Angeles Arrien Elordi eta jakituriaren zortzi ateak
Angeles Arrien Elordi eta jakituriaren zortzi ateak –
Lagun batek, ustekabean, oparitu zidan liburuak eman zidan lehen aldiz Angeles Arrienen berri, ordura arte guztiz ezezaguna baitzen niretzat. Tori Joseba, liburu hau gu bezalako jubilatuentzat egina zegok! –erran zidan liburua eskutik eskura aldatu zidanean. Liburua hartu eta gainetik begiratu nion, gaztelaniaz zegoen arren, emakume euskaldun batek egina zela zirudien. Badakik Joseba, jadanik bizitzaren udazkenean sartuak gaittuk eta liburu hau horretaz mintzo duk. –jarraitu zuen lagunak, opariaren nondik norakoak argitu nahian. Horrela, liburua etxera ekarri eta berehala irakurtzeari ekin nion. “La segunda mitad de la vida” izenburua zuen eta jatorrizko testu ingelesetik itzulia zen.
.
Angeles Arrienen biografia ttikia
Geroztik idazlearen berri bilatzen ibili naiz, ez ditut datu gehiegi bildu, egia errateko, baina bai biografia ttiki hau bideratzeko modukoak.
Jakin dudanez, 1940an jaio zen Euskal Herrian, baina ezin izan dut gehiago zehaztu. Dena den, bere abizenak ikusirik, bizkaitarra zela iruditzen zait. Aita Salbatore Arrien zuen eta ama, berriz, Maria Elordi. Ez dakit zenbat anai-arreba ziren, bakar-bakarrik bere liburuan Jeanne ahizparen laguntza eta bultzada eskertzen dituela.
1940an, hau da, Angelesek zazpi urte zituela, Idahora bizitzera joan ziren, eta denborarekin hiritartasun estatubatuarra onartu zieten. Idahoko unibertsitatean antropologian lizentziatu zen eta ondoren Kaliforniako Barkeley unibertsitatean bere ikasketak jarraitu zituen. Azkenik, Kaliforniako Ikasketa Integralen Institutuan doktoretza lortu zuen psikologiaren arloan. Orduz geroztik bere lan eta ikerketa guztiak antropologiaren bideetatik abiatu zituen; antropologia, erlijioa, psikologia, sinesmen zaharrak, txamanismoa… izan ziren bere liburu, artikulu eta hitzaldietan jorratu eta hedatu zituen gaiak. Irakurri dudan liburuaren hasieran dioenez, horretarako funtsezkoak izan zitzaizkion bere euskal sustraiak, eta hortik abiaturik, mundu osoko herri zahar guztien sinesmenak, nortasunak eta izaera bereziak aztertzera pasatu zen.
Irakasle eta kultur hedatzaile izan zen bizitza osoan, Alaya Institutuan, John F. Kennedy unibertsitatean eta Kaliforniako Metta Institutuan. Horretaz gain, zenbait kargu eta ohorezko doktoretza izan eta lortu zituen beste zenbait institutu eta unibertsitatetan. Hizlari ezaguna izan zen Estatu Batuetan, tailerrak zuzendu zituen eta aholkulari gisa kontratatu zuten zenbait enpresatan. Osora hamar bat liburu plazaratu zituen eta horietako batzuk sarituak izan ziren.
2014ko apirilaren 24an, 74 urte zituela, hil zen, birikeria baten ondorioz.
.
Angeles Arrienen liburuak
Arestian aipatu bezala, hamar bat liburu plazaratu zituen, gai antropologiko, erlijioso eta psikologikoak aztertuz. Den-denak biziki liburu famatuak izan ziren, bederatzi hizkuntzetara itzuli zirenak. Horietako batzuk frantsesera eta espainolera itzuli zituzten, nire eskuetara erori zen liburua horietako bat izanik. 1993. urtean, “The Sings of Life” (Bizitzaren seinaleak) izeneko liburuarekin Benjamin Fraklin saria irabazi zuen eta 2007an, “The Second Half of Life”(Bizitzaren bigarren erdia) liburuarekin Nautilus Book saria zuen erdietsi. Hauxe da, lagunaren bidez nire eskuetara iritsi zen liburua.
Hona hemen, bere bibliografia osoa:
– The Tarot handbook : practical applications of ancient visual symbols (Tarotaren ikasliburua: ikustezko ikur zaharren aplikazio praktikoak) (1987,1991,1997)
– Power and Love in Relationships. ( Ahalmena eta amodioa harremanetan) (1991)
– Signs of life : the five universal shapes and how to use them. (Bizitzaren seinaleak: bost bide unibertsalak eta haien erabilera) (1992,1998)
– The Four-Fold Way: walking the paths of the warrior, teacher, healer, and visionary. (Bide laukoitza: gerlariaren, maisuaren, sendatzailearen eta igarlearen bideetatik barna) (1993,2013)
– Gathering Medicine: stories, songs, and methods for soul retrieval. (Gathering Medicine: arima berreskuratzeko gertaerak, abestiak eta metodoak) (1994)
– Working Together: producing synergy by honoring Diversity. (Elkarrekin lan eginez, sinergia sortuz eta aniztasuna laidatuz) (1998,2001)
– The Nine Muses: a mythological path to creativity. (Bederatzi musak: sorkuntzara daraman bide mitologikoa) (2000)
– The Preferential Shapes Test. ( Funtsezko bideen proba) (2002)
– The Second Half of Life: opening the eight gates of wisdom. (Bizitzaren bigarren erdia: jakituriaren zortzi ateak irekiz) (2007)
– Living in Gratitude: a journey that will change your life. (Bizi zaitez eskerrak emanez: zure bizitza aldatuko duen bidaia) (2011)
.
Bizitzaren bigarren erdia eta jakituriaren zortzi ateak
Angeles Arrien Elordi idazle euskaldun-amerikarra izan zen, bere liburuetan aitortzen duen bezala., kultur antropologoa, hezitzailea, aholkularia, hizlaria, tailer antolatzailea eta herri zaharren jakituriaren hedatzailea. Bazuen webgune bat, berak zuzentzen zuena www.angelesarrien.com izenekoa, tamalez, zenduz geroztik itxita dagoena. Zilegi bekit jarraian, irakurri dudan “Bizitzaren bigarren erdia” liburuari buruz zenbait aipamen eta gogoeta egitea. Horratx!
“Gaur, inoiz baino gehiago, gutako gehienak bizitzaren bigarren erdian sartzen ari gara. Biztanleriaren sektore hau gero eta zabalagoa da, gainera, eta bizitzaren itxaropena handitzen ari denez, gutako askok urte luzeak eginen ditugu adindun gisa, gure gurasoek eta aitatxi-amatxiek horretan egin zuten denbora baino askoz gehiago.
Urte luze hauek, hamarkada hauek, bizitzaren bedeinkapena zabalduko digute. Baina, zoritxarrez, gaur ez gaude ongi prestaturik, urte horiek emankortasunez gozatzeko. Mendebaldeko kulturak adindunak maitatzeko eta estimatzeko ahalmena galdu du. Jadanik ez da ikusten gure artean kultura zaharretan ikus zitekeen zaharrekiko begirunea. Gizarterako beharrezkoak diren zahar jakitun izateko erritoak galdu ditugu eta gaur egun, oso zabalduta dago gure artean, bizitzaren bigarren erdiak bakar-bakarrik dekadentzia, gaixotasunak, desesperantza eta heriotza dakarzkigula.
Gure bizitzaren bigarren erdia ongi baliatu nahi badugu, gure kultur ikuspegia arrunt aldatu beharra daukagu. Ezin ditugu bazterrean utzi, etorkizuneko belaunaldiei gure zaharrek eman diezazkieketen ekarpen eta onura.”
Horrela dio Angeles Arrienek liburuaren sarreran, eta horretarako proposatzen digu herri zaharren oroitzapenetan aipatzen diren jakituriaren zortzi ate arketipikoetan sartzea eta sakontzea, gure bizitzaren bigarren erdia jakituria iturria izan dadin eta heriotzara baliagarri izaten iritsi gaitezen.
Zortzi ate horiek zeharkatzean bizitza osoan bildutako jakituriaz baliatuko gara gure inguruko guztien bizipenak aberastuz. Zilarrezko atetik sartuko gara eta urrezko atea zeharkatzean hilen gara. Lehen atea, Zilarrezko Atea, abentura berriaren abiapuntua da. Gure ohiko bizimoduaren ziurtasuna alde batera utzi, eta gure barneko misterioetan murgiltzen eta hausnartzen ikasiko dugu. Bigarren atea, Ate Zuri Barroteduna izanen da, aldaketaren tenorea, bizitzaren lehen erdian izan ditugun maskarak alde batera uzteko garaia, eta aurpegi berri batez irribarre egiteko aroa erakutsiko diguna. Hirugarren atea, Buztinezkoa izanen da; atearen aitzinean bi galtzagorri izanen ditugu zain. Horietako batek edabe zuri batez bete ontzia emanen digu edan dezagun, eta ondoren bigarren galtzagorriak edabe gorri batez beteriko ontzia. Buztinezko Atea zeharkatzean gure intimitatea maitatzen, gure sentsualitatea ulertzen eta gure gorputza errespetatzen ikasiko dugu.
Laugarren atea, Ate Zuri-beltza dukegu, alde banatan suzia edo su-lastargia duena. Sua bizi-bizirik da bi suzietan, ate hau amodioaren atea baita. Ate hau zeharkatu beharra dago maite dugun beste pertsona batekin batera. Hortik ibili ondoren, bosgarren atera iritsiko gara marrazki bitxiez grabaturiko atera. Ate Landatarra du izena. Ezker-eskuin mendi garaiak ikusiko ditugu. Eremu honetan gure bizitzaren ametsa abandonatu beharko dugu, besteekiko begirune seinalez. Hortxe aurkituko dugu mendi artetik ateratzeko xendra ezkutua. Xendra honek Hezurrezko Atera eramanen gaitu. Hauxe izanen da gure abenturan zeharkatuko dugun seigarren atea. Ate honetatik barna sartu orduko, aitzineko identitate faltsua galduko dugu eta eremu horretan ikasiko dugu zintzo eta egiazkoak izaten.
Zazpigarren atea, Ate Naturala izanen da, alde batetik zumarraz eta beste aldetik lizarraz osaturiko atea eta zeharkatu ondotik oihan sakon batera sartuko gara. Zumarra munduko emakume guztien ikurra da eta lizarra munduko gizon guztiena. Hortxe aurkituko dugu zoriontasuna. Eta azkenik, zortzigarren atera, Urrezko Atera, iritsiko gara. Dena izanen da distira eta argia ate horretan. Eremu horretan gure izpiritua, gure gogoa, gure bizi-indarra, libre izanen dugu, eta hortik jarraituz gero, urrezko argi zuri batez beteriko mundu misteriotsu eta ikusezinera iritsiko gara. Gure heriotzaren tenorea izanen dugu.
Hauxe da, atalez atal, Angeles Arrienek liburu honetan jorratzen duen gaia. Egia erran behar badizuet, gozatu dut liburua irakurtzean, eta gogoeta anitz piztu zaizkit ene baitan. Hori dena, ezagutzen ez nuen idazle euskaldun-amerikarrari esker. Angeles Arrien andereak jadanik Urrezko Atea zeharkatu du eta ziur aski, urrezko argi zuriaz beteriko mundu misteriotsu horretan ibiliko da. Bere gogoa aske eta zoriontsu izan dadila!
Angeles Arrien Elordi eta jakituriaren zortzi ateak Angeles Arrien Elordi eta jakituriaren zortzi ateak
“Kaliforniako Ikasketa Integralen Institutuan doktoretza lortu zuen psikologiaren arloan”.
California Institute of Integral Studies, unibertsitate berezi xamarra: batik bat Asia aldeko filosofia eta sinesmen izpiritualei lotutako unibertsitate (nolabait deitzearren) pribatua. Erakundeak “Integral” deritzo bere buruari, ikasketa programetan, jakintza akademikoez gain, jardun izpirituala ere lantzen omen dutelako, tradizio mistiko eta esoteriko anitzetatik edanez. Akupuntura eta “Ekialdeko Medikuntza” graduak ere badauzkate.
Haren Psikologia Doktorego programak ez du American Psychological Association-en kredentzialik lortu.
https://en.m.wikipedia.org/wiki/California_Institute_of_Integral_Studies
“1993. urtean, “The Sings of Life” (Bizitzaren seinaleak) izeneko liburuarekin Benjamin Franklin saria irabazi zuen…”.
Bada Benjamin Franklin Sari “on” bat, itzal handikoa, zientzia eta teknologia alorreko lorpenak saritzen dituena. Arrieneni, ordea, beste “Benjamin Franklin Sari” bat egokitu zitzaion, autoeditatutako lanak saritzen dituen bat, hain zuzen. https://en.m.wikipedia.org/wiki/Independent_Book_Publishers_Association
“… eta 2007an, “The Second Half of Life”(Bizitzaren bigarren erdia) liburuarekin Nautilus Book saria zuen erdietsi”. Sarituei bistazo bakarra emanez, igartzen da zein diren gaiak: hazkuntza pertsonala, autolaguntza, coaching… Ez dauka psikologia, antropologia, filosofia edota erlijio ikaskuntza bezalako diziplina serioekin batere zer ikustekorik. Geltoki eta aireportuetako erakusgailu birakarietatik hartzen diren moduko lanak dira.
https://nautilusbookawards.com/2023-winners-cat-1-10/
Garbi dago Amonamantangorri jauna, bizitzaren aurrean ez garela irizpide berekoak eta gure baloreak ez direla berberak.
Erabat ados. Hobeki esan, zeuk ez duzu irizpiderik batere, bederen irakurgaiak bereizteko.
Beti bezain atsegin, ezizen baten atzean ezkutaturik eroso… Egun ona degizutela jainkoek zuri ere…