Arabako apaizek (ere) Marotori aurre

Javier Maroto Gasteizko alkateak lagunak egiten jarraitzen du. Oinarrizko Errenta Sisteman aldaketak egiteko asmoarekin, sinadurak biltzen dabilen herri ekimena jarri zuen martxan alkateak. Eta geroztik liskarrak izan ditu ezker-eskuin. Azkena, Gasteizko Elizbarrutiko 68 mezadunekin edo, beste modu batean esanda, herrialdeko apaizen erdiarekin -azpian duzue gutuna-. Arabako apaizek (ere) Marotori aurre.

Arabako apaizek (ere) Marotori aurreiMagrebtarrak begi-puntuan jarri eta “sekula lanik egin ez dutenen” kontra egin eta gero, besteak beste SOS Arrazakeriaren aldetik salaketa izan zuen xenofobotzat hartzen dutela-eta mintzen den gizona. Pobreak pobreen kontra jarri dituen Maroto lehena izan zen “Ayudas + Justas” plataformaren Herritarren Legegintzazko Ekimena sinatzen lehena, eta ekimenaren bozeramaile Patxi Gómez ustela dela jaki genuen gero.

Orain, beste herritar baten salaketa jasotzeaz gain, sinatu nahi ez zuela-eta jazarri omen zuelako alkateak, EAJ-ren kexua jaso du, berak babesten duen plataformak Postas kalean sinadurak biltzeko darabilen bulegoak udal lizentziarik ez duela-eta.

Borroka politikoaz gaindi, Javier Marotok parean dituen erakunde sozialekin bat egin du orain Arabako apaizen erdiak, Gasteizko Elizbarrutiko 68 kidek sinatu baitute azpian irakurgai duzuen gutuna. Bertan, alkatearekin ez konforme agertzen dira, honek euskal Gotzainen “Bihotz errukitsua” garizumako gutunak arrazoia ematen diola esan izanaz. Gizarte  diru-laguntzei buruzko eztabaida manipulatzailetzat jo eta gogor hartzen dute ekimena, borroka soziala piztera datorrela leporatuta.

Marotoren ideia eta asmoak, antza, ez dira oso katolikoak.

DIRU-LAGUNTZAK JUSTUAGOAK?
 Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 2an
Behean sinatzen dugun Gasteizko Elizbarrutiko apaizok, gure Elizbarrutiko zenbait parrokia-elkarteen laguntzaileak eta arduradunak garen aldetik, gure Arabako gizartean agertzen ari diren bereizkeria, nahasketa, interesez betetako manipulazioa eta alderdikeriaren aurrean eskubide osoa dugu gure iritzia emateko.
Gizarte diru-laguntzei buruz (DBE gure artean), eztabaida sortu da. Eztabaida horretan auzitan jartzen da diru-laguntzen balioa, eta murrizketak proposatzen dira; hori dena, errealitatean eman diren zenbait gehiegikeria kasutan oinarrituta. Uste dugu hainbat taldeentzat eztabaida horrek bereizkeria dakarrela; sortzen den unea kontuan hartuta, hauteskundeen inguruko interesek eraginda dagoela; eta nahasketa besterik ez duela sustatzen, ez baitago batere argi zer aldarrikatzen duen.
Lagun behartsuenak eta babesgabekoak sustatzen ditugulakoan, eta gizarte justuago eta anaitasunezkoagorantz apustua egiten dugulakoan, diru-laguntza horiek behar dituztenen alde Caritas-eko, elizako eta gizarteko beste ahots askorekin ere bat egiten dugu. Gure Apezpikuekin ere bat egiten dugu, “Bihotz errukitsua” Garizumako Gutun Pastoralean adierazten ari garen antzeko gisara proposatzen digutenean. Era berean, Elizaren Gizarte Doktrinaren aplikazio zuzena dela uste dugu; eta Frantzisko Aita Santua, “Evangelii Gaudium” bere gutuneko IV Kapituluko hainbat eta hainbat ataletan Ebangelizazioaren gizarte-alderdiaz mintzatzen denean kontuan hartzen dugu.
Amaitzeko, hori dena praktikan jarri nahi dugu. Izandako manipulazio saiakeren aurrean, adierazten dugu “Ayudas + Justas” Plataformak aurrera eramaten duen kanpaina —sinadurak jasotzen, Legegiltzarraren aurrean Herritarren Legegintzazko Ekimen (H. L. E) bat aurkezteko— EZ DELA EBANGELIOAREN ARABERAKO PROPOSAMEN BAT, uste dugulako ez dagoela Jesusen Ebanjelioak proposatzen digunarekin ados.
“Bihotz errukitsua” Euskadiko Apezpikuen Garizumako Gutun Pastoraleko 58. zenbakian adierazitakoak, proposamen horren antolatzaileei eta babesleei, arrazoia ematen diela esaten duten irakurketa eta ulerkera interesatuak erabat manipulatzaileak direla uste dugu. Eskatzen diegu edozein motatako borroka soziala ekiditea. Elkarri animatzen diogu —talde bat gehiago bezala, eta gure Elizbarrutiko sinestunen eta gure gizartearen zerbitzuan— gure iritzia emateko.
Hirurogeita zortzi sinadurak