“Euskaldunoi Madrilen Gobernua
lehenbailehen osatzea komeni zaigu”

Arantxa Tapia: "Alderdi guztiek dituzte arimak, pertsonak hainbat"
Argazkilaria: Imanol Goenaga Egibar


Bai. Beti egon da norbait. Hirugarren hauteskunde orokorren atarian gaude. Zer iruditzen Espainiar Estatuko egoera politikoa.

Zer nahi duzu esatea… Nik uste penagarria dela, alde batetik, pena ematen baitu, baina bestetik, guri ere zuzenean eragiten digu egoerak. Une honetan Estatu Espainiarrari lotuta gaudenez gero gauza asko esplikatu behar dituzte gure enpresariek esateko “gu beste leku batetik gatoz, leku horretan arau ekonomikoak ondo zaintzen dira”. Beraz, komeni zaigu ahalik eta lasterren Madrilen Gobernu bat izatea. Beren lanak egin ditzatela.

Zein litzake euskaldunontzako presidente egokiena Espainiarentzat?

Dauden lau horietatik bat bera ere ez. Egin dezatela nahi dutena. Beraien arazoa da eta beraiek konpon dezatela.

Baina bat hautatu beharko bazenu? Derrigor?

Ez. Ez. Nik gure herria defendatuko duen bati bozkatu diot. Dakizun bezala. Estatu Espainiarrak erabaki dezala bere gobernua zein den. Guk gurea.

Birformulatuko dut galdera: Sinpatikoena zein iruditzen zaizu?

Buff… ez ditut ezagutzen. Mariano Rajoy tokatu zait urtebetez Madrilen, eta besteak ez ditut ezagutzen.

Idoia Mendiak zeharka bota zigun, akaso irailaren 25 eta gero, Kongresuko mahairako eta Senatuko mahairako lortu bezala, norbaiten bozkarekin PPk lortuko zuela Rajoy presidente hautatzea.

Agian beraienarekin, ezta?

Ez dakit. Nik uste zuzenean EAJri ari zela makulua sartzen.

EAJk une honetan 5 bozka baino ez ditu eta ezin du ezer konpondu. Norberak bere erantzunkizuna hartu behar du. Eta beraiek bigarren indar izanda, eurek jakingo dute zer egiten duten. Guk erantzunkizunez jokatuko dugu beti bezala. Besteek ere berdin egin dezatela.

Inoiz ikusiko dugu emakume lehendakaririk?

Seguru baietz. Ez dakit noiz, baina, ziur ikusiko dugula. Emakumeok pixkanaka ari gara iristen leku guztietara. Nik “gizonezkoena” zen karrera bat ikastea erabaki nuen, Ingenieritza Industriala, eta “gizonezkoen” mundu batean mugitzea tokatu izan zait beti. Eta orain sailburu izatea tokatu zaidanean ere, “gizonezkoen” mundu batean mugitu naiz. Ziur nago geroz eta emakume gehiagok izango dutela aukera.

Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia Arantxa Tapia

Ekaitza bainuontzi batean