Aldundiak Gipuzkoako hiru zabortegiak ixtea proposatuko du
Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko Foru Aldundiak alderdi politikoei aurkeztuko dien azpiegitura proposamenak gaur egungo hiru zabortegiak ixtea jasoko duela jakinarazi du gaur Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak Europako Zero Zabor sarearen Parisko biltzarrean. “Europako Batasunak ez du zabortegi kutsakorrik nahi, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ere ez. Zabortegi kutsakorrik gabeko eredua da gurea. Horregatik, Foru Aldundiak azpiegitura proposamen integrala egingo die lurraldeko alderdi politikoei, eta proposamen horrek Sasieta, Urteta eta Lapatx ixtea jasoko du. Proposamen integrala izango da, beraz: soluzioa emango dio hondakinen arazoari, Europako Batasunaren araudia eta helburuak zorrotz beteko ditu, eta gaur egungo hiru zabortegiak ixtea ahalbidetuko digu”.
Errazkinek gaineratu du Europak prebentzioa eta birziklapena sustatzen dituela, eta horiek direla, hain zuzen ere, Gipuzkoako ereduaren oinarria. “Primeran jarraitzen ditugu Europako Batasunaren irizpideak. Guk, behintzat, argi dugu lehentasuna ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta sortutakoa birziklatzea dela, eta irizpide horren inguruan eraikitzen ari gara hondakinak kudeatzeko sistema. Horrexegatik, erreferentzia bihurtzen ari gara nazioartean eta horrexegatik mota honetako foroetara gonbidatzen gaituzte”.
Esan bezala, Europako Zero Zabor sarea Parisen egiten ari den biltzarrean egin ditu adierazpenok Iñaki Errazkinek. Europako Zero Zabor sareak tokian tokiko jardunbide eredugarriei eskainitako atalean gonbidatu du Gipuzkoako Foru Aldundia lurraldeko esperientziaren berri eman zezan. Biltzarra atzo hasi zen eta bihar bukatuko da, eta hiru egunetan Europa osoko 300 bat adituk eta ordezkari instituzionalek parte hartuko dute. Tartean izango dira, adibidez, % 90 inguruko birziklatze tasa duen Capannori udalerriko alkate Giorgio Del Ghingaro edo Rossano Ercolini Europako Zero Zabor sareko presidentea: Ercolinik Goldman Ingurumen Saria jaso zuen iaz –Nobel Berdea esaten diote sari horri-. Atzoko saioak barne mailakoak izan ziren, biharkoak bezala, eta gaurkoak irekiak izan dira.
Gaurko saioan Errazkinek azaldu du Gipuzkoako 54 udalerrik Zero Zabor norabidean doazen neurriak hartu dituztela; zenbait herritako birziklatze tasaren bilakaeraren berri eman eta konpostatzearen garrantzia ere nabarmendu du. 2016rako hondakinen % 60 birziklatzeko helburua dagoela esan du eta hori lorgarria dela azken hilabeteteetako joera ikusita: “%70etik gora birzikltzen ari diren 30 bat udalerri ditugu dagoeneko”.
“Gaur ere, Euskal Herritik kanpora ateratzen garen bakoitzean gertatzen den bezala, Gipuzkoako esperientziak interes handia eragiten duela ikusi dugu. Prebentzioaren eta birziklapenaren aldeko konpromiso sendoa ikusten dute, eta konpromisoa ez ezik, baita emaitzak ere; denbora tarte laburrean salto handia ematen ari garela diote. Esperientzia zehatz batzuek, gainera, jakinmin berezia sortzen dute: auzo konpostajeak, esaterako”, dio Errazkinek.
Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak dioenez, argi dago Europa prebentzioaren eta birziklapenaren bidetik dabilela, bide horrek gero eta udalerri eta eskualde gehiago biltzen dituela, eta alde horretatik, zuzena dela Gipuzkoak hartutako norabidea: “Janez Potocnik Europako Ingurumeneko komisarioak dio ‘Birziklapenaren Gizartea’ eraiki behar dela. Baliabideak aurreztu behar direlako, besteak beste; are gehiago, krisi garaian. Birziklapena da etorkizuna, beraz. Gipuzkoarrok konpromisoa erakusten ari gara helburu horrekin; hainbat herritako birziklatze tasetan ematen ari diren saltoa ikusi besterik ez dago. Eta aurrerantzean ere pausoak ematen jarraituko dugu ‘Birziklapenaren Gipuzkoa” eraikitzeko”.