Altza(d)irua

altzairua

Janire Alkortak Uztarria aldizkarian.

Ondo dakizuen moduan, Cristian Lay enpresak 2013tik itxirik dagoen Corrugados Azpeitia SL altzairutegi eta ijezketa (laminazio) instalazioak martxan jarri nahi ditu. Gai horren inguruan, iritzi eta ikuspuntu asko partekatu ditugu herritarrok, baina pentsatu al duzue inoiz altzairuaren itzalean ezkutatzen den kimikari buruz?

Materialak hiru taldetan sailkatu ohi dira: metalak, zeramikak eta organikoak. Eta horiez gain, material nahasteak daude. Aleazioak, bi elementu kimikoz edo gehiagoz osatutako nahasteak dira, konposatu horietako bat metala izanik. Altzairua, burdinez (metala) eta karbonoz (ez metalikoa) osaturiko aleazio bat da, non karbono edukia %0,002 eta %2 artekoa izaten den pisuan. Baina bi elementu horiez gain, beste aleazio elementu batzuk izan ditzake (aluminioa, kromoa, kobaltoa, nikela eta abar), altzairuaren ezaugarriak hobetzeko. Burdinak, beste metal batzuen moduan, propietate alotropikoak ditu; hau da, bere egitura atomikoa aldatzeko ahalmena dauka tenperatura igo ahala. 1.535 gradutik gora, burdina likido egoeran aurkitzen da.

Altzairuaren propietate mekanikoak definitzea oso zaila da. Jasan duen tratamendu termikoaren eta daukan karbono portzentaiaren arabera, portaera ezberdinak izan baititzake. Tenplaketa prozesuek altzairuaren propietate mekanikoak hobetzea dute helburu, faseak tenperaturaren erabilerarekin eraldatuz. Horretarako, lehendabizi altzairua berotu egiten da (karbono edukiaren arabera, tenperatura batera edo bestera, baina gutxienez 727 gradura), eta ondoren hoztu, teknika eta denbora desberdinak erabiliz.

Ez dago esan beharrik, altzairua oso material erabilia dela hainbat sektoretan (eraikuntzan, energia berriztagarrietan edo autogintzan). Pandemia medio, altzairu ekoizleek lantegiak itxi behar izan zituzten, altzairuaren prezioak behea jo baitzuen 2020an Amerikako Estatu Batuetan (AEB). Ekonomiaren berzabaltzearekin, altzairuaren eskaria ikaragarri igo da, bere balioa hirukoiztuz gutxi gorabehera. Aditu batzuen arabera, 2021ean siderurgia sektoreak lorpen ekonomiko historikoak izatea espero da.

AEBetan altza(d)iruarekiko dagoen interesa zenbaterainokoa den jakinik, ez dago inongo dudarik datozen hilabeteetan Corrugadosen inguruko pasarte eta bizipen asko entzun beharko ditugula, baina ez dezagun ahaztu eraikin handi horren itzaletan zer eta nola ekoizten den.

altzairua

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude