Antxoa txikia ez harrapatzeko neurria betetzen ote den zalantza

Antxoa txikia ez harrapatzeko neurria betetzen ote den zalantza

Horrela adierazi du Lea Artibaiko eta Mutrikuko Hitzan Nerea Bedialauneta kazetariak; “Antxoa txikia ez harrapatzeko neurria betetzen den zalantzan ipini dute Ondarroan”.

.

Kofradia guztietan kiloko 55 ale baino gehiagoko antxoa ez harrapatzeko adostutako neurria betetzen den zalantzan ipini dute Ondarroan. Baxurako ontziak arrantzatzen ari diren antxoaren tamaina oso txikia dela kontuan hartuta, aurreko astean Eatik Hondarribia bitartean antxoa ez arrantzatzea adostu eta gero, asteon debeku hori kendu da, baina beste bat ipini da indarrean. Neurri berriaren arabera, kiloko 55 ale baino txikiagoko antxoarik ez harrapatzea eta saltzea adostu dute arrantzaleek eta kofradiek.

Antxoa txikia ez harrapatzeko neurria betetzen ote den zalatzaNeurri hori kontuan hartuta, antxoarik ez da saldu egunotan Ondarroako kofradian, arrantzaleek ez dutelako nahikoa arrain handirik harrapatu. Maiatzaren 25ean, esaterako, ale batzuk porturatu zituzten, eta horiek saldu barik geratu ziren, neurria ez zutelako betetzen. “Ontzi bat neurria betetzen zuen ala ez zuen zalantzagaz etorri zen, baina kontaketa egin ostean, 55 baino txikiagoa zenez, saldu barik bueltatu zen, kiloko 62 alekoa zelako”.

Maiatzaren 26an ostera, Getariako eta Hondarribiko portuetan kiloko 52-55 ale bitarteko antxoa saldu zuten, Hondarribia musturreko iparraldean harrapatutakoa. Baina Ondarroan adierazi zutenez, saldu zen arrainak neurria betetzen zuen ala ez zalantzan eduki zuten. “Ostegunean harrapatu duten antxoa kiloko 52-55 ale bitartekoa modura saltzen ari direla esan digute, baina neurriaren barrukoa ote den edo ez, gure zalantzak ditugu. Izan ere, kostera guztian gune horretan harrapatu duten antxoa tamaina oso txikikoa izan da. Erosle batzuekin kontaktuan jarri gara, eta esan digutenaren arabera, neurri bateko modukoa erosi, baina gero txikiagoa dela ziurtatu ahal izan dute”.

.

Etiketakoa baino txikiagoa

Egoeragaz kezkatuta, Getariako kofradian atzo goizean saldu zituzten bi antxoa kaxa bereganatu zituzten Ondarroako kofradiako kideek. Arraina txikia zela begi bistan bazegoen ere, kaxa bietako etiketak zioen antxoaren neurria kiloko 54 alekoa zela. Baina kontaketa egin ostean, neurriz kanpokoak zirela ziurtatu ahal izan zuten. Kaxa batean, kiloko 59 ale zenbatu zituzten, eta bestean, 57. Zenbaketa egin ostean, susmoak egiaztatu, eta neurriak zorrotz betetzen ari ez direla frogatu ahal izan zuten.

Antxoa txikia ez harrapatzeko neurria betetzen ote den zalatzaEguerdian, ostera, tamaina txikiagoko arraina saldu barik ere geratu zen Getariako bentan. “Guk dakigunaren arabera, goizean saldu den moduko arraina porturatu bada ere, kasu batzuetan ez da saldu. Ontzi batekoek esan digutenez, neurriari erreparatu barik, arraina neurri barruan sartzen zela esan diete, eta saltzen ari zirela, neurria baino txikiagoa zela argudiatuta, bentatik kanporatu egin dituzte”.

Arrantzale guztiei aukera berak ez zaizkiela eman kexu dira Ondarroan; izan ere, atzo antxoatan ibili ziren ontzi gehienak euskaldunak izan ziren, tartean Ondarroakoak eta Lekeitiokoak. “Galiziako, Asturiasko eta Kantabriako ontzi ia guztiak etxera joan dira antxoa txikirik ezin delako arrantzatu, eta orain ikusi denez, neurri hau ez da guztiz betetzen ari”.

Arratsaldean, bestalde, ontzi batek 55 kaxa antxoa porturatu zituen Ondarroan. Kiloko 52 eta 53 ale bitarteko arraina, 5,50 eta 4,80 euro bitartean saldu zuten.

Antxoa txikia ez harrapatzeko neurria betetzen ote den zalatza

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.