Aldaketa sakonak behar ditu Kontsumitzaileen legeak

Aldaketa sakonak behar ditu Kontsumitzaileen legeak –

  • Kontseilua eta Behatokia Eusko Legebiltzarrean izan dira, Kontsumitzaileen lege berriaz mintzatzeko.
  • Salatu dute enpresen borondatearen menpe utziko direla kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideak.
  • Kontseiluak 33 ekarpen egin ditu, hizkuntza-eskubideen bermea oinarri hartuta.

Aldaketa sakonak behar ditu Kontsumitzaileen legeakAldaketa sakonak behar ditu Kontsumitzaileen legeakDuela hilabete batzuk, Eusko Legebiltzarrak Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutua arautuko duen legearen berrikusketari ekin zion. Gaur, Legebiltzarreko Merkataritza, Kontsumo eta Turismo Batzordean izan dira Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubeka, lege-proiektuari egindako azterketa eta ekarpenak aurkezteko talde parlamentarioek gonbidatuta.

Atzerapauso ugari kontsumitzaile euskaldunen eskubideetan

Kontseiluko idazkari nagusiak, bere agerraldian, nabarmendu du legearen berrikuspena une egokian datorrela, Legebiltzarrak aurreko legea 2003an onartu zuenetik hainbat aldaketa izan baitira: elebidunen kopuruak gora egin du, eremu sozioekonomikoaren euskalduntzea gero eta beharrezkoago ikusten ari da euskalgintzatik zein instituzioetatik, eta herritarren euskararekiko atxikimendua gero eta handiagoa da… «Euskaraz bizitzeko komunitatea zabaltzen ari da, eta beraz, bizitzeko eskubide horri erantzungo dioten politikak behar dira, besteak beste, eskubidea bermatzea xede izango duen araudia. Baina, zoritxarrez, lege berriak ez du inolako urrats eragingarri berritzailerik planteatzen» esan du Bilbaok.

Izan ere, Kontseiluak egindako azterketaren emaitza garbia da: 2003ko legearekin erkatuz gero, aurkeztu den proposamenak ez du inolako aurrerapauso edo elementu berritzailerik jasotzen. «Legeak berariaz jasotzen du bere oinarria sustapena da, eta beraz, ez du legearen izaera arautzailea behar bezala baliatzen eta derrigortasun sendorik ezartzen. Hainbat artikulutan bermatu hitza erabili beharrean, sustatu edo bultzatu bezalako aditzak jasotzen dira. Horrek, noski, zaildu egiten du artikuluek jasotzen dutena betetzen den ala ez baloratu ahal izatea» salatu du Kontseiluko eledunak.

Bestalde, diruz lagundutako hainbat enpresaren betebeharrak desagertu dira. Bilbaok azaldu duenez, «aurreko araudian diruz lagundutako enpresei betebeharrak ezartzen zitzaizkien. Oraingoaren arabera, aldiz, euskararen sustapenerako laguntza jasotakoek besterik ez dute betebeharrik izango. Berdina gertatu da produktuak saldu eta zerbitzuak eskaintzen dituzten establezimenduen betebeharrekin: guztiz desagertu dira. Gainera, hizkuntza-eskubideen bermeari betebehar izaera eman beharrean, borondatezkoa eman zaio, eta eskubide hauen urraketak arau-haustetik kanpo utzi dira. Hartara, atzera egin da». «Gauzak horrela, eta 2003ko legeari erreparatuz gero, Legebiltzarrak eztabaidatuko duen zirriborroak elementu berritzailerik jasotzen ez duela ondorioztatu dugu. Are gehiago, hainbat kasutan aurreko legeak jasotako elementuak ezabatu ditu, eta beraz, hizkuntza-eskubideen bermea zailagoa izango da» ondorioztatu du Bilbaok.

Eskubideen aitortzarako 33 proposamen eta neurri eraginkor

Kontseiluaren arabera, nahitaezkoa da legeak zenbait elementu jasotzea, baldin eta kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen eskubideak bermatzeko bokazioa izango badu».

Zentzun horretan, Kontseiluak guztira hogeita hamahiru ekarpen egin dizkio legeari, hiru bloketan banatuta. Alde batetik, hizkuntza-eskubideen zehar-lerrotasuna bermatzeko asmoz, besteak beste, gainerako eskubideetan hizkuntzaren ikuspegia txertatzen duten proposamenak egin dira. Bigarrenik, hizkuntza-eskubideen tituluan neurri eragingarriagoak ezartzeko ekarpenak egin dira. Eta hirugarrenik, xedapenen ataletan hizkuntza-eskubideen urraketak ere kontuan hartzea proposatu da.

«Orain da unea eremu sozioekonomikoan euskararen normalizazio-prozesuan jauzia emateko. Bestela, berriz ere, enpresen borondatearen menpe utziko dira kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen hizkuntza-eskubideak. Eskubideen aitortzak eta eskubideen bermeak arau eragingarriak behar dituzte, bestela homilia hutsa izango dira» adierazi du Kontseiluko idazkari nagusiak.

Aldaketa sakonak behar ditu Kontsumitzaileen legeakKontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideak erdigunean

Agurne Gaubekak, bere hitzartzean, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideak jarri ditu erdigunean: «Sarritan zabaldu da gure gizartean agintariek ez dutela, hizkuntzari dagokionez, eremu pribatua arautzerik. Horixe izan da gurea bezalako hizkuntzen erabilerari oztopoak jartzeko baliatu izan den aitzakietako bat. Dena den, hizkuntza eskubideak ere oinarrizko eskubideak dira, eta, horrela izanik, botere publikoek produktu-egile, hornitzaile eta merkatariei hizkuntzari dagozkien betebeharrak ezarri behar dizkiete. Lege honetan kontsumitzaileen eta erabiltzaileen eskubideez ari garelako, hain zuzen ere». Halaber, Behatokiko zuzendariak gogora ekarri du 1996an Bartzelonan onartutako Hizkuntza Eskubideen Deklarazio Unibertsala, «hizkuntzen arteko berdintasun-printzipioa oinarri, bere 47. artikuluan zehazten baitu hizkuntza komunitate orok duela eskubidea bere hizkuntzaren erabilera jarduera sozioekonomiko guztietan xedatzeko, besteak beste, produktu eta zerbitzuen publizitatean, errotulazioan, seinaleztapenetan, segurtasunarekiko argibideetan eta abar. Horrela egiten ez denean, herritarren osasun eta segurtasun-babeserako zein informaziorako eskubideak urratzen baitira, besteak beste».

Honi loturik, «azken urte hauetan, herritarrek kontsumitzaile edo erabiltzaile bezala jasan dituzten eskubide urraketak helarazi dizkigute Behatokira, hizkuntza eskubideak urratzearen ondorioz, bestelako eskubideak ere urratu direlarik. Mahai gainean jarri den lege proposamenak, kontsumitzaile eta erabiltzaileek pairatzen dituzten urraketa hauek gainditzeko neurriak beharko lituzke, herritarren ongizate, segurtasun eta eskubide guztien aitortza berdintasunean egikaritzeko» esan du Gaubekak.

Aldaketa sakonak Kontsumitzaileen legeak

Euskararen normalizazioa azkartzeko lan egiten duten erakundeen eta eragileen bilgunea da Euskalgintzaren Kontseilua. 30 talde baino gehiagok osatzen dute, eta, batasunaren indarraz baliatuz, euskararen normalizazioa azkartzeko hizkuntza-politiketan eragitea du xede. Kontseilua sinetsita baitago euskara dela gizarte kohesionatu, justu, demokratiko eta berdinzaleago bat eraikitzeko tresna. Helburu hori jomuga hartuta ari da lanean 1998. urteaz geroztik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude