Alarma gorria

Alarma gorria –

Eskualdea alarma gorrian daukagu; aurretik egoera larria bazen ere oraingoan etorkizunean pentsatzeko gogoa kendu zaigu baita. Baina ez gaitezen larritu, batzuentzat lan egunetan alarma gorria da bakarrik, asteburuetan eta jai egunetan ondo merezitako neurri bako kontsumorako egunak jarraituko dira izaten. Merkatal zentrora joan ezean, pentsatuko dute, ez da beraien iraultza.

Alarma gorria

Eskualdea sutan dugu, onartu egin dugu kolokan dauden oraingo langileen egoera nolabait arinduko bada ere, galdutako lanpostuak ez direla inoiz berreskuratuko; amortizatuak izango dira, ze hitz lizuna hau. Baina ez gaitezen larritu, sutan dago bai, baina bakarrik zortzietatik ordu batera arte, bariku arratsaldeetan ez mesedez,

-Barkatu eragozpenak – esango luke aldez aurretik grabatutako ahots metalikoa- deitu berriro astelehen goizean eta atsegin handiz erantzungo diogu zure aldaketa grinari-

Arratsaldeetan libre izatea aspaldian klase ertainek galdu ezin daiteken irabazitako eskubidea da, eta hori kolokan jarri ezkero baliteke batzuen iraultza ez izatea.

Beste langile batzuen seme-alabak etorri dira ordena mantentzera. Grebaren emaitza zapuztea eskubidea omen da baita, eta eskubide horren defentsan jipoitu egin gaituzte. Beraien iraultza bazen edo ez ezbaian zebiltzanak ez bazekien ere poliziak jipoitzen du. Eta bai, hauek poliziak dira baita.

Jipoitu ostean, beraien hitzarmeneko hamarretakorako ordua baliatuta edo, ondoko taberna batean kafea hartzen sartu dira. Eta hor ikusi ditugunak harritu gara, baina ez gara harrotu. Baliteke beraien ondoan kafea hartzean gure iraultza ez zela hori pentsatzea.

Guzti hauen kontura, orain gutxi esan dit batek, azken hogei urteotan langile gatazkek gero eta intentsitate gutxiago dutela. Trenbideetako trafikoa moztea ez omen dela jadanik lehentasun, eta ordez kontsumoko gizartean atzean ez gelditzeak, edota gure txoko berdineko kidea izan daiteken poliziarekin betiko harremana ez apurtzeak garaitu dute lehentasunen arteko tokia.

Ezer pertsonalik ez balitz. Soilik negozioak, etxera eraman behar ez den lana besterik ez. Sakonean ezer aldatu ez dadin borroka antzua, eta igual ez, helburua hori izanda, gauzak horrela eginda baliteke nire iraultza ez izatea.

Alarma gorria

Oleta baserria, Laudio / oletabaserria7@gmail.com

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude