Ezizenak eta ezti izenak

Ezizenak eta ezti izenak

Ikasten nuen bitartean hiru urtez aritu nintzen lanean Ordiziako taberna batean. Zenbait jende ezagutu ote dudan, zenbait elkarrizketa mantendu, zenbait pena entzun. Gaztetxekoak, erretiratuak, langabetuak, trago azkar bat hartzera sartzen ziren kale garbitzaileak, idazleak, idazle ohiak, preso bat bisitatzera zihoazen senideak, edo bueltan zetozenak, etorkinak, eskaleak, familiak, koadrilak, bikoteak, bakartiak…

Bereziki animatuak izan ohi ziren (eta izaten jarraituko dute egun, espero) asteazken goizak, jakingo duzuen bezala, Ordizian azoka egiten baita egun horretan; duela 500 urte baino gehiago hasi zen. Zenbait gauza gertatu ote diren azken bost mendeetan: gudak, goseteak, matxinadak eta beste. Baina azoka, dokumentatuta dagoenaren arabera behintzat, asteazkenero egin da; goizetan eguzkia ateratzen da, eta asteazkenetan azoka egiten da Ordizian. Kito. Salbuespen bakarra duela urte gutxi izan zen, greba orokor bat asteazkenean egokitu eta saltzaileek protestarekin bat egitea erabaki zutenean.

Garai bateko baskoi, barduliar edo dena delakoentzako asteko azken eguna zen hartan, ostalaritzako langileok industriakoen ordu berean esnatzen ginen sukalde lanak egin eta goizean goiz tabernak pronto izateko. Irudika dezakezuen bezala, asteazken goizetan tabernatik igarotzen zen pertsonai proportzioa dezente handiagoa zen. Horietako bat beti kontatzeko zelebrekeri, pasadizo edota histori kuriosoren bat zeukan kamioilari bat. Barran lan egiten zuen adiskidea eta ni ohartu ginen, kontakizun ezberdinak entzutearen poderioz, gizon hark bazuela berezitasun nabari bat hitz egiterakoan: jendea bere herriko ezizenez ere aipatzen zuela.

Ezizenak eta ezti izenakLazkaoko beneditarren planean jarri eta hori artxibatu beharra geneukala erabaki genuen. Goiz batean pasa zen, bada, gizona, eta batek kamioilariari zekizkien herri ezizen guztiak zukutzen zizkion bitartean, bestea barraz arduratu zen. Barka bezeroei goiz hartako zerbitzu motelarengatik, hemen dator ordaina:

  • Abaltzisketa: Txalburuak
  • Aia: Hiltzaileak
  • Albiztur: Kunplittuak
  • Alkiza, Orexa: Oiloak
  • Altzaga: Zakurrak
  • Altzo: Tipulakhezitzaileak
  • Amezketa: Euliak
  • Anoeta: Kukuak
  • Andoain: Hontzak
  • Arama: idi Alegi: Txintxarriak
  • Arrasate, Bermeo: Eroak
  • Asteasu: Tranpazuloak
  • Ataun: Otsoak
  • Aulesti: Artaburuak
  • Azkoiti: Sakelak
  • Azpeiti, Goizueta, Durango: zapok
  • Baliarrain: Zartagiak.
  • Beasain: Bareak
  • Bergara: Mokoloak
  • Berrobi: Puzkartiak
  • Bidani: Lapurrak
  • Deba: Tarinak
  • Donostia: Kaskariñak
  • Eibar: Kojoak, herrenak; txaputxeroak.
  • Elgoibar: Handiak
  • Errezil: Akerrak
  • Gabiria: Makilariak
  • Gaintza: Zapoak
  • Gasteiz: Babazorroak
  • Gaztelu: Jauntxoak
  • Getaria: Faltsuak
  • Hernani: Txori gaiztok, akerrak
  • Hondarribi: Bikingoak
  • Idiazabal: Azeriak
  • Ikaztegieta: Madril txiki (madrildarrak)
  • Itsasondo, Orio, Lizartza: Ijitoak
  • Itziar: Kardantxuloak, txitxarroak
  • Lazkao: Antzarak
  • Legazpi: Ilintxak
  • Legorreta: Pikuak
  • Lekeitio: Belar txarrak
  • Lezo: Trapujaleak
  • Markina: Lapurrak
  • Mutiloa: Txerri gorriak
  • Mutriku: Lapazorriak
  • Olaberria: Dotoreak
  • Ondarroa: Lantzoiak
  • Oñati: Txantxikuak
  • Ordizia: Azak
  • Orendain: Eltxoak
  • Orereta: Gaileteroak
  • Ormaiztegi: Harrikalariak
  • Segura: Zopajaleak
  • Soraluze: Hauts erreak
  • Tolosa: faltsuak, zuriak / Sardinzarrak
  • Villabona: Paristarrak
  • Zaldibia: Arkakusoak
  • Zarautz: Haizeak
  • Zegama: Beleak
  • Zerain: Saguzarrak
  • Zestoa: Trapu zaharrak
  • Zumaia: Olagarroak
  • Zumarraga-Urretxu: Otamotzak

Batzuk ezti izenak dira: dotoreak, kunplittuak, handiak… Besteak berriz: hiltzaileak, puzkartiak, artaburuak… Ezizenak eta ezti izenak

Ezizenak eta ezti izenakEzizen batzuk badaukate historia atzetik, ziur. Ormaiztegin, esaterako, larunbat honetan, urtero bezala, herritarrak zelai batean bildu, bi kiloko harria jaurti eta urrutiena botatzen duenak irabazten du, noski; ez dakit horregatik deitzen gaituzten harrikalariak, edo harrikalari deitzen gintuztelako hasi ginen hori egiten. Aurreko zerrendari erreparatuz gero, ohartuko zarete beraien artean lehiak dauzkaten herriak antzeko ezizenak dauzkatela, edo antagonikoak: Ormaiztegi-Gabiria, harrikalari-makilari; Beasain-Ordizi, barea-aza; Ataun-Lazkao, otsoa-antzara… Lapurrak ere ez dira falta, demonio: Ataunen eta Zegaman egunez ikusi eta gauez eraman (animalia harrapariak), egun politikoki zuzena ez den arren “ijitoak” bezala definitu ziren herri edo herritarrak, Markina, Bidani…

Txerri gorri bati etxea eraiki zioten ormaiztegiar eta gabiriar batzuk, baina segurar batek prestatukoa eta ondarrutar batek arrantzatutakoa jaten zegoen bitartean ataundar batek puzka bota zion bizilekua, Berrobiko baten laguntzaz. Txerri gorriak lazkaotarrak ferratzera eta legorretarrak biltzera bidali zuen ataundarra, zaldibiarrak gainetik kendu, altzotar batek eragindako malkoak xukatu eta bizi berri bati ekin zion, soraluztar batengandik jaiotzen den fenixaren pare.

Etxetik kaleratu duten zerri baten historia eskas hau kontatu eta gero, beste ñabardura batez ohartuko zineten beharbada. Izen gehienak Gipuzkoakoak dira, eta gutxi batzuk bizkaitarrak. Kamioilari harrek egin bezala, lagunduko didazue zerrenda hau gizentzen? Liburu hau eskuratzen dudan bitartean, bederen; eta norbere herriko ezizena ez jakitea triste samarra iruditzen zaidalako, zer nahi duzue esatea ba. Honek ere toki bat eman digu globalizazioan.

Erantzun, madarikatuak, Aiako lagun bat daukat eta badakit non bizi zareten.

Ezizenak eta ezti izenak

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

5 pentsamendu “Ezizenak eta ezti izenak”-ri buruz