Andima ibinagabeitia: abertzale handia eta euskaltzale bikaina

Andima ibinagabeitia: abertzale handia eta euskaltzale bikaina –

1967ko azaroaren 2an hil zen Caracaseko deserrian, abertzale handi eta euskaltzale ezin bikainago hura.

Asko eman zuen zazpi lurralde historikoz osaturiko Euskadi askatuaren alde, eta are gehiago, Euskadi euskaldunaren alde, gure aberri eta hizkuntzak igaro duen garairik gogorrenean, frankismoaren erregimenaren pean, eta, erbestera jo beharrean gertaturik, hogei urteko erbestealdiaren ondotik (Paris, Guatemala, Caracas) zendu zen bihotzekoak jota. Merezi du izan duen baino aitortza eta ezagutza gehiago.

Andima ibinagabeitia: abertzale handia eta euskaltzale bikaina

Ibinagabeitiak bere adin- eta belaunkideekin ez ezik Txillardegi bezalako gazteekin ere izan zuen gutun-trukea. Txillardegik irakurtzen zuen Caracaseko Irrintzi aldizkaria non euskal idazle emankorrena alde handiz Ibinagabeitia zen, eta Ibinagabeitiak berriz, irakurtzen zituen Txillardegiren nobelak eta artikuluak. Adin, formakuntza eta ideologia desberdintasunak gorabehera, Euskadi aske eta euskaldunaren xedeak lotzen zituen. Txillardegik, jakina denez, eragin handia izan zuen jakinlariengan. Euzko-Gogoa lehenbizi, gero Jakin, eta Egan, eta beste hainbat. Kate beraren begi askotarikoak gara.

Ibinagabeitiaren heriotzaren efemeridea baliatuko dut haren idatzien lagintxo labur bat eskaintzeko. Hona Irrintzi aldizkarian 1958an argitaraturiko artikulu bat “Odol gabeko matxinada” deritzana:

“Euskadi, aspalditik ari zaigu zainak ebakita odolusten, euskara gabetzen. Zainok elkar-itsatsi behar dizkiogu aberri maiteari hil ez dakigun. Nola ordea? Euskarari soin eta gogo, gure indar guztiekin eutsiaz. Horra hor odolik jario gabe egin dezakegun eta egin behar dugun matxinada.

Matxinada horretarako egitarau (programa) txiki bat aurkeztera ausartzen gara, hutsuneak zuek beteko dituzuelako uste osoarekin. Denon laguntasuna behar du euskarak dagoen egoera negargarritik ateratzeko, eta ez dut uste ukatuko diozuenik.

OINARRIAK
I.— Eralguntza honetan parte hartu behar dute Euskadin eta mundu guztian zabalduta dauden euskaldunak oro, gizaseme eta emakume, txiki eta handi, aberats eta txiro, arrantzale eta nekazari, langile eta ugazaba, jakitun eta ezjakin, agintari eta mendeko, herri-gizon eta eliz-gizon, idazle, hizlari, olerkari, bertsolari eta mota guztietako mintzalariak oro. Hitz batean, euskara dakiten guztiek eta ikasi nahi luketenek ere bai, ar eta eme, zahar eta gazte denak nahaste.

II.— Euskara beti eta nonahi erabiltzera behartuko dira, lotsa-konplexua gure artetik zeharo baztertuz:
a) GURASOAK, horiexek baititugu euskararen euslerik nagusienak, euskara erabiliko dute beti euren artean eta senitartean hizkera bakartzat.
b) HERRI-AGINTARIAK saia daitezela euskara bakarrik erabiltzen udaletxetako batzar, eztabaida eta agiri guztietan. Euskara sar dezatela, nahiz eta bortxaz, euren mendeko eskola guztietan, eta euskararik ez dakienik ez dezatela hartu otsein, langile eta ogipekoen artean.
d) ELIZ-GIZONEK euskara erabil dezatela euren artean komentuetan eta elizetan, batez ere herriari Jainkoaren hitza banatzeko orduan, nahiz izan apaiz, lekaide edo lekaime. Har dezatela euskara, behin betiko, euren mendeko ikastetxe eta eskola guztietan kultur-tresna nagusitzat erabiltzeko, baita argitaratzen dituzten aldizkarietan, erdara zeharo baztertzeko.
f) MAISU ETA IRAKASLEEK erabil dezatela ahalik neurririk handienean aberri-hizkera euren mendeko ikastola eta ikastetxe guztietan.
g) EPAILE, LEGE-GIZON, EPAI-MAISU, epaitegi, tribunal eta bestelako toki guztietan erabil dezatela euskara agiri eta hizketaldietan. Eta Auzitegira deitua izango litzatekeen euskaldunak ez dezala erantzun euskaraz baizik.
i) LANGILE ETA UGAZABAK, lantegietan, euskara dezatela hartu-eman guztietan hizkera bakar.
j) SALEROSTE, DENDA eta bestelako garatzetan, euskara bedi hizkera nagusi.
k) Orobat ITSAS-GIZON, ARRANTZALE eta NEKAZARIEN artean.
l) IZPARKARI, EGUNEROKO, IRRATONTZI, ZINEMA eta era guztietako zabalkundean, euskara erabil dezatela arduradun guztiek.
m) EUSKO ALDERDI, ERALGUNTZA eta aberri-hotsezko higikunde guztietan euskara bedi hizkera bakar.

III.— Euskal matxinada honetako bazkide guztiak, zinez behartuko dira, Euskaditik, era eta modu guztietara, analfabetoen kasta lotsagarria zeharo erauzi eta kentzeko. Horretarako beren ahalmen guztiekin saiatuko dira euskaldun guztiei euskaraz irakurri eta idazten irakasten, askatasunaren zain egon gabe.

Euskal matxinadaren etsaiak
Eralguntza honek etsaitzat joko ditu, erdara erabiliz euskarari bizibidea ukatzen dioten guztiak:

Abertzaletasunaren larrupean estalita, erdaraz ari diren idazle, hizkari eta aldizkariak oro, geuretik hasita.
. Euskara ukatzen duten Auzitegi eta Tribunalak.
. Euskara ezesten duten izparringi, aldizkari eta abar.
. Euskara ostikopean darabilten herri-agintari eta udaletxeak.
. Euskararen aurka ari diren eliz-gizonak: Obispo, apaiz, lekaide, lekaime eta abar.
. Guraso zabarrak, eta emazteki erdaltzaleak.
. Euskara laidotu eta irainduko lukeen edonor.
Aipatu etsaiak oro, gure indar guztiekin lotsatu eta isiltzen ahaleginduko gara, agerian eta estalian, erruki gabe, beldur gabe, baina gezurrik gabe.
Horra hor, odol gabeko matxinada, hala ere kementsuen matxinada, sendoena, gudari azkarrena, herri osoarena, ez txepelen matxinada, ezta euskotar salduena ere.
EUSKARA, heldu da zure garaia. Euskaldunak, jar ditzagun gure aizkorak sorbatza gora begira, gure hizkuntza ito nahi digun erauntsi izugarriari aurpegi emateko!”

Andima ibinagabeitia: abertzale handia eta euskaltzale bikaina

Eta, hona, beste bat, garai berekoa eta aldizkari berean argitaratua, arnas literario gehiagokoa, “Astoaren gorazarre” deritzana”:

“Arrantzaka ari omen gara. Hala diote behintzat, biribil-erdi honetan, agertzen den izparkaritxo batean.

Eta arrantzalari gogortzat jo gaituzte astoaren izena guri ezartzeko zakartxo edo, aurkitu dutelako. Eta jakina, arrantzaka ari garenez gero asto izan behar derrigorrean, arrantzak astoa, keak sua bezala salatzen duelako, ez baitago lurbira guztian halako kantu ederrik ematen duen beste abererik. Beharbada, ez dute gure adiskide on haiek astoa ondo ezagutzen, bestela, ziur-ziur nago, beste edozein abere arruntago batekin berdinduko gintuztena, ur-zaldi edo hipopotamoarekin, esate baterako.

Astoa lur gaineko abererik apal eta langileena izan ordea. Astoa pataririk burutsuena; astoa lau-hankadun setatiena; astoa gizonaren laguntzailerik kirmenena; hitz batean esan, astoa Jaunak mendez- mende gizaseme langileari eman dion ondasunik bikainena. Non zitezkeen gure errotari eta nekazariak astorik izan ez balute? Eta non arrantzaleak? Haiek ere astodunak behar izaten zituzten herri barruetan arraina saltzeko.

Hala ere zeinen zitalki erabili izan duen gizonak abere goragarri hori. Egiten dion laguntasunaren alderako, makila eskaintzen dio; lanaren alderako gosea, eta hori guztia gutxi bailitzan, era eta modu guztietara astotxoaren izen ona galtzera ekin dio. Halakoxeak gara, izan ere, gizonak; esker txarrekoak.

Izan dira, horregatik, edestira pasatu diren asto ospetsuak. Bat, antzina xamar, Balaam igarlearen asto hiztuna. Galdua igarlea, astotxo hori izan ez balitz. Beste asto bat, izen handikoa hau ere, Josu haur jaioberria arnas lurrintsuz berotu ondoren Herodes errege gaiztoaren eskuartetik askatu zuena. Beti astoa on egiten.

Asto jakitunak ere izan dira. Nork ez du Apuleius’en «urrezko astoa» ezagutzen? Baina asto bihurtutako gizon bat zen hau, benetakoa baino eskaxagoa beharrik ere. Eta olerkariek ospatu dituztenak? Oraindik bizi dela esan daiteke Platero, Jimenez’en astoa, bere bidean utzi zigun argi-litsa ez baita behingoan itzaliko. Eta Junqueiro’k olerki zoragarri batean goraipatu zuena? «A moleirinha branca, branca de luar», ilargi txuriz txuri zegoen bolu-atsotxuaren asto zoragarria. Bataiatzea ere merezi zukeela dio olerkariak, asto hark. Horra iraizean bildutako astotxo argiak.

Ez uste izan gero, arrantza ere noiznahi eta noragabe egiten duenik. Ez horixe. Oihu ozen eder haiek, zergatikorik gabe ez ditu jaulkitzen. Sua dela, lapurrak direla, arriskuren bat, nahigaberen bat, gosea, egarria… Eta zergatik ez? Zelaietako isiltasuna urratzeko ere bai, heriotzaren antzekoa den isiltasun samina, Euskadiren askatasunaren inguruan hogei urtez gero euskotarrok egin izan dugun isiltasun hilgarriaren antzekoa.

Gizon askotxok ezer ere ez lukete galduko abere on hauen antzera jardungo balute.
Balaam’ena bezala, hizketan zuhur eta eginetan setati balira, Euskadiri bere izatasunean eusteko.
Junqueiro’rena bezala, apal eta xalo, gure euskarari, bolu-atsotxo zoragarri honi, laguntzeko.
Jimenez’ena bezalakoak, ameslari, alai eta arrai ASKATASUN BIDETIK ibiltzeko.
Belengoa bezala, Euskadi etsaien mendetik askatzeko.

Behar orduan arrantza egiten dakitenak, batez ere Aberria amilbera lerratzen, eta galzorian dagoenean, beste asto lokartuak esnatzeko.Guk ere halakoxeak izan nahi genuke, eta esker onerako ez dugu nahi ez sekula-bedarrik, ez entxuferik, ez artalerik, ezta zaldalerik ere. Inoiz ez gara bizi izan askatik jaten, eta orain arte bezala jarraituko dugu aurrerantzean ere: jarei, askatasun-belardi oparoetan kantari.
Artale-zaldale-sekula-belarrak, beude beste batzuentzat, ABERRIA sabelaren neurriz neurtzen dutenentzat.

Horra esan, astoaren gorapenak.”

 

 

Gehiago irakurri nahi izanez gero, hona esteka: armiarma.eus/em

Andima ibinagabeitia  Andima ibinagabeitia  Andima ibinagabeitia  Andima ibinagabeitia  Andima ibinagabeitia

Saiakera-idazlea