Apirilaren 30ean, Manifestazio Nazionala Elgoibarren

Euskal Herriak polítika egiteko eskubidea. Arnaldo askatu, politika askatu lemapean apirilaren 30ean haren jaioterrian, Elgoibarren, egingo dugun nazio mailako manifestazioan parte hartzera gonbidatzen ditugu euskal herritar guztiak. 19 hilabete daukate espetxean, inolako arrazoirik gabe, herri honen etorkizuna oztopatzea xedetzat hartua dutenek. Denbora horretan hainbat aldaketa azpimarragarri gertatu dira, gainera, Arnaldok berak hasitako bideari jarraituz. Besteak beste, irtenbide demokratiko eta baketsuaren alde egin den jauzia.

Horretan Arnaldoren parte hartzea ezinbestekoa izan denik ezin ukatu. Horrela ulertu du euskal alderdi politikoen artean gehiengo zabalak, PSOEk barne. Baita sindikatuek eta hainbat arlotan lanean diharduten gizarte eragileek ere. Gure mugetatik kanpora ere izan du oihartzunik prozesu honek, Bruselako akordioak, Westminster-eko parlamentura B. Currin eta haren taldeak eraman zuten adierazpenak, Katalunia eta beste leku askotatik jasotako atxikimenduek hala adierazten dute. Honi guzti honi, ETAren su eten iraunkor eta egiaztagarria gehitu behar zaio eta ondoren gauzatutako Gernikako akordioa. Aldi berri baten aurrean aurkitzen gara, dudarik gabe.

 Arnaldok sinbolizatzen du egoera berri honen itxaropena, baina gogoan ditugu, halaber, harekin batera atxilotu eta bahitutakoak: Sonia Jacinto, Miren Zabaleta eta Arkaitz Rodrígez. Hauentzat eta euskal preso guztientzat ere besarkada bana. Hala ere, plataforma honen sorrerari eta ekintzei dagokienez, ezinbestekoa zaigu Arnaldo askatu, politika askatu eskabideari eustea, gainontzeko eskabideak horretan laburbiltzen baitira, Arnaldo espetxean egoteko arraozoiak politikoak dira. Denok dakigu bahitu politikoa dela. Arnaldok kalean behar du ilusioz betetako aro berri honetan, bere eskuhartzea beharrezkoa dugulako aurrera eman nahi ditugun pausoetan. Ez gara bakarrik egongo Elgoibarko kaleetan entzungo den eskabidean. 

Atxikimendu andana jaso dugu eta jasotzen jarraitzen dugu Euskal Herritik nahiz atzerritik, http://arnaldotegi.com gunean egiaztatu dezakezuenez. 

 Bi ohar, prentsa-aurrekoa amaitzeko: Manifestazioak baditu beharrezko baimenak. Autobus nahiz kotxeentzako aparkaleku bereziak izango dira .

 Sasoi honetan mobilizazio asko izango badira ere, Arnaldoren aldeko honek baditu, gure ustez, esfortzu berezia merezi duten motiboak.   Apirilaren 30ean, arratsaldeko 5:30ean, denok Elgoibarren!   

 

EUSKAL HERRIAK POLITIKA EGITEKO ESKUBIDEA DUELAKO ARNALDO ASKATU, POLITIKA ASKATU      

Prentsa aurrekoaKartela

Irudia | Prentsa aurrekoa | arnaldo askatu! | Creative Commons By SA
Irudia | Kartela | arnaldo askatu! | Creative Commons By SA

Elgoibarko Arnaldo Askatu Plataforma