‘Aldatu gidoia euskararen alde’ Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol batzordean

‘Aldatu gidoia euskararen alde’ Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol batzordea – 

‘Aldatu gidoia euskararen alde’ egitasmoko Intza Gurrutxaga eta Mitxel Elortza ordezkariek Agerraldia egin zuten astelehenean Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol batzordean

Eskerrik asko ‘ALDATU GIDOIA EUSKARAREN ALDE’ kanpaina Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol Batzordean aurkezteko aukera emateagatik.

‘ALDATU GIDOIA EUSKARAREN ALDE’ irailaren 9an abian jarri genuen Eusko Jaurlaritzari eskatzeko kultura eta ikus-entzunezkoen politikak errotik alda ditzan, euskara eta euskarazko kultura erdigunean jartzeko euskararen eta euskaldunon hizkuntza eskubideen alde.

32 gizarte-eragilek babestu dute kanpaina hasieratik. Hauek dira kanpaina hastapenetik babestu duten eragileak: ELA, STEILAS, LAB, Euskalgintzaren Kontseilua, UEMA, Euskal Herrian Euskaraz, AEK, Ikastolen Elkartea, Gazte Euskaltzaleon Sarea, Iratzar Fundazioa, Alkartasuna Fundazioa, IKA euskaltegiak, BIEUSE bikoiztaile euskaldunen elkartea, EIZIE Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea, EAB Euskal Aktoreen Batasuna, LANARTEA euskararen langile profesionalen elkartea, Sortzen, Euskal Eskola Publikoaren Aldeko plataforma, Pantailak Euskaraz, Naziogintza, Netflix Euskaraz, (H)Itzartu EITB, Zer Non Ikusi, Euskal Encodings, Zinemak Euskaraz, Game Erauntsia, Arnas Dezagun, Hau Pittu Hau, Administrazioan Euskaraz taldea, Zappingzalea, Mangaberri eta Xaloa Telebista.

Gainera, sinadura bilketa jarri dugu abian, eta 2450 sinaduratik gora bildu ditugu, jada. Horrez gain, euskalgintzako, kulturgintzako, ikus-entzunezkoetako eta Unibertsitateko hainbat norbanakok adierazi dute kanpainarekiko atxikimendua.

Ukaezina deritzogu kulturak eta ikus-entzunezkoek gizartearen kohesioan eta bizikidetzan duten garrantzia.
Horregatik, uste dugu, erakundeetatik egiten diren kultura politikek balio beharko luketela:

  • Balore hezitzaileak eta eraldatzaileak sustatzeko.
  • Eskubideetan eta demokrazioan sakondu eta gizarte justuagoa eraikitzeko.
  • Euskara biziberritzeko eta herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko.

Ikus-entzunezkoetara joz, paradigma aldaketa nabarmena izan da. Urte gutxitan, ikus-entzunezkoen ekosistema erabat aldatu da. Euskararen erabileran beheranzko joera aldatzeko, nahitaezkoa da, berandu baino lehen, euskara erdigunean jartzea. Ikerketa desberdinen arabera, herritar bakoitzak, bataz beste, egunean ia 7-11 ordu pasatzen ditugu pantailei begira, eta pantaila horietan euskarazko eskaintza hutsala da.

2022an UEMAko udalerrietan egindako azterketaren emaitzak ekarri ditugu hona. Bertan ikusten baita euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa oso urria dela, besteak beste, euskarazko eskaintzarik ez dagoelako, kalitatezkoa eta oparoa. Gehien kontsumitzen diren plataformetan euskara ia ez da agertu ere egiten. Eta eduki ikusienak ez daude euskaraz. Hala, grafikoan ikus daitekeen modura, ikasleen %73,2ak gaztelaniaz kontsumitu du ikusitako azken telesaila; soilik, %10,6ak ikusi du azken telesaila euskaraz.

Gogoratu dezagun, UEMAko udalerrietan, biztanleriaren %70a dela euskalduna. Beraz, herri horietan egoera hori bada, pentsa nolakoa izango den inguru erdaldunetako herri eta hirietan.

Urgentziazkoa deritzogu, beraz, euskarazko ikus-entzunezkoen eskaintza erakargarria osatzea eta jendarteari eskuragarri jartzea.

Telebista digitalaren eta irratiaren eskaintzari dagokionez, Bilbo Handian, telebistako 33 kateetatik, soilik, 3 dira euskaraz. Irrati kateetan, berriz, 28tik 5 euskaraz.

Datuok oso adierazgarriak. Izan ere, eskaintzatik hasita, egoera erabat da desorekatua. Euskara, hasiera-hasieratik, desabantaila egoeratik abiatzen da.

Salbuespenak-salbuespen, euskarazko kateak erresidualak bihurtu dira. Gaztelerazko telebista kateek hartu dute erreferentzialtasuna. Kezkagarria da oso, 2023an, ETB1ek %2,1eko irismena izatea. Baina are kezkagarriagoa iruditzen zaigu, erakundeetatik egoera horri buelta emateko apusturik ez egitea, eta, horretarako, audientziaren aitzakiari eustea.

‘Kulturaren eta euskararen sustapena, euskara erabiltzearen xedetarako’ zen, hitzez hitz, EiTBren sorrerako printzipioetako bat. Arian-arian EITB helburu hartatik urrunduz joan dela baieztatu dezakegu, tamalez. Telebista publikoa xede batzuekin sortu zen, eta helburu horiek erakutsi behar ligukete aurrerantzean ere bidea: beharrezkoa da hausnarketa partekatua egitea, estrategiak eguneratzea eta baliabide nahikoak bideratzea.

Euskarak (eta hizkuntza gutxituek) telebistan nahiz ikus-entzunezkoetan, bidea egin dezakeela argiki esaten diguten adierazleak ugariak dira, han eta hemen:

  • Ekaineko datuen arabera, Euskadi Irratiak 100.000 entzuletik gora ditu eta Gazteak 60.000 entzuletik gora.
  • Duela urtebete, SX3 katalanezko haurrentzako katea eraberritu zuten. Aurrekontua 15 milioi eurora handitu eta, egun, liderra da haurrentzako kanalen artean.
  • Galesko S4C telebista publikoak galeseraz emititzen du, programazioaren %80a ingelesez azpidatzita ematen duelarik. Estrategia hori jarraituta, audientzia maila altuak lortzen ditu. 2011n, asteko %23ko irismena izan zuen kateak. Kontuan izan behar dugu, galeseraren hiztun kopurua gurean baino baxuagoa dela.

Ekoizpenari dagokionez, Estatu espainiarrak hizkuntza gutxituentzat bideratzen duen diru-funts multzoaren banaketan, Euskal Autonomia Erkidegoa atzean gelditu izan da beti.
Funts horien banaketa egiten den inbertsioaren arabera egiten da; hau da, zenbat eta gehiago ekoiztu, laguntza gehiago jasotzen da.

2022an Funtsa berriz martxan jarri zenean, Kataluniak funtsen %71 jaso zuen, 7,5 milioi euro. Euskal Autonomia Erkidegoak, aldiz, funtsen %7,2 jaso zuen, soilik; 760 milia euro.

EAEn ekoizpenetara bideratzen den diru-partida horrek, gainera, gaztelaniazko ikus-entzunezkoen alde jotzen du nabarmen. 2021ean, euskaraz eginiko ekoizpenek zinemara bideratutako 2,3 milioi euroko inbertsio osoaren %25 baino ez zuten jaso; gaztelerazkoek, berriz, %75. Katalunian, aldiz, aurrekontuak osotasunean bideratzen dituzte katalanez ekoitzitako film eta telesailetara.

Begi onez ikusten dugu, Eusko Jaurlaritzaren 2024ko aurrekontu proiektuan, euskarazko zinema-proiektuentzat bereizitako deialdia egingo dela iragartzea. Iruditzen zaigu hori dela bidea, euskararentzat kuotak ezartzea eta diru-lerro bereiziak abian jartzea. Hala, 2024an, 2 milioi euro bideratuko dira euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenetara. Euskarazko zinema-lanetara bideratuko den diru-partida handitu den arren, ez dela nahikoa iruditzen zaigu oraindik. Izan ere, hori betetzen bada, 2024an, euskarazko lanek diru-partida osoaren %35 baino ez dute jasoko.

Zer esan euskarazko bikoizketaren gainbeherari buruz. EITB, 90. hamarkada hasieran, euskarara 1500 ordutik gora bikoizketik, hiru hamarkadatan, 200-250 ordu bikoiztera pasa da, gaztelaniazko bikoizketa orduak ordu horien barne daudelarik. Nabarmendu beharra dago, gaur egun, ETBn, haur eta gaztetxoei zuzendutako edukiak bikoizten direla euskarara soilik.

2022an, EITBk euskarazko bikoizketa orduak 400 ordura igotzeko asmoa zuen, programa-kontratuak hala jasotzen zuen antza, baina ez dugu horren berri. Eta ez dakigu benetan ordu horietatik zenbat bideratu diren euskarazko bikoizketara.

Euskarazko bikoizketa-orduen gainbehera horri, sektorearen egoera tamalgarria gehitu behar zaio. Erabat hankaz gora eta arautu gabe dago bikoizketa arloa. Erakundeei bikoizketa arloaren prestigioa, kalitatea eta duintasuna zaintzea dagokie, arloko profesional eta kolektiboen eskubideak bermatzea. Erakundeek eta alderdi politikoek bikoizketa arloko hitzarmen kolektiboaren alde egin behar dute.

EAEko zinema-eskaintzari erreparatzen badiogu, urtean 10-11 film baino ez dira euskarara bikoiztuta eskaintzen, denak Zineuskadiren ‘Zinema Euskaraz’ programakoak. Euskarazko 10-11 film horiei, urtean zehar euskaraz ekoizten diren 5 bat film gehitu behar dizkiegu. Zinema-emanaldiei dagokienez, emanaldi guztien %99 gazteleraz dira; euskaraz %1a soilik.

Aldiz, Katalunian, zineman katalanez dagoen eskaintzari erreparatuta, bestelako apustua ikusten dugu erakundeetatik katalanezko zinemaren alde. 2021ean, katalanezko 191 film estreinatu ziren zinemetan, horietako 26 katalanez ekoitzitako filmak, 115 katalanera bikoiztutakoak eta. 49 katalanez azpidatzitakoak. Guztira, urtean, 11.500 emanalditik gora katalanez.

Streaming plataformetara harpidetutakoak, jada, populazioaren erdia baino gehiago dira: 2021ean, %50 izan ziren eta 2022an, %54 izan dira. Adinari dagokionez, 55 urte azpikoen %75 dira streaming plataforma dutenak; 55-64 artekoen %50 eta 64 urte baino gehiagokoen artean, %20. Ikus daitekeenez, zenbat eta gazteago harpidedun gehiago.

Datu horiek argi erakusten dute euskal herritarrak eta euskaldunak ere streaming plataforma nagusietan masiboki harpidetuta gaude eta plataforma horietan euskarazko eskaintza erakargarria bermatzeko lan egitea euskararentzat estrategikoa izango da. Alde batetik, euskararen biziberritzerako; bestetik, herritar guztien eskubideak bermatzeko.

Zer ikusten dugu? Ba, errealitate horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak EITBren lehio eta euskarriez harago hizkuntza politikak abian jarri gabe jarraitzen du. Eta, EITBz harago, ez da ikus-entzunezkoen eskaintza erakargarri bat bermatzen. Horrez gain, Kultura eta Hizkuntza Politika Saila ez da diru-publikoz euskarara bikoiztutako audio eta azpidatziak plataformetara bidaltzen ari, Espainiar estatuko Ikus-entzunezkoen Lege Orokorrak betebehar hori ezartzen duen arren.

Berriro ere Kataluniara begira jarriz, Generalitateak akordioak lortu ditu plataforma nagusienekin, film eta telesail berrien estreinaldiak katalanez izateko. Iraganean diru-publikoz katalanera bikoiztutako ehundaka audio bidali dituzte plataformetara. Horrez gain, 6 milioi euro baino gehiagoko diru-lerroa jarri du abian, zinema eta plataformetarako edukiak katalanera bikoizteko. Urriaren 27an, Generalitateko Presidenteak eta Kultura Sailburuak agerraldi publikoa egin zuten, eta, adierazi zuten, azken 3 urteetan, Generalitateak katalanezko ikus-entzunezkoetara bideratutako aurrekontuak hirukoiztu egin dituela (9,9 milioitik 32,6 milioi eurotara).

Esan beharra dugu, aurrerapausotzat jotzen dugula EiTBk Primeran plataforma martxan jarri izana; tresna baliagarria da herritarrek euskarazko ikus-entzunezkoak kontsumitzeko. Orain, lana da jendartea erakartzea erakuslehio horretara. Eta, horretarako, euskarazko edukietara aurrekontu sendoak bideratu behar dira, eta, euskarri hori euskarazko eduki erakargarri eta eguneratuz bete.

Euskarazko kultura sortzaileei dagokionez, ikusten dugu prekarioa eta ezin zailagoa dela euskarazko kulturako sortzaileen egoera. Bizirautea eta lan horietan euskaraz jarraitzea miraria dela esan dezakegu. Erakundeen babesik gabe, merkatuaren menpeko testuinguruak gogor kolpatzen die kulturgintzan eta sorkuntzan euskaraz ari direnei. Kultura berezko hizkuntzan, ama-hizkuntzan, garatzea, edozein herrirentzat estrategikoa delako, eta euskal herritarren garapenerako ezinbestekoa, kultura politika berritu horien muina eta bizkarrezurra euskarazko kultur sortzaileek osatu behar dute. Horregatik, erakundeei, merkatu logikarekiko morrontza astintzea, eta, euskarazko sormena eta kultura laguntzea dagokie, neurri zehatzekin; sortzaile horien lana ikusgarri eginez eta gizarteratuz.

Iruditzen zaigu badela egoera hau iraularazteko garaia, gidoia aldatu, eta kulturan, EiTBn nahiz ikus-entzunezkoetan euskara erdigunean jartzeko momentua. Horregatik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailburuari eskatzen diogu kulturara, EiTBra eta ikus-entzunezkoetara bideratutako baliabideak euskararen normalizazioaren zerbitzura jartzea.

Hori esanda, ondokoak dira gure eskakizunak. Zazpi multzotan sailkatu ditugu:

1. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren urteko aurrekontuaren %5a euskarazko ikus-entzunezkoetara bideratzea (biztanleko 9 euro izango litzateke urtean).

Euskaraz ekoitzitako lanak finantzatzeko diru-laguntza lerro propioa sortzea. Eta dirulaguntza lerro hori, Sailaren urteko aurrekontuaren %5 horren bi herenez hornitzea.

Zinemarako eta plataformetarako edukiak euskarara bikoizteko diru-laguntza lerroa sortzea. Dirulaguntza lerro hori ere, sailaren urteko aurrekontuaren %5 horren heren batez hornitzea eskatzen dugu.

2. Euskal Irrati-Telebistak Euskal Herri osorako, zazpi probintzietarako, jardutea. Ildo estrategikoetan eta eguneroko lanean, Euskal Herria, euskara eta euskal kultura ardatz izatea eskatzen dugu. Hala, Bizkaiko, 4 Gipuzkoako eta Arabako herritarrez gain, Nafarroa Garaiko eta Iparraldeko herritarrei ere euskarri eta ezinbesteko arnasgunea eskaintzea.

Urtean, EITBk edukietara bideratutako diru-partidaren %75a euskarazko eduki eta programetara bideratzea.

EITBren telebista-kateetan, helduentzako film eta telesailen emanaldien %50a, gutxienez, euskaraz ematea eta kuota hori progresiboki handitzea.

Primeran plataforman, ikus-entzunezko eduki guztiak euskarara bikoiztuta eta azpidatzita egotea eskaintzen dugu.

Bi urtetan, haur eta gaztetxoei zuzendutako edukietara bideratutako aurrekontua progresiboki handitzea, bigarren urtean, egun bideratzen den aurrekontua hirukoiztera iritsiz.

Euskarazko bikoizketa EITBn, urtean 1.500 orduko produkzio-mailara itzultzea. Bikoizketa arloaren prestigioa, kalitatea eta duintasuna zaintzea, profesional eta kolektiboen eskubideak bermatuz. Era berean, bikoizketa arloko lan-harremanak erregulatuko dituen hitzarmen kolektiboaren alde lan egitea.

EITBk ikus-entzunezko lanak finantzatzeko darabilen diru-partidaren %75a euskarazko ikus-entzunezko ekoizpenak laguntzera bideratzea.

3. Diru publikoz finantzatutako euskarazko bikoizketa edota azpidatzi guztiak egokitu eta plataformetara helaraztea, espainiar Estatuko Ikus-entzunezko Legeak agintzen duen bezala.

4. Inklusioaren eta hizkuntza-normalizazioaren ikuspegitik, azpidatzien erabilera-politikak diseinatu eta erabilera orokortzea.

5. Zinemako eta plataformetako euskarazko estreinaldiak iraunkorki promozionatzea. Euskaraz sortu, bikoiztu eta azpidatzitako lanen ondare publikoa babestuz, zainduz eta hedatuz.

6. EITBn euskarazko kulturari eta sortzaileei lehentasunezko tokia egitea eta EITBn eta zirkuituetan gutxieneko kuotak ematea. Euskarazko sortzaile eta interpreteen egoera prekarioari aurre egiteko politika eraginkorrak abian jartzea, duintasunez lan egiteko neurri ekonomiko-fiskal zehatzak ezarriz.

Sareko plataformetan dauden euskarazko sortzaileak eta lanak ikusgarri egiteko politikak abian jartzea.

7. Bideojokoen industriako ehun asoziatiboarekin eta enpresarialarekin harremanak sortzea eta lan egitea, bideojokoetan euskararen presentzia bermatzeko.

Puntako enpresen bideojoko kontsolek nahiz gailuek euskara interfaze grafikoan txertatzeko eta bideojoko dendetan euskara etiketa berezituarekin aitortzeko lan egitea.

Euskararen eta euskaldunon komunitatearen egungo egoera ez da batere erraza. Azken urteotan, aurkako baldintza horiei aldagai garrantzitsu bat erantsi zaie; hain zuzen, pantailak. Gero eta ordu gehiago pasatzen ditugu pantailei begira, eta, EITBn, zineman eta streaming plataformetan gaztelerazko fikzioa da nagusi erabat, euskarazkoak ia tokirik ez duen bitartean.

Egoera hau izanik, bi hausnarketa ekarri nahi izan ditugu gaur hona: bata, Iñaki Iurrebasorena eta bestea, Xabier Euzkitzerena.

Iñaki Iurrebaso soziologoaren arabera: “Eremu euskaldunenetan, segur aski, erdara sartzeko eta euskaltasun osoago bat ez garatzeko arrakala handienetako bat hortik [ikus-entzunezkoetatik] etorriko da zalantzarik gabe. Eremu erdaldunetako familia euskaldunetan, seme-alabak euskaraz hazi, eta, gero, etxean egindako lan hori indartu beharrean, pantailak datoz kontrako eragina egitera”.

Xabier Euzkitze kazetariak EITBri buruz esandakoak ere jaso ditugu: “Batzuetan, iruditzen zait helburuak lausotu egin zaizkigula eta geure esentziaren zati bati uko egin diogula. Euskarazko telebistaren aldeko esfortzu bereizgarri baten falta sentitzen dut. Gure etxeko nerabeei amaiezina egiten zaie astea Goazen-en zain. ETB1ek behar beharrezkoa dauka fikzioa eta ekoizpen propioarean alde ahalegin zintzoa eta etengabea egitea”.

Amaitzeko esan, euskarak fikzioa behar duela, berandu baino lehen, eta, euskarazko kultura eta ikus-entzunezkoen eskaintza erakargarria eta eguneratua. Horretarako, aurrekontu sendoak bideratu behar dira, ezinbestean. Kezkaz ikusten dugu Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailetik euskarazko ikus-entzunezkoetara horren baliabide gutxi bideratzea.

Hortaz, Eusko Legebiltzarreko alderdi politikoei eskatzen dizuegu gure eskariak aintzat hartzea 2024ko kultura politiketan eta aurrekontuetan.

Alda dezagun gidoia, hizkuntzaren eta guztion eskubideen alde!

Eskerrik asko.

 

Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol batzordean, 2023ko azaroaren 20an.
ALDATU GIDOIA EUSKARAREN ALDE

atu gidoia euskararen alde’ egitasmoko ordezkariak Eusko Legebiltzarreko Kultura, Euskara eta Kirol batzordean

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude