Apirilean irakurriko ditugun 10 titular
Apirilean irakurriko ditugun 10 titular –
Denboraren makina guretzat garestitxoegia zela-eta, Wuhango merkatura jo dugu pangolin baten peskizan, bere urratsek gurean datozen asteetan gerta daitekeenaren zantzuak emango dizkigulakoan. Guk pangolinari galdetu eta berak erantzun… hara! hamarrekoa osatu dugu:
-
Espainiako Gobernuak Lehendakariaren lana ez funtsezko izendatu du, eta Urkullu egunero aterako da Ajuria Eneako balkoira 20.00etan, atabala eta txistua jotzera.
-
Wuhan hirian egingo dute datorren Gastronomika. «Saguzar zopa demonio hori nola egiten den ikasi beharko dugu!», adierazi du Martin Berasategik aurkezpenean.
-
Espainiako gizonen futbol kopako finala Athletic eta Realeko presidenteek jokatuko dute elkarren kontra futbolinean, maskara zuri-gorria eta txuri-urdina jantzita. Jakina, ez zaie dopin kontrolik egingo.
-
Haurrek eta zorriek akordio bat sinatu berri dute: itxialdia bukatzean beren harreman sendoari helduko diotela bermatu dute.
-
Arantxa Tapiak ezin hobeto ulertu du telelanarena, bere azken adierazpenetan ikusten denez: «Hemendik aurrera, nire etxeko sukaldean grabatuko ditugu Teleberriak».
-
Itxialdia dela-eta, ETBko albistegiek Eguraldia botatzeari utziko diote. Hutsunea betetzeko, “Balkoitik balkoira” reality berria emitituko dute, Julian Iantzik aurkeztua, noski.
-
Eskutitz bat sinatu eta EiTBra bidali dute milaka gurasok, “Lars zonbia” ken dezatela eskatuz. «Ez da momentua telebistan leihotik salto egiten duten neska-mutiko zurbilak agertzekoa».
-
Hasierako haserrealdia baretuta, gustura agertu da Confebask: «Aurrerantzean, enpresariak ez du sortzen duen aberastasuna langileekin banatu beharrik izango!».
-
Itxialdiak iraun bitartean, poliziek balkoietatik zainduko dituzte kaleak. «Herritarrek frogatu digute neurri eraginkorra dela», eman du jakitera Ertzaintzak.
-
Txikonek eta Kortak dema berria adostu dute; apropos kutsatuko dira Koronabirusarekin, ea nor osatzen den lehenago.
Apirilean irakurriko ditugun 10 titular
Oso ona, Xigor!