Alkate euskaldunak
Alkate euskaldunak
Oroitzen naiz duela urte batzuk, zazpi inguru beharbada, eztabaidan genbiltzala klasean. Gai dezente izango genituen mintzagai, eta tartean, oroitzen naiz, euskara. Ordezkari publikoek zenbait gutxiesten zuten euskara, nola publikotasunean erabat baztertzen zen, nola zeukan apenas tokirik.
Ondorio zinez bitxi batera iritsi ginen. Iritzi subjektibo baino, egitate objektibo eta benetan tristera. Euskal Herriko zazpi herrialdeetako hiriburuetan alkate zeudenen artean, bakarrak ez zuen euskara mintzatzen; are eta gehiago, batek baino gehiagok mespretxatzen zuen euskara. Baionan Jean Grenet, Donibane Garazin Alphonse Idiart, Maulen Denis Barbé-Labarthe, Iruñean Yolanda Barcina, Donostian Odon Elorza, Bilbon Iñaki Azkuna eta Gasteizen Alfonso Alonso. Sekulako festa.
Egoera negargarriagoa bilakatzen zuena, edo kuriosoagoa behintzat, zera zen, hiriburu bateko alkate euskaldun bakarra Boisekoa zela (United States of America fatherfucker), David H.Bieter. “In addition to his native English, Bieter is fluent in Spanish and Basque“. Harrapazank!
Egoera dezente aldatu da gai honi dagokionez. Orain bost hiriburutako alkateak euskaraz mintza daitezke (Boisekoa kontatu gabe, berarekin sei). Erdaldun hutsak izaten jarraitzen dute Donibane Garazi eta Baionako auzapezek.
Alkate hauekin denok dauzkagu desadostasunak, batzuk begiko izango ditugu eta beste batzuk begiz jota. Baina euskara gai politikoa izan arren, konfrontazio politikotik at uzteak arnasa ematen dio; gure hiztun eskubideak errespetatzen diren bitartean, bestela egurra!
Mondragon Unibertsitateak mahaingurua antolatu du Eskoriatzako HUHEZI fakultatean hiriburuetako bost alkate euskaldunekin, “Euskal Herriko hiriburuetako alkateak. Euskararekiko harremana eta etorkizuneko erronkak” lelopean. Martxoaren 10ean, 17:00etan, Juan Mari Aburto, Joseba Asiron, Michel Etchebest, Eneko Goia eta Gorka Urtaran topatu ahal izango ditugu bertan. Beste gai askotan konfrontazio oso beharrezkoa iruditzen zait, eta zerrenda oso luzea idatzi nezake hemen. Baina gai honen bueltan esateko dutena gogotsu entzungo nuke, eta adostasunerako eta elkarlanerako zer nolako gaitasun daukaten neurtu.
Ea hurrengo udal hauteskundeek sortuko duten joan etorrian euskara ez den dagokion tokitik mugitzen.
Alkate euskaldunak Alkate euskaldunak Alkate euskaldunak