Arabako esentzien zaindariak

Royal_Guardian_Jameson_by_faxtar

Alavesismo ugerrak bigarren gaztaro bat duela esanez hasi nahi nuen testua. Egokiagoa iruditu zait segidan hamaikagarren zahartzaroa bizi duela idaztea. Horrela baita irakurle, arabar probintzialista, tradizionalista eta kontserbadorea berpiztu da -akaso berpiztu baino berrindartu esan behar nuke- . Ohiko tankera grisaren aldean, tarteka beste itxura bat hartu du: doitasunez bizarra moztutakoa, kopeta-ile zaindua, eta kolonia garestiz blaitua. Honezkero baduzu halakoren bat zeure garunean bueltaka, ala?

Funtsean, ordea, Arabako fenomeno honek betiko mezua dakar, garaien estetika diskurtsiboan egokitua. Moroak dira etsai, eta bertakoak lehenbiziko. Eusko Jaurlaritzako nazionalistek Bilboren itzalera kondenatu gaituzte. Gasteizen euskara inposatu nahi dute, Vitoriako tradizioak eta idiosinkrasia zaindu behar da, mar-mar, mar-mar. ¡Y Viva la Virgen Blanca!

Txorizoa patatekin jaten den bezala irentsi ditu mezu hauek jende askok eta askok. Garaiak, txikiak, eskuinekoak, ezkerrekoak, sabelean ilea duten gizonak eta zelulitisak laguntzen dituen emakumezkoak. Denek, gauza bat daukate komunean, DNAn-edo VTVa txertatuta (vitoriano de toda la vida). Gasteiz(tarrak) beste ezeren gainetik –’españolazo’ izatearen oso gainetik, bidenabar-. Bizilagunaren beharrak bost. Beste modu batean esanda, zentral nuklearren alde izanagatik Garoña itxiarazi nahi dutenak eta hegan egiteak beldurtzen baditu ere Foronda ixteak sumintzen dituenak (ez arrazoi sakonengatik, Loiuk lehenesten delako baizik). Adibide hobeago bat: autobus geltokiari Adolfo Suarez izena jarri nahi ez ziotenak dira… Suarez gasteiztarra ez zelako.

Sektore zabal hau etiketatu behar izanez gero hitz bat erabiliko nuke, belaunaldi berriei zuzendua batik bat:kosmopaletoak. Azken honen neodefinizioa: bere burua munduko hiritartzat izanik ezkaratzetik irten ez dena. Gainera, ez da jarrera itsu horrekin konformatzen. Bere burua abertzale partikulartzat duenari irri egiteko joera du, espainol batu unibertsalean. (oharra: gehiegi orokortzen ari naizela uste baduzu, ez kezkatu, zurekin ados nago)

Miresten dut Javier Maroto. Gizarte sektore plural honetara heltzeko ahalegin kolosala egin du. 2015eko hauteskundeak poltsikoan dauzka, beste artikulu batean eman nituen arrazoiengatik.

Kontua da ideia hauek guztiak komunetik behera botatzeko puzker-erdira nengoela, hau agertu zaidala begien aurrean:NORTE EXPRESS. Noticias de Vitoria y Álava. El último periódico vitoriano vuelve 32 años después. Defendemos nuestra ciudad y el territorio sin contemplaciones.

“Alavés sin complejos”, #DefendamosÁlava, #OrgullodeCiudad eta horrelako formulazioak entzuten ditudanean dardarka hasten naiz. Ipar eta hego dauzkagun bizilagunak egurtzen hasteko tranbia-geltoki bakarrera daude lelo horiek (kontrako norantzan, “nire aitaren etxea defendatuko dut” esaldiak ospe handia izan du. Zer pentsatua ematen du).

Harira. Norte Express Arabako egunkaria “kontserbadorea, antinazionalista (sic), tradizionalista eta probintzialista” zen, eta orain itzuli egingo da. Ez ditut kakotxak asmatu, abertzale izateko susmorik ez dauzkan ToniaEtxarri kazetariak idatzitakoak dira.

Norte Expresseko fenomeno hauen kanpaina gogoangarrien artean azpimarratzekoa da ikurrinaren legeztatzearen aurkakoa. Unai Moraza Gasteizen.com-eko editoreak ekarri du garaiko editoriala sarera. Konplexurik gabeko arabarrak deitzen diote haien burua herdoilduari; orain 2.0 edizioa jarri dute martxan. Hau ere Araba da.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

8 pentsamendu “Arabako esentzien zaindariak”-ri buruz

  • Maroto bere diskurtso xenofoboarekin boz batzuk mantenduko ditu baina ez dut uste Arabako hauteskundeak irabaziko dituenik, egin dituenak haundiegiak bait dira, ekonomikoki, zuzenbideetan….

    Ala ere bitxia iruditzen zait Arabak hainbeste etorkin espainiatar izanda, Araba bertokoentzako dela erratea.
    Beno bitxia ez, Espainiatarrak horrelakoak dira, kanpotik etortzen dira ta bertokoak bnaino bertokoagoak direla uste bait dute askok.
    PPren datuei erreparatuz, Gazteizko biztanleriaren ia erdia, edo Espainiatik etorri da edo Espainiatik etorritakoen semeak dira.

    Ta hori zerikusi asko du Gazteleraren inposaketan.

  • Gazalbidetar 2014-10-13 00:55

    Lasai Sugar, esango diot zortzi urterekin Andaluziatik etorritako nire amari, Gasteizen euskaldundutako eta seme-alabak euskaraz hazitako horri, gazteleraren inposaketan zerikusi handia izan duela, berak eta Espainiatik etorritako Gasteizko biztanleriaren erdi horrek.

    Eskerrak betiko bitorianoak ditugula pixkat konpentsatzeko, ez nuke imaginatu nahi bestela zer izango zitekeen hiri honetaz.

    Adeitasunez, Espainiatik etorritako baten seme bat.

  • Esango nuke zu ez zarela espainatarra

  • Esango nuke Sugarrek adierazi nahi duena honakoa dela: gure kultura zapaldu duten jarrera itxi eta inposatzailea duten etorkinen ehuneko handiena espainiatik etorria dela. Baina ez, espainiatik etorri diren etorkin denek jarrera itxi eta inposatzailea izan dutela.

    • Baina galdetu behar genioke gure buruari:
      1- zer da jarrera itxi eta inposatzailea? 12 ordu lanean aritu, eta berak ez, baina seme alabak ikastolan D ereduan matrikulatu dituen etorkinaren jarrera nola definituko zenuke?
      2- etorkinari bota behar zaio bere erabakien erru guztia? administrazioak, euskaldunok, ez daukagu erantzunkizunik? Zer bultzatu dugu politika elebidunekin? Zer bultzatu du euskaldunon edukazio onegiak?

  • Arrazismoa bertoko ta kanpokoen artean hedatua dago.
    Hau esanda ez dut ulertzen nola kanpotik etorritakoa, hemen bizia irabazi duena, dakiena zein latza dan zure lurretik jutea, gero beste batzuk kanpotik etortzen diranean, laguntzengatik etortzen direla erratea.
    Ta hori jarrera zabaldua da hainbat lekutan.
    Ta Arabako etorkin jaioterriena Arabako (PP) aldundiak ateratako datuak dira.

    Umeena D eredura eramatea oso ondo dago, Alemaniara jungo naiz, umeak eskolaratuko ditut Alemanez, baina nik ez dut ikasiko, ea ze lan ematen didaten.
    Ta hori Espainiar estatuaren errua ere bada, baina baita etorkinarena ta politikoena, hemengoena ere, hoeina txarragoa da, hemen jaiota hemengo hizkuntzari dioten mespretsua.

    Andaluzian duela 30 urte, %80a PPsOE bozkatzen zuten, hona etortzen dira ta jada ez dira Espainiatarrak? Espainia bat ta bakarra dana esaten duena jada ez du hori pentsatuko? Batzuk urte asko pasata….

    Ba jarrera Euskerarekiko horixe da, gaizki dago behartuta egon gaitezen ikastera (ta ez dut esaten titulurik izatea), ta Espainiatik datorrena (ta hemengo askok ere), Gaztelera dela bere ama hizkuntza, hona etortzerakoan, uste dute (ta legea uzten die) ez dela Euskera ikasi behar ta inor ez ditula behartu behar.

    Imaginatu Espainiara etortzen diran guztiak ez zuketela Gaztelera ikasi behar.
    Zenbateri gaizki irudituko litzaieke?
    Espainiatarren %100ari?
    Baina gaixoak kanpotik datoztenak gehiegi dutela dutenarekin, ta Euskera izorra dadila, ta gero lan bila etortzen diranak gaizkileak dira askorentzako…

    Hizkuntz bat ikastea, zuzenbideengatik burrukatzea baino askoz errezagoa da, zure umeak aurrera ateratzea baino askoz errezago, sistemaren aurka oldartzea baino askoz errezago, jipoitua izateko aukera dagoen manifestaldi batera jutea baino errazago….

    Ta goiko guztia egin dezakete ta askok egin dute , baina Euskera ikasi ez?
    Ta errespetua da hori?

    Euskera derrigorrezkoa ta dohainik izan behar zuen.

  • Ta hemen administraziorari ere errua botatzen diogu, gizarteari, guri… Baina orain beraiei tokatu zaie, errua ere dutelako.