Aizkorakada udaren atarian
Aizkorakada udaren atarian –
Malen Aldalurrek Klitto! agerkari feministan.
Sanferminetan emakume bat bortxatu zuten bost gizonak aske utziko ditu Nafarroako Auzitegiak. Libre utziko ditu 6.000 euroko fidantza ordaindu ondoren. Libre erabakia hartzen duten arte. Libre. Eta horrela, beste behin eta oraingoan gainera udarako jaien atarian, berriro ere, aizkorakada. Libre utzi dituzte.
Barre egin ditugute aurpegira, beste behin. Denok iraindu eta jazarri gaituzte, beste behin. Bost lagunek emakume bat bortxatu zuten Sanferminetan eta aurten berriro aske egongo dira Iruñea zuri gorriz jansten denerako. Nafarroako hiriburuan aurkitu ahal izango ditugu zuk eta nik. Komuneko ilaran, pixa egitera urruntzean, kotxera bidean, ligatzen dugunean… Aurkitu ahal izango ditugu.
Kaleak bete genituen, amorruz erraietatik garrasi egin genuen, inoiz ez moduan bete genituen hiri eta herrietako plazak. Amonak, amak eta bilobak elkartu ginen. Protesta egin genuen bortxatu, umiliatu, jazarri, eta zapaldu zutelako. Protesta egin genuen bederatzi urteko kartzela zigorra soilik jarri zietelako. Eta orain, orain aske utzi dituzte erabakia hartu bitartean. Aske, libre, emakume bat bortxatu zuten bost gizonak.
Jaiak errealitatearen adierazpenak dira. Jaiek zapalkuntzak, diskriminazioak eta gatazkak birsortzen eta elikatzen dituzte. Behin eta berriz errepikatu dugu jaietan (eta handik kanpo) ez dugula beldurrik eduki nahi, plazerez josi nahi ditugula gauak, etxera bidean ez dugula ausartak izan nahi; baina gaur beste behin behartu nahi gaituzte beldurra izatera, etxera bakarrik ez joatera, plazera alboratzera.
Aizkorakada handia iritsi da jaien atarian, baina oraingoan ere ez gaude mutu, ez gaude geldirik. Aizkorak eta hortzak zorrotz ditugu!