Anderlecht futbol taldearen 114 jarraitzaile zigortu ditu Belgikako justiziak
Anderlecht futbol talde Bruselarraren 114 jarraitzaile zigortu ditu futbolaz arduratzen den Belgikako Barne Ministerioko sailak, aurtengo otsailean Athletic eta Aderlecht futbol taldeek Bruselan jokatu zuten partidaren aurretik hiriko erdigunean jazotako liskarrak direla eta. Honela, zigortuek ezingo dute datozen 610 hilabeteetan (ia 51 urte) estadio batean sartu, eta 33.100 euroko isunei egin beharko diete aurre.
Liskarrak Europa League txapelketako final zortzirenetako itzulerako partidaren aurretik gertatu ziren Bruselan. Partidua hasteko oraindik orduak falta zirela, Anderlechteko hainbat jarraitzaile hiriaren erdigunean zebiltzan Athletic-zaleei eraso egiten saiatu ziren. Orain zigortuak izan diren 114 hooliganak atxilotu zituen orduan poliziak.
Giroa joaneko partidatik zetorren berotuta ordea. Izan ere, otsailean bertan San Mamesen jokatutako partidan Anderlechteko zenbait Hooliganek Espainiaren aldeko oihuak eta antzerako probokazioak egiten eman zuten partida osoa, eta partida amaieran bi taldeetako jarraitzaileek zelaira salto egin eta borroka zuzenak gertatu ziren.