Ni ere Panamako paperetan

Ni ere Panamako paperetan

Ez dut offshore delakorik ireki. Ez naiz Suitzara joan maleta bat hartuta. Ez naiz Andorran erroldatu. Ez dut etxean bost ehun eurokoz betetako zorrorik armario gainean. Ez dut B konturik. Nire nomina baino ez dut.

Ez diot zorrik inori (diru zorrez ari naiz; bestelakoak ziur asko izango ditut). Nire nomina baino ez dut. Gastu handirik ere ez nunbait eta hilaren amaieran diru pixkat geratu izan zait gehienetan.

Ni ere Panamako paperetan

Zer egin diru horrekin? Zer egingo dugu ba? Nomina kobratzen dugun leku berean utzi, tradizioak agintzen duen bezala. Leku horretan denok dugu aholkulari bat “geure hobe beharrez” aholkuak ematen dizkiguna. Orain halako depositoak ondo dabiltza eta hor jarri dirua. Orain ez dabiltza hain ondo eta hortik atera eta halako funtsetan jartzea komeni zaizu, arrisku handiagoa edo txikiagoarekin. Pentsioen gaia ere badakizu nola dijoan eta hor ere jarri beharko zenuke zatitxo bat. Eta hau eta hori eta bestea.

Dakienak ba omen daki eta gu kottauok bada geure kontraesan eta ezjakintasunean bada pixkat hor eta beste pixkat han. Baina itxura denez gure dirua funts horietan jartzen dugunean, munduan zehar bidaiatzen hasten da “zulo beltz” moduko espazioetan. Eta hor mugitzen diren eskuak ez dira itxura denez guztiz garbiak eta guk hasiera batean legez irabazitako diru zuri hori, kolorez aldatzen hasten da batzutan. Gure diru xalo hori 35 lagunek osatzen duten kuadrila baten (ibex izena du kuadrilak) gora beherek erasan egiten diote eta hor ibiltzen da aldapan gora eta behera.

Zulo beltz horietan mugitzen diren esku horiek diru horrentzat onena nahi dute agidanez eta, kontrolatu ezin izango den paradisutan jartzen dute. Paradisuak beti ederrak. Baina paradisuak bertan daudenentzat dira paradisu. Baina tarteka deabruren bat ateratzen da esanez paradisuan dena ez dela zuzena eta legezkoa eta orduan kontuak. Paradisuak ez luketela existitu behar. Paradisu gehiegi dagoela mundu honetan. Eta gu xano-xano Adan eta Ebarekin pentsatzen.

Hauteskunde garaian gaude baina inortxori ez diot entzuten ezer ere banku publikoari buruz non jarriko dugun diruarekin inguru hurbileko beharrizanak arintzen lagunduko dugun. Ez diot inori entzuten 35 laguneko koadrila horren hatzaparretatik atera nahi dutela, gizatiarrago eta bidezkoagoa izango den etekin bat lortzeko.

Inork ez dit galdetu paradisura joan nahi nuen, baina nik ere Panaman bukatu dut, aizue.

Horrelako paradisurik ez dut nahi. Eta zuk?

“Kilometro 0” gure diruarentzat ere. Amen.

Ni ere Panamako paperetan