“Al-arma” iraunkorra
“Al-arma” iraunkorra –
Ez da gaurkoa. Alarma egoera iraunkorrean bizitzera ohitu gaituzte. Agamben-ek edo Bensaid-ek aspaldian deskribatzen zuten etenik gabeko salbuespen egoeran. Alarma meteorologikoekin hasi ziren. Oraintsu arte lasaitasunez edo atsekabe apur batez eta, beharrezkoa bazen, arretaz hartzen genituen egoera “normal” haiek –olatuak edo haizeteak, eurite eta beroaldiak–, “anormalizatu” egin dizkigute: “lau gradu zero azpitik Gasteizko urtarrilean, alerta gorria!” Eta arestian jakin edo axola gabe zihoazen alarma larriak –Kongoko Ebola edo Fukushimako isotopoak–, afalosteko kezkak dira mundu hiper-konektatu honetan.
Gaurkoa, alabaina, urrutiko eta gertuko izurritea da, benetako izurrite globala. Hainbat filmetan jada ikusita dugun pandemia global apokaliptikoa. Artean gidoia betetzen ari da eta susmoa dut denok nahi dugula filmaren amaiera ikustea, normalean katarsi kolektibo zoriontsuan amaitzen baitira film horiek guztiak, asko sufritu eta gero, noski. Esango baligute bihar bertan etxetik atera gintezkeela ziur nago frustrazio galanta sentituko genukeela, azkenean denok izan nahi baitugu film katastrofista bateko heroiak.
Alarma aldarrikapena hobe beharrez egin dute, noski, gure segurtasunaren eta osasunaren izenean. Bizitza sakratua eta, aldi berean, sakrifikagarria dela dio Agambenek –homo sacer–, baina erabaki bata ala bestea hartzea ez dago jada gure esku. Gubernamentalitatearen aldarean sakrifikatu dugu bizitza duina, bizirik irautearen truke. Estatuak gure bizitzaz erabakitzeko eskubidea kendu digu, gure osasunaren zaindari ez ezik, jabe ere bihurtu da. Ezin gara etxetik irten eta ezin dugu neurri hori demokratikoki eztabaidatu. Isunak jarriko dizkigute bizikletaz banaka errepidera jotzen badugu, langile asko eta asko lan baztergarrietara hurbiltzen diren bitartean, egunero legez, beteta doazen garraio publikoetan. Biopolitika deitzen dute baina bio-kaosetik gertuago dago egun hauetako kudeaketa. Ez dakigu teknikotzat jotzen diren erabaki horiek zein teknikaren arabera hartuak izan diren: epidemiologia, neumologia, politologia edo ekonomia. Eta, batez ere, zein den erabakian “logos” bakoitzak duen pisua. Ez dugu egoeraren oinarrian dagoen eztabaida filosofikorik burutu: Boris Johnsonek onetsi duen utilitarismoari –bere aberkide Benthamen “gehiengoaren zoriontasuna, ahulenen gutxiengoaren kaltetan”–, eutsi behar zaion edo ikuspegi deontologikoari: egin ezazu “zuzena” dena, ondorioei kasu egin gabe. Ondorioak luzaroan larriagoak badira ere: gure konfinamenduak kolesterol tasan izango duen eragina, adibidez. Legebiltzarrak itxita, botere betearazlea jaun eta jabe. Ez da nobedadea, aspaldiko joeraren berrespena, besterik ez.
Bizitza sakratua eta, aldi berean, sakrifikagarria dela dio Agambenek –homo sacer–, baina erabaki bata ala bestea hartzea ez dago jada gure esku. Gubernamentalitatearen aldarean sakrifikatu dugu bizitza duina, bizirik irautearen truke.
Izan ere, gure sistema politikoen sakoneko egia, miseria, biluzteko balio izaten dute horrelako krisi larriek.
Arlo sozioekonomikoan, esaterako, desberdinak direnen egiturazko desberdintasuna gordin-gordin ageri da: klase politiko guztiaren diagnostiko pribilegiatutik hasi eta 60 metro karratuko butano-bonbona duen etxebizitza konfinatuetara. Zein den osasunaren truke zaindu behar den logika –merkatuarena–? Zein da lanaren banaketa tradizionala pitzatzen denean, gainkarga hartu behar duena? Noren esku geratzen da zaintza, isolamendura kondenatzen gaituzten honetan, eta zein da herritar sakrifikagarria, nekropolitikaren erreinuan? Argi dago birusa bera dela honen kudeaketa baino askoz ere demokratikoagoa.
Biluzte horretaz harago, krisi honek ekarriko duen berrikuntza tele-lanarena izango da ziurrenik. Errendimenduaren gizarteak behar duen ekoizpen modu berria, auto-esplotazioaren hurrengo jauzi kualitatiboa: edonon eskuragarria, edonoiz ekoizle, edozeinen esanetara. Gure pribatutasuna pribatizatzeko bide are eraginkorragoa. Egun hauetan ezin garenez etxetik irten aisialdi bila, zenbait lanetan produktibitatea biderkatu egingo da. Gurean jada somatzen ari naiz asperdurak sortzen duen “mezurragia” hau. Egunerokotasunaren monoa izango da akaso. Ehunetik ia zerora egokitzeko zailtasunak. Kontsolamendu bakarra arlo honi dagokionean: zaintza-lanetarako sare komunitarioen antolaketa, langile batzuen erabakimena beharra uzteko unean eta, agian, arlo guztietan desazkundera jotzeko aukera.
Geopolitikari dagokionean, berriz, krisiaren kudeaketak erakutsi digu jada Ozeano Barean dagoela etorkizuna. Txinak zirt-zart bideratu du gaia, kosteak onartuz eta urbi et orbi onartaraziz. Hego-Koreak protokolo eraginkorrak ezarri ditu hasiera-hasieratik eta herri-depresioan murgilduta dagoen Japoniak ere ez du pairatu orain arte halako kalterik. Eta arrazoi bakarra ez da elkar ez ukitzeko ohitura. Italian bizi duten egoera ere asko ukitzearen tradizioak azaltzen ez duen moduan. Estatu-babesik ez zegoelako sortu zen mafia Italian eta Berlusconik ongi asko eman zion errematea ongizate estatuari. Azpiegituretan igarri da hori, erortzen zaizkien zubietan eta baliabiderik gabeko ospitaletan. Eta, Europa, ai Europa, zerbait izan bazen, ezer ez dela erakusten ari da, merkatu ahul eta moneta mitifikatuaz haratago. Pertsonen trafikoa kontrolatzeko duen gaitasuna –milaka lagun mediterraneoan itotzera kondenatuz–, ez da ageri birusaren aurreko erantzunean. Ahots bateraturik ez, koordinaziorik ez. Birusa oso txikia baita, edozein gizaseme afrikarra baino dezente txikiagoa.
Eta, Europa, ai Europa, zerbait izan bazen, ezer ez dela erakusten ari da, merkatu ahul eta moneta mitifikatuaz haratago.
Eta biluzte honetan txapelduna, Espainia. Alarma egoera deklaratu du, salbuespen egoera material iraunkorra formalizatuz. Noiz hasi zen salbuespen hori? 1939an agian, 1978an berretsi eta 155. artikuluak finkatu. Hitzaren etimologiak ere laguntzen du, alarma, “al arma”. Egoera kritikoan, salbuespenean ezagutzen baita nor den subiranoa, Carl Schmitt-ek ongi azaldu bezala. Eta subiranoaren azken hitza, arma da, indar armatua. Atzo Espainiako Gobernuak egindako agerraldi militarizatuan nabari zen hori. Arendt-ek esango zukeen bezala, haien erabakiak ez baitira boterean oinarritzen –askoren erabakia, elkarrekin hartuta–, indarkerian baizik, batek edo gutxi batzuk, askoren borondatea aintzat hartu gabe, erabakitakoan.
Estres sistemiko larria bizi dugu, oso larria, eta kultura politiko autoritarioa nagusi denean, tentuz hartu behar dira horrelako botere kontzentrazioak. Lehengoratzea ez baita inoiz itzultze hutsa.
Estatu autonomikoa ezaugarri epidermikoa dela argi geratu da krisi honetan, Kataluniakoan bezala. Ez da elkarrizketa edo buruz-buruko harremana hobetsi, ez da hasieran eraginkorra zirudien elkarlana lehenetsi. Logikoa litzateke Estatuko gobernuak koordinazio lanak erraztea, ez bailitzateke zentzuduna izango Castron tabernak zabalik egotea eta ez Muskizen. Gurean hauteskundeak bertan behera geratzea eta Urruñan egitea zoramena den bezala. Berriro, Ai Europa! ai Euskal Herria! Estres sistemiko larria bizi dugu, oso larria, eta kultura politiko autoritarioa nagusi denean, tentuz hartu behar dira horrelako botere kontzentrazioak. Lehengoratzea ez baita inoiz itzultze hutsa. PSOEk eta Podemosek kudeatu beharko dute krisi hau baina orain arte egin bezala merkatuaren esanetara eta zentralizazioa areagotuz egingo badute, jakin dezatela soluzio bide horien markoan beraiek beti izango direla inoren “kopia” eta orijinalaren alde egiten duela beti jendeak, mandoek agindutako “mando único”-aren alde, alegia. Ia birusa ez ote den azkenean gobernu honen akabera izango. Eta, izatekotan, izan dadila hori ondoriorik larriena.
Azkenik, agintearen jitea ezagutzeko balio duen moduan, krisiak subalternitatea azalarazteko ere balio du, noski: euskaraz, zakurrari eta umeei, “las alarmas, también aquí, se gestionan en cristiano”.
“Al-arma” iraunkorra “Al-arma” iraunkorra “Al-arma” iraunkorra
Espainiaz, autonomiaren epidermikotasunaz, eta botere autonomikoak estatal bezala euskara baztertzeaz diozunarekin ados, guztiz ados, baina horren aurrekoarekin ez. Batez ere, honako hau: “Atzo Espainiako Gobernuak egindako agerraldi militarizatuan nabari zen hori. Arendt-ek esango zukeen bezala, haien erabakiak ez baitira boterean oinarritzen –askoren erabakia, elkarrekin hartuta–, indarkerian baizik, batek edo gutxi batzuk, askoren borondatea aintzat hartu gabe, erabakitakoan.” ez al da Txinako erregimenari berdin-berdin edo berdintsu aplikatzekoa?
…estatalak bezala
Europa lotsagarri uzteko Txinako erregimena goreste hori…
Noski, halaxe da. Baina Txina ez da estatu deszentralizatua. Espainiako estatuak alarma deklaratzea logikoa eta, ziurrenik, komenigarria zen, baina estatuaren izaera kontuan hartuta, horrelako neurriek berez duten legitimitate defizita –helburuak bidezkotua, bidezkotzekotan–, areagotu egiten da. Deklarazio hori beste modu batean burutu behar zen, antza Pablo Iglesiasek berak defendatzen zuen ildotik… Modu “konfederalagoan”. alegia.
Ados
Barkatuko didazu atrebentzia, Mario, baina euskaldunon “subalternitatea” erakusteko modu bat ere bada, ematen (ez) zaigun arretari azken bi lerroak eskaintzea.
Edonola ere, gure subalternitate delako hori, egunero-egunero ereiten dute ez unionistek soilik, baizik eta abertzale askok ere bai, batzuek beste batzuek baino gehiago, eta denen buru EiTBren ardura duten EAJtarrek. Une hauetantxe, ETB2n (la vasca española, Erriberakoen hiztegian) “vascos por el mundo” ari dira ematen. ETB1en ostera, 2003an grabatutako harrijasotze saio bat…
Eta barka berriro ere, Mario, baina ezin dut isilik geratu.
Sareetan oso nagusiki euskaraz jarduten duenak, ez du euskaldunon subalternitatea sustatzen?
Ez gaitu haur txikien eta txakurren multzora zokoratzen?